Astelehenetik aurrera hirira sartzeko zirkulazio aldaketak Loiolako Erriberan
Mugikortasuna
Uda bitartean Irundik datozen autoak Loiolako Erriberatik barrena sartuko dira Erdialdera iristeko.
xabIer etxabe
Astelehenetik aurrera, Loiolako Erriberan dagoen Erribera pasealekuan egingo dituzten lanen ondorioz, Irundik datozen autoak Loiolako Erriberatik barrena egin beharko dute hirira sartzeko. Hiritik Irunera joan behar dutenek, berriz, orain arte bezala Erribera pasealekutik barrena egin ahal izango dute. Lanak udaran bukatuko dituzte.
Etxebizitza berriak eraikitzeaz gain, errepideak egingo dituzte Loiolako Erriberan eta horrek egungo zirkulazioan hainbat aldaketa eragingo ditu. Datozen lauzpabost hilabeteetan Erribera pasealekua berrituko dute eta horrek Irundik datozen autoen ibilbidea aldatzera behartuko du. Pasealeku honetan etxebizitzetatik hurbilen dauden bi bide asfaltatu eta egokitu berri dituzte eta horietatik pasatuko dira hiritik Irunera doazen autoak.
Irundik datozen autoen ibilbide aldaketa
Irundik hirira sartu nahi duten autoek Loiolan dute sarbideetako bat. Orain arte, Erdialdera iristeko Erribera pasealekutik zuzenean irits zitekeen Bizkaia pasealekura. Astelehenetik aurrera, ordea, Erribera pasealekuan lanak egingo dituzte eta Irundik datozen autoak Loiola Erriberako auzoan barrena sartu beharko dira Erdialdera iristeko.
Hortaz, Irundik datozen autoek Loiolan sartzen direnean, Loiolako biribilgunera joan eta Bartzelona hiribidean murgildu beharko dute. Behin Bartzelonako hiribidea gurutzatuta, autoek Bizkaia pasealekura sartu edo zuzen jarraituta Isabel II.aren hiribidetik egin ahal izango dute aurrera.
Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, «Loiolako sarbide hau hiriak dituen sarbide guztietan garrantzitsuena da, egunean sarbide honetatik beste sarbideetatik baino auto gehiago igarotzen delako». Egunean hirira 120.000 auto inguru sartzen dira eta Loiolako sarbide honetatik «Amarako Carlos I.aren sarreratik baino auto gehiago» dabilela ziurtatu du Mugikortasun zinegotziak.
Autoen joan-etorriak inongo arazorik sor ez dezan, hainbat seinale jarriko ditu Udalak Amara inguruko kaleetan: Pio XII.aren plazan ¬Amara-, Ibaeta errepidean eta Antso Jakitunaren hiribidean¬; Carlos I.ean, Bizkaia pasealekuan eta Irun plazan.
Loiolara bidea Amaratik
Esan bezala, hiritik Irunera doazen autoek ez dute inongo arazorik izango, Erriberako pasealekutik joateko aukera izango dutelako.
Loiola edo Martutenera joan behar dutenentzat, berriz, Erribera pasealekutik joan beharrean, Amarako bidea hartzea gomendatzen du Udalak. Hau da, Amaratik Madril hiribidea hartu, Aita Donostiatik igaro eta Zorroaga pasealekura sartzea proposatzen dute.
Loiolako Erriberan lanek ez dute etenik eta Erriberako pasealekuko lanak udararako bukatzea aurreikusi badute ere, udaratik aurrera beste zirkulazio aldaketa batzuk izango direla aurreikusi du Ernesto Gascok.
Ospitalea eta A-8a lotzeko lanak abian
Mugikortasuna
2010 urteko udazkenerako prest egongo da bi kilometroko errepidea autoen joan-etorria hartzeko.
erredakzioA
Donostia Ospitalea, Martutene eta A-8 autobidea lotuta egongo dira 2010 urteko udazkenean. Lanak abian dira dagoeneko eta 32 hilabetean errepidea pronto egotea aurreikusi dute.
Errepidea 2,1 kilometro luze izango da. Lotura adarrek, berriz, 1,8 kilometro izango dituzte. Lanak burutzeko 50 milioiko aurrekontua kalkulatu du Foru Aldundiak.
Errepide berriak Urumea autobideko Martuteneko biribilgunean du hasiera eta handik Loiolarantz abiatuko da. Ondoren, tunel batetik Ilunbe aldera joko du errepideak. Tunela 350 metro luze izango da eta errepidearen gunerik korapilatsuena izanik, tunela egiten igaroko dute denbora gehien. Ilunbe ingurutik egingo dute A-8 errepidearekin lotura.
Bi zubi eta zarataren kontrako pantailak
Lanen beste ezaugarriei dagokienez, Martuteneko aldean bi zubi jarriko dituzte ¬395 eta 184 metrokoak¬. Errepideak sor ditzakeen kalteak gutxitzeko zarataren kontrako hainbat pantaila jarriko dituzte, horietako batzuk Anoetako gasolindegiaren inguruan, hain justu.
Herrera eta Intxaurrondoko lotuneak eraberritzen hasi dira
Martutenen ez ezik, Herreran eta Intxaurrondon ere lanak hasi dituzte. Herreratik Irunera A-8 autobidean sartzeko bidea eta Intxaurrondon Garberarekin lotura egiten duen adarra eraberrituko dituzte.
Lanek 5,6 milioiko aurrekontua dute eta urtebetean amaituta egon beharko dute.