
2008-08-14 | 23:14:40
SU ARTIFIZIALAK
Hotz, Polonian bezala
Ikusleak guztiz asebete ez baditu ere, ona izan da Poloniako piroteknia etxearen su bilduma.
Polonia herrialde hotza da eta badirudi su artifizialak egiteko halako kutsu mediterraneoa izatea derrigorrezkoa dela Europan. Lehenengo aldia zen Donostiako lehiaketara Poloniako piroteknia etxe bat etortzen zena eta nabaritu zen ekitaldian. Hala ere, nahiz eta poloniarrak bezain onak izan, oso dotoreak izan ziren. Agian, ikusi ditugun beheko su ederrenak izan ziren atzo gauekoak.
Suzko iturriak ederki dominatzen dituztela erakutsi zuten eta agerian gelditu zen teknologia berriak, enpresa berria izan arren, goitik behera menperatzen dituztela, batez ere suen norabide aldaketetan eta sigi-sagetan.
Kolorearen erabilera oso duina izan zen, baina nabaritu zen gorria eta zuria direla Poloniako koloreak. Hala ere, serie ederrak ikusi genituen, urre eta urdin kolorez hornituta. Berritasun gisa, berde horiska kolorea erabili zuten ikuskizunaren une batean, eta nabarmentzekoa da era berean ohikoak diren palmeren seriean beheko suekin palmera txikiak osatu zituztela, handiekin batera.Ezin aipatu gabe utzi beheko suetan, jaurti ondoren, bi aldiz eta hiru aldiz lehertzen ziren suziriak.
Agian su hotzak izan ziren, zarata gehiegirik ez zutelako atera, eta hori nabarmen gelditu zen azken trakan. Badirudi ez zutela Ibaeriar penintsulako ohitura kontuan hartu eta oso traka laburra egin zuten.
Eguraldiak ez zion batere lagundu poloniarren ikuskizunari; ikusle asko uxatu zituen eta gelditu zirenak bukaeran nahiko hotz geratu ziren traka ikustean. Hotz, Polonian bezala.
Hala ere, kalitatea kontuan hartzen badu epaimahaiak maskorren bat jasotzeko aukera izan lezake piroteknia etxe ho nek.
Enpresa berria baina arrakastatsua
Nakaja Art piroteknia etxeak 1995. urtean jaio bazen ere, badaki lehiaketa garrantzitsuetan irabaztea zer den. Bilbon 2006. urtean irabazi zuen lehiaketa eta 2005ean Ustkako Jaialdi Baltikoan. Poloniako hainbat ekitaldi garrantzitsuetan ere bota ditu su kolekzioak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.