Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

;2005-04-15;IRITZIA. Loretopetik » juan kruz mendizabal (apaiza). Sinesten dut

loretopetik » juan kruz mendizabal (apaiza)

Sinesten dut

Sinesten dut jainko bat bakarra dela. Gu sortu gintuela eta guztiontzat aita-ama on eta errukiorra dela. Sinesten dut Nazareteko Jesus gizaki guztion senide egin zela, gure artean jarri zuela bizilekua, Berri On baten iragarle izan zela eta, 2000 urte ondoren, gurutze batean erail arren, gure artean bizirik dirauela. Sinesten dut gizon eta emakume guztien bihotzetan Jesusen Espiritua bizi dela.

Fedez, konfiantzaz, kostata sinesten dut... Baina, orain bi aste hil zaigun Juan Paulo II.a Aita Santuagan ez dut sinesten. Sinestu, doan eta neure askatasunaren borondatez, sinesten dudan Jainkoa eta Aita Santua gizaki bera ez direlako. Noski, gizaki guztiok Jainkoaren bitartekoak gara! Karol Wojtyla zena barne. Baina Jainkoaren eta gizakion arteko bitarteko nagusia, batzuentzat bakarra, Kristo da. Zuhurrago izanda, behartsuak lirateke Jainkoaren irudi bizia.

Baina egun hauetan ikusi eta entzun duguna non nahi hauxe zirudien: Jainkoa hil zaigu, ez dago etorkizunik, umezurtz geratu gara. Hain gutxi gustatzen zaizkidan halako tituluak pertsona bakarrean jarriak ez dira egokiak inolaz: Kristoren bikarioa, Elizako printzea, Aita Santua... Zerbitzari bati ez dagozkion izenak dira. Gehiegi, ardura gehiegi, botere gehiegi, nekaldi gehiegi, jainkotasun gehiegi, Jaungoikoagan sinesten dugunontzat.

Azpimarratu diren baloreak egi dira Juan Paulo II.ean: jainko gizona, gizakiaren laguna, ekumenismoaren suspertzaile amorratua, gazteekin hurbila, bizitzaren defendatzaile sutsua, askea, mundura irekia, bidaiari nekaezina, bakearen artisaua, komunikazio gizona, fedearen testigua,... Bukatzen ez diren panegirikoak egingo genituzke.

Baina bizitzak eta Elizak jarraitzen du eta badago zeregina etxetik hasita: Erromako Kuriaren erreforma, emakumearen eskubide osoko parte hartzea ziurtatu Elizako erabaki eta lanetan, moralaren dotrina eguneratu, apaiz ezkonduei atea ireki, erlijioen arteko elkarrizketa jorratu eta estatu boteretsuekin sukaldeko konponketarik ez egin. Azken finean, Jesusek amestutako elkartearekin bat egiteko aurrera egin nahi badugu, zintzo, leial eta gaurkotasunez erantzun beharko diegu Ebanjelioari eta gure arteko gizon emakumeei. Hala bedi.




© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

Lege Informazioa