
Beren ibilbideetan euskara ardatz izan duten eta euskalgintza bultzatu duten pertsonak eta taldeak ezagutzera ematen ditu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatzen duen Bidegileak bildumak. Atzo Lourdes Iriondo eta Imanol kantari donostiarrei buruzko liburuxkak aurkeztu zituzten. Horiekin batera, Julen Lekuona idazlearen, Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen, Pedro de Yrizar ekonomilariaren, Manex Goihenetxe historialariaren, Jose Mari Larrarte filosofoaren eta Jose Basterretxea ikertzailearen biografiak kaleratu dituzte. Ez dok amairu-ren sortzaile
Oholtza gainean eskainitako lehen kontzertua 1964an eman zuen Andoainen, herriko ikastola berriak diru premia zuela eta. Arrakasta handia izan zuen eta jarraian hainbat kontzertu eskaini zituen. Hasieran hitzak eta musika berak konposatzen zituen, baina geroago lan hori Xabier Lete senarra egiten hasi zen. Parisen erbestea
1973tik 1976ra Parisen bizi izan zen eta musika egiteko molde berriak ikasi zituen. Euskal Herrira itzuli, eta hogei disko inguru kaleratu zituen hurrengo urteetan, arrakasta handikoak. Bereak dira, besteak beste, Sentimentuen Hauspoz, Erromantzeak eta Joan-etorrian diskoak. Gehienetan olerkiak musikatu zituen.
Joxemari Iriondok idatzi du 2005ean zendu zen Lourdes Iriondoren biografia. Jaiotzez donostiarra izan arren, betidanik urnietarra sentitu zen. 1937an aita gerrara joan zenean, Etxague Jeneralaren kaletik Moraza kalera aldatu zen ama eta bertan jaio zen Iriondo. Lau urte zituela, familia Urnietara bizitzera joan zen eta bere bizitzaren urte gehienak bertan pasatu zituen.
Misiolari izateko formakuntza jasotzen hasi zen, baina gaixotasun larri batek galarazi zion. Musikarenganako eta kantuarenganako zaletasuna etxetik zetorkion gaztetxotatik.
Ez dok amairu-ren sortzaile eta partaideetako bat izan zen. 1966an plazaratu zen taldea eta Lourdes idazkari izan zen. 1972an taldea desegin zen arte lanean aritu zen, eta ondoren, Xabier Leterekin batera Zazpiribai ikuskizuna prestatu zuen. Franco hil eta gero, emanaldi ugari eskaini zituen Lete, Antton Valverde eta Peio eta Pantxoarekin. Osasun arazoengatik, jendearen aurreko saioak egiteari utzi zion 1978an.
Urnietako haurrekin antzerkia egin zuen azken urteetan. Donostiako erietxe batean hil zen 68 urte zituela.
Imanol Lartzabal kantariaren liburuxka, berriz, Felipe Juaristi idazle eta Imanolen lagunak idatzi du. Gaztaroko garaiak, momentu gorenak eta Euskal Herritik alde egin zuen garaia izan ditu gogoan.
Imanol Antiguan jaio zen 1947an. Delineante ikasketak egin zituen eta 1965ean, Argia dantza taldeko kide egin zen. Sortu zenetik, Ez dok amairu taldeko kide izan zen eta 1969an kaleratu zuen lehen diskoa, Michel Etxegaray ezizena erabiliz. Magnetofoi alemaniar batean grabatu zuen Antiguako parrokiako sotoan.
1986an Yoyes-en hilketaren ondoren, haren senideei elkartasuna adierazi eta kantatu egin zuen. Hortik aurrera, emanaldiak gutxitu zitzaizkion eta 2000an Euskal Herritik joatea erabaki zuen; Torreviejara (Herrialde Katalanak). 2004ko ekainean hil zen, Orihuelako erietxean.
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.