Jose Luis Marti : - Realeko jokalaria
«Atzerriko eskaintzarik banuen, baina Reala Reala da»
Futbola
Talde txuri-urdinean aurkitu duenaz, hitz onak baino ez ditu Jose Luis Marti iritsi berri den euskarriak
xabier lopetegi
Mallorkera Ò«andaluziar ahoskerarekin eta tenerifetar punttu batekin» hitz egiten du Jose Luis Martik (Palma, 1975). Balear Uharteetatik Kanariar Uharteerara jauzi egin ondoren, Andaluzia utzi eta Euskal Herrira etorri da. Berandu egin zuen debuta Lehen Mailan, 24 urterekin, Mallorca Errege Kopako finalera iritsi eta Txapeldunen Ligarako sailkatu zen garaian. «Vicente Engonga zegoen nire postuan eta zaila zegoen tokia egitea». Bigarren Hezkuntza bukatu eta Administrazio eta Finantza modulu bat ikasi zuen; «Enpresa Zientziak ikasten hasi nintzen ere baina utzi behar izan nuen». Ezkonduta dago eta bi urteko haurra dauka. Oraindik ez dute Ondarretan jaso berri duen etxebizitzara noiz etorriko diren erabaki.
Estreinaldi bikaina izan ondoren, Castelloren aurka porrot egin zuen taldeak.
Zaila izan zen. Castellok estu hartu gintuen eta oso tarte gutxi utzi zizkigun. Kosta egin zitzaigun baloia edukitzea eta gora egitea, baina partidan sartuta egon ginen.
Derbiaz zer espero duzu?
Intentsitate eta erritmo handiko partida. Biok behar ditugu puntuak, eta biok dakigu jarraitzaileentzat oso partida garrantzitsua dela. Baita sailkapenari begira ere. Lasaitasuna izan beharko dugu.
Esan dizute jada Anoeta nahiko hotza dela?
Ez dut uste egia denik. Hona etorri naizenean zelai polita eta giro interesgarria duena iruditu zait.
Taldeari neurria hartu al diozu?
Bide onean naiz, taldekideek erraztasun guztiak eman dizkidatelako integratzeko. Laguntzarik ez zait falta orain arte eta oso pozik nago horretan. Giroa sekulakoa da.
Zer zenekien Realari buruz?
Beti pentsatu dut Reala talde handia dela. Banekien gauzak azken denboraldietan ez zaizkiola batere ondo atera, eta ez dagoela une errazean, baina hemen dagoen taldearekin errazagoa izango da merezi duen tokira itzultzea.
2002/03 denboraldian, mundu guztia Realaren alde zegoela esana duzu, eta ez Real Madrilen alde. Seguru zale asko bereganatu dituzula esaldi horrekin...
Ez ni bakarrik, uste dut Espainia osoa zela Realekoa. Bartzelonari edo Real Madrili talde apalago bat konkorrera igo eta Liga kentzeko moduan dagoenean, normala da jendea txikienaren alde egotea.
Jauzi handia da: iaz munduko onena izendatu zuten taldetik, Bigarren Mailan dagoen batera.
Beno, araudiagatik ezin nuen Lehen Mailan jokatu. Hala ere, argi nuen talde historiko batera nentorrela. Oso talde gutxik eman dituzte 40 denboraldi jarraian Lehen Mailan. Atzerriko eskaintza dezente neuzkan, baina Reala Reala da.
Orain arte baino gehiago eskatuko zaizu Realean?
Ez dut uste. Sevillan, taldean urte gehien neraman jokalaria nintzen. Kapitaina. Liderra izatea eskatzen zidaten, erantzukizuna hartzea. Hemen beste jokalariak bezala epaituko nautela uste dut.
Victor ezagutzen duzu?
Bai. Bizkarrez ondo jokatzen du eta errematea dauka. Eta, are garrantzitsuago dena, partida gosea. Nacho ere jokalari ona da.
Tenerifen Rafael Benitez eta Pako Aiestaranekin egin zenuen bat. Azken horren dimisioa albiste txarra izan da?
Datozen bezala onartu behar dira gauzak. Bere erabakia errespetatzen dut, baina ni Realeko langilea naiz, eta klubak ni fitxatzeko egin duen ahalegina itzuli nahi diot lanarekin.
Harritu al zaitu erakunde arloan hainbeste gorabehera topatzeak?
Antzeko egoerak ikusitakoa naiz, mugimendu askokoak. Sevillan ere izan da zer kontatu. Futbolak horrelakoak dauzka eta orain arte jokalariek erakutsi dute gai direla horrekin bizitzeko.
Bi UEFA Kopa irabazi duenarentzat helburu kitzikagarria izan daiteke igoera?
Jakina baietz. Igoera lortzea Lehen Mailan UEFArako sailkatzea baino kitzikagarriagoa da. Badakit zer den hori, Teneriferekin lortu baikenuen. Realarentzat asko suposatuko luke arlo guztietan, ekonomikoki, besteak beste.
Nola gogoratzen duzu Teneriferen balentria hura?
Oso talde gaztea eratu zen, etorkizunari begira, bizpahiru urtean igotzeko, baina hasieratik gauzak oso ondo joan ziren, goiko postuetan sartu ginen, bukaera arte. Hitzekin ezin da deskribatu.
Gauza bera lor dezake Realak denboraldi honetan?
Noski. Garrantzitsuena Ligako azken zortzi partidetara aukerekin iristea da. Orduan erabakiko da dena. Azken ahalegin bat egin beharko dugu.
Ez da jokalari gehiago iritsiko realera
Iñaki Badiolak Real Madrileko Roberto Soldado ekartzeko eskaintza egin zuen atzo, baina Soldadok Madrileko taldean geratzea erabaki du. Beraz, Realak ez ditu fitxaketa gehiago egingo. Honela Realera iritsi diren jokalariak Fran Merida, Jose Luis Marti, Nacho Perez eta Victor Casadesus izan dira. Alberto Morgado Sansen jokatzeko fitxatu zuen Iñaki Badiolak.
Bestalde Realak adierazi duenez, Alvaro Novo talde txuri-urdinaren jokalari izaten jarraituko du. Iosu Villar Sanseko erdilariak, berriz, Granadan utzita jokatuko du denboraldia bukatu arte.