Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko irailak 6, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Eneko Goya: - Foru Aldundiko bozeramailea eta bide azpiegituretako diputatua

«Gipuzkoako hiriburua izateaz harro egon beharko luke hiriak»

Elkarrizketa

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak hiriari eta lurraldeko bide azpiegiturei buruzko iritzia eman du.

ion lopez



Aldundiko lehenengo solairuko bulegoan hartu du kazetaria irribarre batez. Estilo klasikoko bulegoaren horman garbi ikusten da Seaskaren egutegia. Orain hirian bizi ez den arren (Amara, 1971) , Donostia zenbaitzutan faltan botatzen duela aitortu du eta haren alabarekin edozein aitzakia erabilita hirira ahal duenean etortzen dela dio.

Dagoeneko zortzi hilabete daramatzazu Foru Aldundian eta ez nolanahiko karguan gainera, Aldundiko bozeramailea eta bide azpiegituretako diputatua zara. Hartu al diezu neurria zure eginbeharrei eta bulegoari?

Ikusten duzunez, bulegoari oraindik ez ¬dio barrez¬, eta sailari, pixkanaka izan bada ere, uste dut baietz. Departamentuak dituen erronkei uste dut martxa hartu diedala eta gure sailak dituen erronkak oso handiak direla jabetzeko denbora izan dut.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Ona. Gogorra une batzuetan, esan dizudan bezala esku artean duguna oso handia delako eta ardura handia suposatzen duelako. Baina aukera ematen du Gipuzkoaren diseinuan parte hartzeko neurri batean.

Bozeramailea eta errepideetako diputatua zaren aldetik, zer egin zaizu zailagoa, zure sailaren ardura izatea edo kazetariokin lehian ibiltzea?

Zailago ziurrenik departamentua kudeatzea da, batez ere aldi berean gauza asko dauzkagulako abian. Horrek buruhauste gehiago ematen du bozeramaile bezala jardutea baino.

Bide azpiegituretako sailaren ardura hartu zenuenean, zer izan zen pentsatu zenuen lehenengo gauza?

Neurri batean marroia dela pentsatzen duzu, baina hori niretzat gelditzen den gauza da. Baina egia da Gipuzkoako errepideen alorrean pauso handi bat ematen ari garela. Hor zegoen behar bati erantzuten ari gara. Hala ere, nire ustez hemendik gutxira seguruenik oraingoa baino momentu hobea izango dugu.Une honetan errepide asko obretan daude eta horrek eragozpenak sortzen dizkie herritarrei. Baina etorkizuneko ikuspegiarekin egindako gauza da eta horren amaiera eta emaitza ikusiko dugu. Hau da, gure lurraldeak bide azpiegitura egokia izatea.

Europako zenbait lurraldetan egiten den bezala, Gipuzkoan zehar gidariek zerga edo biñeta ezarri nahi duzue. Nola azalduko diezue hori gipuzkoarrei?

Nik uste dut azaltzen ez dela zaila, gero gustukoa den ala ez beste kontu bat da. Orain arte ordaintzen ez dugun gauza batengatik ordaindu behar izatea ez da inoren gustukoa. Baina kontzeptu batzuk barneratu behar ditugu, hau da, ditugun errepideak egin eta gero ere mantenu kostua dute. Gure ustez, bere ibilgailu partikularrean bide azpiegiturak erabiltzen dituenak bere aldetik ere zerbait eman behar du. Autorik ez duen laurogei urteko emakume batek bide azpiegitura sareari kontribuzioa egitea ez da logikoa, adibidez. Bestalde, konturatu behar dugu kutsatzeak baduela kostu bat eta errepideetan ibiltzen garenok kutsatu egiten dugu.

Europara joateko Gipuzkoatik pasatuko diren kamioilariek ordaindu beharko al dute?

Gipuzkoatik pasatzeko ordaindu beharko dute Europako beste lurralde batzuetatik dagoeneko ordaintzen duten bezala. Ez da guk asmatzen dugun zerbait isolatua, etorkizunean garatuko den sistema baizik.

Noiz jar daiteke abian biñeta hau?

Lehenbailehen, abian jarri nahi dugu. Nire ustez, agintaldi honen bukaerarako indarrean egongo da.

Gipuzkoako errepideen eraikuntzak bukaera aurreikusita al du edo bukaerarik gabeko gaia izango da?

Beti egongo dira errepide azpiegituretan beharrak, batez ere, mantenu aldetik. Baina gaur egungo beharrak ez dira egongo aurrerantzean. Bukaera, Gipuzkoako Biribilgunearen bukaera izango da. Epe zehatzak jartzea zaila da , baina agintaldi hau bukatzean marrazki nagusia bukatuko da. Garapen iraunkorrari begira eta Aldundiaren beraren ekonomiari begira jasanezina litzateke orain gauden bezala jarraitzea, baina beharrezkoa zen orain egiten ari garen lanak egitea.

Donostiako bigarren saihesbideren lanak hasi dituzue. Beldurrik ba al duzue bigarren saihesbide hori nahikoa ez izatea eta beste baten beharra izatea?

Beldurra noski dugula, baina bitartean beste tresna batzuen bitartez joera hori aldarazi behar dugu. Errepidea ez den beste bideen alde egin behar dugu, trenbidea eta itsas garraioa, adibidez. Horiek dira etorkizuneko bideak. Bestela , egunen baten Donostiako seigarren saihesbidea ikusiko dugu Iruñea inguruan.

Donostiara etorrita. Hirian errepide arloan historian inbertsio gehien egiten ari den unea da hau. Donostiarrok jabetzen al gara egingo diren errepideek ekarriko duten aldaketaz?

Nik uste dut ezetz, eta egia esan izugarrizko iraultza da. Hiriko bi puntutan daude Gipuzkoa osoko bi zirkulazio punturik altuenak, Aieteko eta Polloeko tuneletan. Hori arintzeko dator bigarren saihesbidea. Urumeako autobidearekin Andoaindik bi aukera izango ditugu hirira sartzeko orain bakarra dugunean. Eta hiri barruan, Amara-Ospitaleak errepidea izango dugu, hiri ekialdeko auzoak Amaratik pasatu gabe ospitaletara joatea ahalbidetuko duena.

Bigarren saihesbideak donostiarroi zuzenean eragingo al gaitu edo txikituta dagoen gaur egungoa erabiltzen jarraituko dugu?

Saihesbidea egoera txarrean badago, bertan lan egitea oso zaila delako da. Lanak gauean egin behar dira, 120.000 ibilgailu pasatzen direlako bertatik egunean. Donostiarrek bigarren saihesbidea ez dute horrenbeste erabiliko, hirian sartuko ez direnek erabiliko dute gehienbat.

Urumeako autobideko lanak bukatuta daude Martutene aldean. Hango mendixkak zeharo txikituta ikustean zer pentsatzen duzu ?

Horrelako lanek beti dituzte eragina. Baina uste dut balantza batean jarri behar direla onurak eta eragozpenak. Nik Martuteneko bizilagunei galdetuko nieke haien bizi-kalitatean zer nolako aldaketak sumatu dituzten auzoko saihesbidea zabaldu ondoren.

Donostiarra zara eta jeltzalea. Nola hartzen duzu hirian azken 17 urtetan alkate sozialista izatea?

Etsipenez hartzen dut. Ni gainera 1991n afiliatu nintzen EAJra. Nik uste dut Donostiak beste gehiengo sozial bat duela eta pertsona batek jakin du alderdi sozialista ez den zerbait ordezkatzea. Gure helburua Donostian alkate abertzalea izatea da. Herritarron sentipenak hobeto kudeatuko dituen alkatea lortuko genuke zalan tzarik gabe.

EAJk estrategia aldatu beharko al luke alkatetza lortzeko?

Uste dut hautagai egokia dugula eta berarekin jarraitu beharko genukeela eta jarraituko dugula. Donostiak harro egon behar du Gipuzkoako hiriburua izateaz eta gaur egun ez da horrela gertatzen. Udaletik Gipuzkoarekin konfrontazio faltsu bat bultzatu nahi izan da eta ez luke horrela izan behar.



 




«Uste dut donostiarrak ez direla oraindik jabetu nolako aldaketak izango dituzten errepidetan»





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa