Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko maiatzak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Elkarrizketa Digitalak

Beņat Gaztelumendi

Beņat Gaztelumendi

Bertsolaria

2007-12-12 - 12:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalera iritsi den bertsolari donostiarrarekin elkarrizketa digitala. Gaur, 12:00etatik aurrera, zuzenean.

Erantzundako galderak:

1

G. Nola enteratu zinen finalerako sailkatuta zeundela? Zer sentitu zenuen? Isi

E. Egunon Isi! Ba enteratu nintzenean Bilbon nengoen, Santutxuko bertso-eskolako bazkaria geneukan eta. Eta halaxe enteratu nintzen: taberna batean nengoela azkeneko saiora joandako lagun batek deitu zidan esateko barruan nengoela. Eta hortik aurrera aterrizatu ezinik ibili naiz.

2

G. Donostiarra eta bertsolaria izatea, bazirudien debekatuta zegoen gauza bat zela Bilintxen garaietatik. Arraro begiratzen al zaituzte plazetan eta txapelketan donostiarra izateagatik? Carril

E. Ez, egia esanda jendeak horri ez dio asko begiratzen, beste bat gehiago naiz. Gainera, ez dakit hain arraroa naizen ere, Donostian bertsolari gutxi atera arren beti egon delako bertsotarako giroa, eta goizago edo beranduago atera behar zuen bertsolariren batek.

3

G. Aupa Beņat! Zenbat urte dituzu? Nire kuadrilakoek diote gazteegia zarela. Guk hogei urte ditugu. Neskalagunik ba al duzu? aioooooooo Maite

E. Egunon Maite. Nik ume aurpegi handi xamarra daukat baina hogei urte dauzkat. Baina nahiago dut bizitza pribatuaz hitzik ez egitea, badirelako gauza batzuk ingurukoentzat bakarrik gorde behar direnak.

4

G. aupa Beņat!! Biok, kilotan ezik, oso antzekoak gaituk!! hi, ni bezela, lehen "kapitaleko" bertsolaria haiz! Lehen "Donostiarra". nik txapela jantzi nuen. zuk horretarako asmorik? zein helburu dek? eta finalan ondoren zer? hire eskuan balego datorren urteko Trinitateko saioaren antolaketa, zein ekipo nahiko huke hire onduan? Txirrita

E. Joe, galdera asko egin dizkidazu! Ez, nik ez daukat txapelerako asmorik. Egia da ilusio handia egingo lidakeela, baina hogei urte bakarrik dauzkat eta uste dut lortu dudanarekin nahikoa dela. Saio polit bat egitea gustatuko litzaidake, eta jendea nire bertso batzurekin geratzea. Eta finalaren ondoren ahalik eta saio gehien egitea gustatuko litzaidake. Orain arte gaztetxeetan eta antzeko tokietan kantatzen ohituta gaude, eta bestelako saio batzuk ere egin nahiko nituzke: entzule gehiago dauzkaten jaialdiak eta halakoak. Eta, noski, gazteen saioetan ere jarraitu nahi dut, azkenean hori delako erosoen sentitzen naizen tokia. Gauza berriak probatu nahi ditut, eta lehengoarekin segi. Eta Trinitate plazan nire ondoan egongo den ekipoari dagokionez, niri berdin zait: niri bertsotan aritzea gustatzen zait, eta edozeinekin aritzeko prest nago.

5

G. Zorionak Beņat! Oholtza gainean zaudenean, nerbio punttu bat izatea beharrezkoa dela uste al duzu? Zorte on! Bertsotranpazale

E. Bai. Askotan urduritasuna gauza txarra bezala hartzen da, baina bertsotan ari garela komeni da tentsio puntu batekin aritzea, momentu horretan ematen baitugu barruan daukaguna. Baina, tentsioa handiegia denean ezer ez da behar bezala ateratzen. Beraz, tentsioa ere tamainan eduki behar da, ez gehiegi eta ezta gutxiegi ere.

6

G. Finalerako txartela lortu duzu, Beņat. Zorionak. Espero al zenuen finaleraino iristea?

E. Eskerrik asko zoriontzeagatik. Ba ez, egia esanda txapelketa honetan nire helburu nagusia lehenengo fasea pasatzea zen, eta hortik aurrerako guztia opari bat bezalakoa izan da. Txapelketan parte hartu duten gehienak ni baino eskarmentu handiagoko bertsolariak dira, txapelketan aurrera iritsitakoak ere bai asko. Eta nik beraien aldamenean nahiko txiki ikusten nuen nire burua. Beraz, ezusteko handia izan da eta oso gustura nago.

7

G. Bertsolaria eta dantzaria izanda, gustuko duzun zein dantzari egingo zenioke bertsoa? Eta biak batera egiteko gai, hau da, abestu dantzatzen duzun einean? Ja, ja!!! Zorionak Beņat!! Oier

E. Puff, galdera zaila da hori, Oier. Dantza guztiek merezi dute bertsoa, baina momentu honetan ezingo nuke bat aukeratu. Denek daukate historia eta esanahi bat, baina bertso bat idazteko asko pentsatu beharko nuke. Eta biak batera egitea zaila da, pentsatu banaka egiteko ere lanak izaten ditudala. Berehala hasiko nintzateke arnasestuka!

8

G. azken aldian esan ohi da bertsolaritza 'urbanizatu' egin dela, zuen kutsu herrikoia atzean utzi eta kultur adierazpide moderno gisa ulertzen dela, horren froga direlarik BEC edota Illunbeko 'plazak'. zertan aldatu da (aldatu bada) bertsolaritza egoera honetara iristeko? edo zertan aldatuko da edo aldatu beharko litzateke? ander

E. Kaixo Ander. Urte asko dira bertsolaritza menditik kalera jaitsi zela; baserritarrak ez ziren bertsolariak sortzen hasi zirela. Baina ez dakit zenbateraino aldatu den bertsogintza: egia da gaietan asko aurreratu dela, gizartearekin batera garatu dela... Baina Txirritaren zenbait bertsoren sakontasuna gutxik harrapatzen dute gaur egun. Iruditzen zait garai bateko bertsolarien irudi okerra daukagula, baina oraingook asko zor diegu haiei.

9

G. Antiguon ikusi izan zaitut txikitatik bertsotan eta lasterketa bizian onenen pare zaude. Adituek zure sailkapenarekin harrituta daude, nonbait. Zu ere horrela al zaude eta bestalde hemendik urte batzutara non ikusten duzu zure burua bertsolaritzan. A! ta Antiguan ezin al liteke bertso eskolik antolatu? mattin

E. Aupa Mattin. Ba Antiguan bertso-eskola antolatzea denbora kontua dela uste dut, afizioa badagoelako, eta Aņorgan egin badugu zuek ere bai. Bai, harritua nago nire sailkapenarekin, nik zail ikusten nuen lehenengo fasea pasatzea eta pentsa! Baina honekin ez dut itsutu behar: orain hilabetez saio gehiago izango ditudala pentsatzen dut, baina hortik aurrera berriro dena normaltasunera igaroko da. Ez dakit hemendik urte batzuetara zer egingo dudan: orain oraingoarekin gozatu nahi dut eta ondoren berriro bertso-eskolan lanean jarraitu beharko dut.

10

G. Zer nolako etorkizuna dauka bertsolaritzak gaur egun? garai baten herrian zituen sustraiak galtzen ari dela iruitzen al zaizu? Paul

E. Niri iruditzen zait herrian sustrai sendoak dauzkala gaur egun, bertso eskolen sare zabala baitago Euskal Herrian, eta hedabideek ere harreta handia eskaintzen baitiote. Etorkizun ona ikusten diot: geroz eta bertsolari gehiago gaude eta bertso eskoletan ere ume askok ematen dute izena. Ea ume horiek gero bertsolari edo bertsozale izaten diren.

11

G. Finalerdietan bluetooth sistema jarri omen dute informazioa jendeari eskaintzeko, ikusiko al dugu inoiz bertso txapelketarik non ikusleek egingo duten epaile lana eta segapoto bidez bozkatu azkenaldian telebistan modan jartzen ari den legez? eneko

E. Ni teknologia berriekin ez naiz askorik fidatzen, Eneko. Telefono bidez publikoak botoa emanez gero arriskua dago bakoitzak gustukuen duen bertsolariari botoa ematea, ez ondoen aritu denari. Gaur egun dauden epaileek hilabeteetako lana egin dute txapelketaren aurretik epai-irizpideak finkatzen, eta uste dut aurrerantzean ere hala segiko duela kontuak: epaileak aurretik zehaztuta egongo dira. Beraien subjektibotasunean eurak dira objektibotasunik handiena daukatenak.

12

G. Aupa Beņat! Aupa txapeldun! Urduri al zaude igandeko saiorako? Asko entrenatzen ari al zara? Aio eta zorte on! Marijo

E. Eskerrik asko, Marijo. Ez, oraindik ez naiz urduri jarri; orain hala banengo pentsa nola egongo nintzatekeen iganderako! Aste honetan hiru entrenamendu egiteko asmoa daukat. Finala gertuegi dago hobetzeko eta behintzat segurtasuna lortu nahiko nuke, igandean ahalik eta lasaien aritzeko.

13

G. Aupa Beņat, egokia iruditzen al zaizu Illunbeko zezen plaza bertsotan aritzeko? Zorte on. Ainara

E. Eskerrik asko, Ainara. Bai, toki polita da. Atzo egon ginen eta, agian, oihartzunarekin arazo batzuk egon litezke, baina seguru soinu-teknikariek dena konponduko dutela. Bestela oso leku ona da, bildua delako eta giroa berotuz gero sekulakoa izango delako. Gainera, etxetik gertu daukat.

14

G. Enteratu naiz postrerik gustukoena izozkia plantxan duzula... Antonio

E. Jeje, komentario ona, Antonio. Ez, nik izozkia baino gusturago hartu nuen haragia.

15

G. Anaia eta biok ibiltzen zarete askotan elkarrekin bertsotan. Horrek baldintzatzen al zaitu edo motibatzen? Nago

E. Niretzat laguntza handia da anaiarekin aritzea. Normalean afari eta bazkarietan aritzen gara, bi ordu inguruko saioetan, eta horrelakoetan oso lagungarria da laguna ezaguna izatea, inguruari zer kantatu ez dakigunean elkarri adarra jotzeko aukera baitaukagu. Hala ere, polita da tarteka beste bertsolari batzuekin aritzea ere, beti berdinak arituta zaila baita bertsotan aldatzeko modua garatzea.

16

G. Txapela irabaziko bazenu, nori zuzenduko zenioke bertsoa? MVP

E. Nire burua ez dut txapela lortzeko hautagai moduan ikusten, eta oraindik ez dut pentsatu nori eskainiko niokeen. Seguru asko nirekin bertso eskolan ibili direnei eskerrak emango nizkieke eta baita kuadrilakoei ere. Eta azken asteotan atxilotutakoekin ere gogoratuko nintzateke.

17

G. Donostian jokatuko da finala, baina hemen bertsozaletasunik dagoela uste al duzu? Antton

E. Bai, Donostia, topikoak topiko, nahiko herri bertsozalea da. Kontua da auzoka sortzen dela giro hori: auzo bakoitzeko bertsozaleak, normalean, bere auzoko saioetara bakarrik joaten dira. Nik uste dut lan egin behar dela beste auzoetako saioetara joateko ohitura sortzeko, eta horretarako komenigarria litzateke hirian bertso eskolak sortu eta guztiek elkarrekin lan egitea.

18

G. Kirolariek pasta edo zerbait arina jaten dute txapelketa baten atarian. Zuri ere horrelako zerbait prestatuko al dizute igandean etxean digestioa ondo egiteko? Edurne

E. Kaixo, Edurne. Normalean beti esan izan didate kantatu aurretik gutxi jatea komeni dela ahotsa ondo ateratzeko. Baina nire kasuan saio egunetan normal-normal jaten dut. Kontutan izan behar da hiru ordutik gora egon beharko dugula igandean oholtza gainean, tentsio betean... eta horrek asko nekatzen du. Beraz, badaezpada ere, ondo janda joango naiz, nerbioek uzten badidate behintzat.

19

G. Maniaren bat daukazu bertso saioetan? Ura maiz edan, erre, zerbait jan... Hasier

E. Kaixo Hasier. Bertsolari guztiok dauzkagu gure maniak, eta nik ere bai. Ez dut erretzen eta saioan zehar ez dut jaten, baina ur dezente edaten dut, bai. Saioan zehar bi botilatxo jartzen dizkigute gure aulkian, eta nik biak bukatzen ditut. Gainera, kantatu aurretik kamiseta ondo jartzeko ohitura daukat. Kontzentratzeko komenigarria da, niretzat, dena ordenatua edukitzea, eta kamiseta ere hala eduki nahi izaten dut.

20

G. Bertsolaritza alde batera utzita, zer beste zaletasun dituzu. Futbola? Anoetara joaten zara? Zer iruditzen Realaren egoera? Rafa

E. Eguerdion, Rafa. Zaletasun dezente ditut: bizikletan ibiltzea, kuadrilarekin ateratzea, dantza egitea... Futbola ere gustatzen zait, jokatzeko ikusteko baino gehiago. Oso traketsa naiz, ordea. Eta Realeko bazkide naiz orain dela bost urtetatik edo, baina aurten oraindik ez naiz Anoetara joan, txapelketaren kontu honekin denboraz oso gaizki ibili naizelako. Urtarriletik aurrera ahal dudan guztietan joaten saiatuko naiz. Eta Realaren egoerari buruz, zer esango dizut ba! Gauza asko entzuten dira, eta askota gezurrak ere bai. Nik taldea ez dut hain gaizki ikusten, jokalari gazteekin ari da eta ez dago igoera postuetatik hain urrun. Nik uste dut orain daudenei aukera emanez gero urte askotarako taldea osatuko dugula. Baina pazientzia behar da horretarako: pazientzia eta umiltasuna. Eta beldur naiz ez ote diegun gehiegi eskatzen askotan.

Egindako elkarrizketak

Beņat Gaztelumendi

Beņat Gaztelumendi
Bertsolaria

2007-12-12

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa