Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko urriak 7, Asteartea

Harpidetu zaitez!

Eraginkortasuna helburu

Futbola

Realak nola edo hala irabazi behar dio gaur Xerezi Anoetan, sailkapenean aurrerapausoa emateko.

xabier lopetegi



Pilotan, tantoak amaitu behar dira. Saskibaloian, aurkariak baino jaurtiketa portzentaje hobea edukitzea oso lagungarria da. Eta futbolean, golak behar dira irabazteko. Pilota edo baloia protagonista duten kirol guzti-guztietan eraginkortasuna da arrakastarako gakoa. Lortutako puntu kopuruak lotura estuago du dohain horrekin, joko onarekin baino.

Sarritan gertatzen da ate aurrean asmatzeko gai ez izanagatik joko erakustaldi bati etekinik ez ateratzea. Realari, aldiz, behin bakarrik gertatu zaio denboraldi honetan, azken jardunaldian Elxeren aurka. Partida horretan erakutsitako armei eutsi, eta errematea gehitu nahi die gaur Xerezen aurka Anoetan, ahal duen neurrian. Orduan bezain ondo berriz jokatuz gero, nekez huts egingo ditu hainbeste aukerak.

Aukerak aprobetxatu

Gol abaguneak aprobetxatu ez ezik, talde eraginkorrek irabazi beharreko partida gehienak irabazten dituzte, eta gaurkoa horien artean dago. Etxean jokatzen du, eta zalantzetan itota dagoen talde baten aurka. Xerezek zazpi puntura du salbazioa, eta bi partida baino ez ditu irabazi etxetik kanpo, horietako bat Elxi. Hori bai, lau gol sartu zizkion. Emaitza horrek erakusten du taldearen izaera: erdibiderik ez dauka, onerako zein txarrerako. Txarrerako gehienetan, baina tarteka arriskutsua da, horretarako baliabiderik ez baitzaizkio falta: Momo, Viqueira, Michel, Antoñito... Lehen Mailan eskarmentua duten jokalariak daude plantillan. Entrenatzaile berriarekin erregulartasuna erdiestea espero dute, baina azken lau partidak jarraian galdu dituzte. Zorteak ere ez die lagundu, eta hain emaitza txarrak ez dituzte merezi izan askotan, Jose Ramon Eizmendiren esanetan.

Aurrerapausoa ematera

Aurkariari erreparatu gabe ere, Reala derrigortuta dago irabaztera. Geratzen diren hamasei jardunalditan puntu batez besteko handia pilatu lortu beharko du igoera ziurttatzeko. Gaurkoa aurrerapausoa emateko aukera aparta da, Sportingek Numantzia hartuko duelako etxean, eta Elxek eta Celtak, bi eta lau puntura dauden bi taldek, hurrenez hurren, elkarren aurka jokatuko dutelako. Beraz, hirugarren postua berreskuratu, edo liderrari aldea kenduko lioke Realak irabaziz gero.

Partida ahal bezain laster bideratzeak mesede handia egingo lioke taldeari. Ez dirudi horrelako egoera batean Xerez buelta emateko gai izango denik. Las Palmasen aurkako partida erreferentzia baliogarria da zentzu horretan: Realak nahiko azkar sartu zuen gola, eta besteak ia inertziaz etorri ziren bigarren zatian, aparteko jokorik egin gabe.

Eizmendik Colemanek lortu ez zuena lortu du: hamaikako on bat topatu eta jarraipena ematea. Jakina, galestarrak baino baliabide hobeak ere badauzka esku artean. Elxen ikusi zen behar bezala arituz gero Bigarren Mailan nagusitzeko moduko taldea duela Realak: defentsa sendoa, oreka eta sormena euskarrian, hegal erasokorrak, eta mugimendu arriskutsuak dauzkaten bi aurrelari. Beraz, ez dirudi aldaketarik izango denik.

Deialdian, aldiz, Vaughan ez da izango. Erdilariaren egoera fisikoa korapilatu egin da berriz: mina sumatu arren, ebakuntza egiteko beharrik ez du ikusten berak. Klubaren iritzia, antza, bestelakoa da. Ikusi beharko da zertan gelditzen den kontua. Haren ordez, Uranga sartu da deialdian, azken jardunaldietan ez bezala. Osbaleko pizgarria izan daiteke aulkitik sartuta.



 


Zuhurtasuna

Iritzia

Jon Odriozola

Kazetaria



Hasi eta bukatu. Horrela egin behar omen dira gauzak. ÒBestela erdipurdi amaitzeko arriskua dagoÓ zioen aiton batek lehengo batean. Ez zaio arrazoirik falta.

2001-02 denboraldian Xerez taldea Lehen Mailara igotzeko zorian egon zen egungo Real Madrileko entrenatzailearen eskutik: Bernd Schuster. Alemaniako Bigarren Mailako bi talde entrenatu ondoren, Fortuna eta Kolonia, Augsburgoko semeak, Andaluzian lur hartu zuen.

Urte berezia izan zen Xerezentzat. Taldeak, besteak beste, gehienetan 'erbestean' lehiatu behar izan zuen. Zergatik? Pedro Pacheco, Jerezko alkate populista eta Luis Oliver, orduko Xerezen presidentearen arteko ika-mikengatik, taldeak, Sanlucarreko futbol zelaian jokatu behar izan zituen norgehiagoka asko. ÒGangsterrak Xerezen jarraitzen duen bitartean, ez du hemen jokatukoÓ esan zuen alkateak presidentearengatik. Horrez gain, Chapingo zelaia hankaz gora egon zen, urtebete beranduago, 2002an, ospatuko ziren Zaldi Jokoetarako egokitze lanak luze jo baitzuten.

Taldeak, Liga, oso ondo hasi zuen. Primeran. Lehen itzulian 39 puntu lortu zituen. Bigarrenean, ordea, 27. Zortzi jardunaldiren faltan --antza lorpenak erdiesten diren epean-- laugarren sailkatuarekiko puntu mordoskako alde izan arren, Xerezek nabarmen egin zuen beherantz. Azken zortzi partidetan lau puntu soilik lortu eta Liga laugarren amaitu zuen Reacreativorengandik --hirugarren sailkatua-- hiru puntura. Urte hartan, At. Madril, Racing eta Huelvakoak igo ziren Lehen Mailara.

Denboraldi honetan Realak bizi duen egoera ekonomiko zailaren gerizpean hamaika gertaera ikusi ditugu. Taldea txukun ari da jokatzen azkenaldian eta Lehen Maila denboraldia hasieran baino askoz gertuago ikusten da. Jendea ere baikor dago. Halere, gogoratu gaitezen tarteka iraganaz. Adibidez, Jerezek bizi izandako hartaz. Burua ez galtzeko, bai ariketa aproposa. Egitasmoak hasi eta bukatu egin behar dira. Zuhur jokatu ezean ezer ere ez lortzeko arriskua baitago.





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa