
Manu Muniategiandikoetxeak azken urteetan sortutako proiektuak eta obrak birsortu ditu Koldo Mitxelenako erakustaretoan.
Espazioa erronka
nerea lizarralde
Bergaran jaio zen baina Donostian bizi da egun. Herreran dauka estudioa. Ondo ezagutzen du Manu Muniategiandikoetxea margolariak Koldo Mitxelenako erakustaretoa. Espazio honetarako erakusketa berezia aurkeztezteko gonbidapena jaso zuen eta hau izan da emaitza, Behar Gorria Primavera Azul.
Areto bat, proiektu bat
Artistak gustuko du bere proiektuen muntaiek erakusketa aretoaren arkitekturarekin lotura izatea. Koldo Mitxelenaren kasuan nabarmena da, espazioa bakoitzean proiektu bat erakutsi baitu, zortzi proiektu zortzi aretoentzat. «Arraultza kaxa bat izango balitz bezala, pixkanaka obra bakoitza bere espazioan kokatu dut. Muina hor dago, alegia, obra bakoitzaren kokapen eta forma egokia lortzea. Obrak ez daude bere osotasunean, birsortu eta berrinterpretatu ditut. Atal bateko pieza berriak dira», azaldu du Muniategiandikoetxeak.
Eskulturak eta esku hartzeak nagusi
El bosque de Ozu margolanak ongi etorria ematen dio ikusleari erakustaretoan. Pintura, ordea, ez da erakusketa honetako protagonista, eskultura eta esku hartzeak dira nagusi. Azken urteetako lanak berreskuratu ditu, batzuk obra publikoak dira. Areto batean Miamin landu zuen obra dago, Orain berriz Gulliver: «Miamiko hondartza batean kontainer-ontzi erraldoi baten barruan eskultura bat sortzeko proposatu zidaten. Hondartutako erraldoi bat irudikatzen duela uste dut», dio margolariak.
Bosgarren zubiaren proiektua
Beste areto batean iaz argitaratutako liburu erotiko baterako egin zituen marrazki originalak bildu ditu. Muniategiandikoetxearen desafioetako bat Donostiako bosgarren zubiaren proiektua izan da eta hau ere erakusketan jaso du. «Erronka handia izan da bosgarren zubiaren proiektua espazio honetan sartzea. Ez nuen maketa edo planorik erabili nahi. Azkenean baldosekin osatuako zoru bat sortzea erabaki dut. Gertatuko denaz hitz egiten duen pieza dira baldosak». Burgoseko kutxaren museorako sortu zituen hiru eskulturak eta Iruñeako Baluarten aurkeztutako obren egokitzapena ere izango da ikusgai Koldo Mitxelenan.
Guztiaren gainetik, margolaria
«Ni margolaria naiz, hala sentitzen naiz. Baina une honetan hiru dimentsioko objektuak ere sortzen hasi naiz. Pinturatik abiatzen naiz beti, hori argi dago. Proiektu bat proposatzen didatenean beti margo batean imaginatu eta irudikatzen baitut. Enkargu hauek lan egiten jarraitzeko motorea dira niretzat», dio artistak.
Erakusketaren izena ere azaldu du Muniategiandikoetxeak: «Ez da nire obren erakusketari jarri diodan izena. Neure buruari jarri diot titulu hori. Ni neu nola sentitzen naizen edo gizartearekiko edo artearekiko zer sentitzen dudan adierazten du. Gorria, konnotazio oso gogorra duena, oso muturrekoa, eta premia. Udaberri urdinak berriz guztiz kontrakoa esan nahi du».
Fitxa
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
Musika
Zimarros
DONOSTIA, M.A.D. (Larramendi kalea, 4) - 2008-09-12
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.