Falangearen aurka bildutakoei oldartu egin zaie Ertzaintza
Politika
Frente Español plataformaren aurka protestan ari ziren bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Pio XII.aren plazan.
erredakzioa
Frente Español plataforma faxistak kontzentrazioa egin zuen atzo Pio XII.aren plazan. Ezker abertzaleak deituta elkarretaratzea zegoen deituta faxisten aurka protesta egiteko. Ertzaintzak segurtasun hesi handia jarri zuen faxisten inguruan eta goizean goizetik Amara Plaza hotelaren inguruak hartu zituen. Ertzaintzaren helikopteroa goizetik zebilen Amara Berriren gainean eta furgonetak plazaren inguruko kaleetatik etengabe ikusten ziren.
12:45ak inguruan irten ziren falangeko kideak hotelaren kafetegitik. Auto partikularretan iritsi ziren Pio XII.eko lurrazpiko aparkalekuraino eta handik ertzainek lagunduta irten ziren kalera. Uneoro ertzainen giza hesia egon zen faxisten inguruan.
Bitartean, ezker abertzaleko kideak plazan zehar sakabanatu ziren Ertzainatzan noizbehinka egiten zituen kargak zirela-eta. Batzuk hurbiltzea lortzen bazuten ere berehala botatzen zituzten atzera ertzainek.
Ynestrillas hizlari
Ricardo Saenz de Ynestrillas faxistak Frente Español-i botoa emateko eskatu zuen hotelaren parean eman zuen hitzaldian. Beste gauza batzuen artean, «eskerrak ematen dizkizuet, guri etorrera beroa ematera etorri zaretelako» esan zien ezker abertzaleko kideei. Ynestrillasen ondoren, Falangeko buru, Manuel Andrinok hitz egin zuen. Bildutako 50 lagunen txaloen artean. Hauek, besteak beste, «euskal presoak, gas kamara», «ETA indarrean, demokrazia errudun» leloak oihukatu zituzten.
Bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak istiluetan. Hoietako bat, auto batetik atera zuten Kordobako gizonezkoa zen.