Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko urriak 7, Asteartea

Harpidetu zaitez!

Barbara GoenagA: - Aktorea

«Ez dut nire burua aktore ez den beste zerbaitean ikusten»

Zinema

Espainiako Goya sarietarako izendatu dute, eta lau film ditu estreinatzeko; aurki Mexikon film bat errodatzen hasiko da aktore donostiarra.

nagore irastorzA



Madrilgo El Retiro parkean mokadutxo bat hartzen ari dela erantzun ditu galderak Barbara Goenaga (Donostia, 1983) aktoreak. Bost urte daramatza Madrilen bizitzen, eta gustura dago, lan dezente egiten ari delako eta kalean lasai ibil daitekeelako inork ezagutu gabe. Oviedo Express filmarengatik Goya sarietarako izendatu dute, eta bere lanaz zein izendapenaz hitz egiterakoan, ezkutatu ezineko poza nabari zaio.

Igandean banatuko dituzte Goya sariak. Espero al zenuen izendapena?

Ez nuen inolaz ere espero. Etxean nengoen, egun normala zen niretzat, eta bostetan nuen casting baterako ikasten ari nintzen. Izendapena jakinda ere, lanean jarraitu nuen, ez zidan eguna gehiegi aldatu.

Pozik jasoko zenuen izendapena.

Oso oso pozik. Gehienbat familia, lagunak eta zuzendaria nola poztu ziren ikusteak merezi izan zuen.

Urte asko daramazu lanean, baina errebelazio aktore bezala izendatu zaituzte. Horrek harritu al zaitu?

12 filmetan parte hartu dut, baina protagonista paperak ez dira asko izan. Oviedo Express-ekoa bigarrena da, eta estreinatu gabeko beste batzuk ditut. Izendapena guztiz arrazoizkoa dela uste dut.

Igandera begira, oso urduri al zaude?

Oraingoz oso lasai nago, agian ez nuelako espero. Ez dut anbizio handirik. Irabazten badut asko poztuko naiz, eta bestela, ere bai. Ondo pasatzera noa, gurasoak ere badatoz, eta gozatu egin nahi dut.

Aurretik sari gehiago jaso dituzu. Zer adierazten dute sariek zure ibilbidean?

Bizitza berez ez dute aldatzen, baina aurrera jarraitzeko animoak ematen dizkizute. Sarien ondorioz ez da lan gehiago sortzen, agian promozio aldetik balio dezake, baina gauzak ez dira asko aldatzen. Garrantzitsuena zure lagunek zugan pentsatu dutela ikustea da. Sariak baino, opari onena lana izatea da.

Estreinatu gabeko hainbat film dituzu. 2006 eta 2007 urteak oparoak izan dira zuretzat.

Bai, egia da, baina ez dakit zergatik gertatu den orain. Ez dago nire eskuetan lan egitea edo ez, faktore asko daude tartean. Zuzendariekin hitz egindako proiektu batzuk nituen, eta une berean iritsi zaie guztiei filmak errodatzeko dirua eta aukera.

Filmak guztiz desberdinak beraien artean. Nolako esperientzia izan da?

Errodaje guztiak oso onak izan dira, nahiz eta desberdinak izan. Talde oso onak izan ditut; zorte handia izan dut. Pertsonaia oso desberdinak egin ditut, eta aktore batentzat ona da hori, asko ikasten delako. Pena handiarekin bukatu nituen film guztiak.

Otsailean New Yorkera abiatuko zara. Proiekturen bat al duzu han, edo ingelesa ikastera zoaz?

Sei hilabete libre neuzkanez, hilabete eta erdiz egon naiz han, eta itzuli egin n ahi nuen, ingelesa hobetzera. Azkenean, martxoa eta apirila artean Mexikon errodatzeko film bat sortu zait, eta New Yorkekoa ondoren izango da. Lan honetan planak egitea ezinezkoa da askotan. Egin orduko, zerbait sortzen da.

Oso gazte zinela hasi zinen aktore lanetan. Nola gogoratzen dituzu hastapen haiek?

Garai hartan oso pozik bizi nintzen, eta asko gustatzen zitzaidan egiten nuena. Orain bezala, gutxi gorabehera. Nire bizitza ez da gehiegi aldatu lanari dagokionez. Jolas bat bezala zen niretzat, ez zen lana, ez bainuen bizitzeko behar. Beste alde batetik, gogorra ere izan zen. Bederatzi urterekin ez nuen Goenkale-rekin sortutako ospe hori ulertzen. Jendeak kalean geratzen ninduen, eta garai zaila eta gogorra izan zen.

Goenkale-ko Ainhoaren paperaren zama sentitu al duzu?

Bai, batez ere gauez lagunekin ateratzen nintzenean. Jendea harritu egiten zen ni parrandan ikusteaz, eta edonon Ainhoa esaten zidaten. Hala ere, 10-13 urterekin izan zen hori, orain jendeak kaletik ez nau ezagutzen.

Orain bost urte Madrilera salto egitea erabaki zenuen. Esperientzia zaila izan al zen?

Ez neukan batere argi Madrilen zer gertatuko zen, baina Donostiatik eta Euskal Herritik atera nahi nuen. Kalean lasai bizi eta inork ez ezagutzea sentitu nahi nuen. Berdin zitzaidan nora, aukera asko aztertu nituen, baina Madrilen lan bat atera zitzaidanez, bertara joan nintzen. Ez zen hasiera gogorra izan, bisitan etengabe nituelako guraso eta lagunak. Gainera, Madrilen guztiz ezezaguna nintzen, eta hori niretzat arnasa hartzea izan zen.

Aktore gehienak kexu dira beti telefonoaren deiaren zain daudela. Nola daramazu kontu hori?

Gure lana oso ezegonkorra da, eta jendeak kanpotik ikusten ditu gure lanak eta sariak, baina orain, esaterako, lanik gabe nago. Egia da lan dezente egin dudala, baina lana atera arte, gaizki pasatzen dut. Denborarekin gauzak lasaiago hartzen ikasi dut.

Zure gogoa ikusita, merezi duela dirudi.

Bai, merezi du, eta gainera, ez daukat beste erremediorik. Txikitatik nabil honetan, eta ez dut nire burua beste zerbaitean ikusten.

Zeintzuk dira zuretzat lanbide honen alde on eta txarrak?

Jende desberdina ezagutzea da onena. Pertsonaia desberdinak eginez, beste batzuen buruetan sartzen naiz eta haiek ulertzen saiatu. Hiltzaile baten edo alkate baten emaztearen buruan, esaterako. Hori oso aberasgarria da. Txarrena, ezegonkortasuna eta askok zuri buruz nahi dutena esateko eskubidea dutela pentsatzea.

Pertsona bezala zer erakutsi dizu zure lanbideak?

Beste jendearekin demokrata izaten. Pertsonaia bat egiten dudanean, sarritan konpartitzen ez ditudan sentimendu edo ideia<\d>k ulertu behar ditut. Tolerantea izan behar dut, azken finean. Bizitza pertsonalean ere eragina du horrek, baita asko bidaiatzeak ere. Bizitza ikuspuntu desberdinetatik begiratzeko aukera ematen du.

Etorkizunari begira, ba al duzu helmugarik?

Ez dut mugarik jartzen, desilusioak jaso daitezke bestela. Oso kritikoa naiz, perfekzioa gustuko dut, eta mugak jartzen baditut, desilusioak ikaragarriak dira. Beraz, nahiago dut ez mugarik jarri, eta datorren lana ondo egitea.



 




Sariek ez dute bizitza aldatzen, baina aurrera jarraitzeko animoak ematen dizkizute

Madrilen guztiz ezezaguna nintzela ikustea arnasa hartzea izan zen niretzat







 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa