Gobernuaren babesarekin adostu dute bakarrik martxoaren 8ko adierazpena
Berdintasuna
Abortuaren despenalizazioaren aldeko adierazpena ez du oposizioak sinatu.
erredakzioa
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, Udalak kaleratzen duen adierazpen instituzionalak zalaparta piztu du udal taldeen artean. Abortuaren despenalizazioaren aldeko adierazpena duela bi aste hasi ziren osatzen eta PPk hasieratik proposamenarekin bat egin ez bazuen ere, gainontzeko udal taldeak adierazpena adosteko nahia agertu zuten. EAJ eta EA, gainera, bat zetozen adierazpen instituzionalaren edukiarekin, azkenik, ordea, Udal Gobernuak sinatu du bakarrik.
EA eta EAJ abortoaren despenalizazioaren aldeko adierazpenaren alde bazeuden ere, martxoaren 8rako, Emakumearen Nazioarteko Egunerako, adierazpen orokorrago bat nahiago zuten eta horretarako, EUDELek prestatutako adierazpena jarri zuten mahai gainean. Honenbestez, Udal Gobernuak bakarrik sinatu du martxoaren 8ko adierazpena eta horrek ika-mika sortu du udal taldeen artean.
EA eta EAJren harridura
EAJko zinegotzi Aitziber San Romanek eta EAren bozeramaile Jaione Arratibelek ezin zuten sinetsi Udal Gobernuak hartutako erabakia. «Ez genuen uste Udal Gobernuak abortuaren despenalazazioa aldarrikatzeko udal taldeek prestatu dugun adierazpena Emakumearen Nazioarteko Egunerako adierazpena izango zenik», dio San Romanek. «Ez digute adierazpena sinatzeko eman eta denek norabide berean lan egin beharko genukeen alor batean gu baztertzea erabaki dute», kexatu da Arratibel.
Bi zinegotziek, dena den, argi utzi dute abortuaren adierazpenarekin bat egiten dutela. Adierazpenak, gainera, EAJ eta EAk egindako hainbat zuzenketa hartzen ditu aintzat.
EA eta EAJren adierazpenaren berri ez zuela dio Beolak
EAJ eta EArekin adostasuna lortzen ahaleginak egin dituela onartu du Ainhoa Beola Berdintasun zinegotziak. «Adierazpenaren edukia azken astetan negoziatu dugu eta zur eta lur utzi gintuen ezer esan gabe EAk eta EAJk EUDELen adierazpenarekin bat egiten zutela jakitea» adierazi du Ainhoa Beolak.
Hori dela eta, bi udal taldeen jarrera kritikatu du Berdintasun zinegotziak, testua negoziatzen ari ziren asteetan EAk eta EAJk ez zutelako beren jarreraren berri eman.
Beolak, bestalde, larunbatean 19:00etan Bulebarretik abiatuko den manifestaldian parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.
EAEk bat egingo du biharko ekimenekin
EAEk, halaber, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan herri eragileek antolatuko dituzten ekimenekin bat egingo du. Izan ere, ezker abertzalearen ustez, «Donostia ez da diskriminazio sexistaren salbuespena, emakumeek diskriminazio sexista jasaten dute hirian».
Abortuaren despenalizazioaren aldeko adierazpen instituzioanala
Udal Gobernuak adostu duen adierazpen instituzioanalen arabera hauek dira udal taldeek aintzat hartzen dituzten konpromisoak:
- Emakumeek euren amatasunari buruz erabakitzeko daukaten eskubidea defendatzea eta sustatzea, lege, gizarte eta osasun arloko berma guztiak emanda.
- Zigor Kodean behar besteko erreformak egiteko eskabidea sustatzea, bideratzea eta erakunde eskudunei bidaltzea, abortua despenalizatzeko eta sistema publikoan zein dohainik Epekako Legean arautzeko.
- Eskolako curriculumean, hezkuntza afektibo eta sexualarekin zerikusia daukaten edukiak agertzea eta antisorgailuei, sexu-jarduneko prebentzioari eta pertsonen nortasun zein aniztasun sexualari buruzko informazioa eskaintzea.
- Osasun-sare publikoan, antisorgai-luen informazio, finantziazio eta lorpenerako sistema hobetzea.
- Osasun-arloko profesionalen kontzientzia-eragozpena arautzea.