
2008-11-17 | 16:50:42
ARRAUNA
Ur Kirolak, Donostiarraren proiektuarekin aurrera jarraitzeko prest
Ur Kirolakek batzarra egin zuen atzo, eta Kaiarriba klubean jarraitzeko prest agertu da bazkideen %94. Udalak datorren denboraldiari begira klubaren funtzionamendurako proposatutako neurriak ez dituzte gaizki hartu, eta baldintza bakarra jarri dute aurrera egiteko: "Traineruaren proiektuaren bidez harrobiko lana bultzatzea, harrobi gisa ulertuz haur adinetik aurrerako arraunlari guztiak, gizonezko nahiz emakumezko"
Hona hemen Ur Kirolakek kaleratutako oharra
2008ko azaroaren 16an, SDN Ur Kirolak klubak egindako ezohiko batzarrean, traineru donostiarraren proiektuari jarraipena ematearen aldeko erabakia hartu dute bertaratutako bazkideek.... jakina zen moduan. Proiektua sortu zenetik, haren aldeko apustua egin izan du beti Ur Kirolakek. Horren froga da proiektuaren aldeko botoa ia aho batez eman zela 2006ko apirileko batzarrean. Eta horixe bera frogatu da azken batzar honetan, proiektuan lan egiten jarraitzearen alde agertu baita jasotako botoen % 94a.
Ur Kirolaken, traineru donostiarraren proiektua gure hiriko arrauna indartzeko aukera paregabea dela uste izan dugu beti. Kirol-helburu handiak eskuratzeko lehian arituko litzatekeen trainerua oso onuragarria izan liteke Donostiako arraunarentzat. Batetik, kirol-erreferentea izan liteke, Donostiako gazteak kirol-modalitate eder honetara erakarri ahal izateko. Bestalde, babesleek emandako diru-iturri sendoa erakar lezake lehen mailako traineru batek, oinarriko klubek gazteekin egin beharreko formazio-lanak errazteko; eta gazte horietako batzuk bere ametsa gauzatu ahal izango lukete, lehen mailako tripulazioan arraun eginez.
Baikorrak ginen, klubek partekatzen duten filosofia, hau da, Donostian arrauna eta harrobiko lana sustatzea, biltzen zuen proiektua genuenez eskuartean. Traineru bateratuaren eta harrobiko lan horren oinarriak ezartzen zituen dokumentua Ur Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak klubek sinatutako akordioan eratu zen, Donostiako Udalaren oniritziarekin betiere. Hasiera egokia.
Bagenekien, hala ere, bidea ez zela erraza izango eta, proiektua ondo zehaztua izan arren, eguneroko lanaren eta zailtasunen ondorioz aldaketak egin beharko zirela akordio horretan, bere filosofia hobeto betetzeko.
Gure klubetik apustu sendoa egin dugu proiektuaren alde. Ur Kirolakek bere instalazioak eskaini ditu, traineru donostiarreko arraunlariek baldintza egokienekin entrenatzeko aukera izan zezaten, traineru berria erosi du, haiei utzi eta kalitateko materiala izan zezaten, bere furgonetak eta atoiak eskaini ditu, Donostiarra estropadetara eta entrenamenduetara joan zedin, bere boluntarioek gidatu dituzte furgoneta horiek denboraldian zehar, eta delegatu lanak egin dituzte estropadetan. Esan bezala, apustu sendoa egin dugu Donostiarraren alde.
Hainbat hedabidetan argitaratutako iritzien aurrean, Ur Kirolakeko Batzar honek bere elkartasuna publikoki adierazi nahi dio Iņaki Arana lehendakariari. Argitu nahi dugu gaur egun oraindik ez dugula berririk, Udalak “hiritar donostiarrei irekia” planteatzen duen klub horren osaera, helburu eta funtzionamenduari buruz.
Bestalde, adierazi nahi dugu prest gaudela elkarlanerako, ezagutzen ez ditugun puntu horiek denak argitzeko eta proiektua, behar izanez gero, berriro definitzeko; baldintza bakar batekin: traineruaren proiektuaren bidez harrobiko lana bultzatzea, harrobi gisa ulertuz haur adinetik aurrerako arraunlari guztiak, gizonezko nahiz emakumezko.
Amaitzeko, uste dugu inplikatutako agenteen artean zuzenean konpondu beharrekoak direla arazo eta gaizki ulertu guztiak. Ez dugu auzi hauek hedabideetan eztabaidatzeko asmorik, ez baita hori irtenbideak bilatzeko biderik egokiena.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.