mikel aranburu ð- Realeko Kapitaina
«Jokatzen ez dutenen portaera ona da gakoetako bat»
Futbola
Taldea igoera lortzeko moduan ikusten du Realeko kapitainak, jokoagatik eta giro onagatik.
xabier lopetegi
Ez da Mikel Aranburu bere buruaz hitz egin zalea, baina ez du ezkutatzen denboraldia ondo doakiola. Partida guztiak hasieratik jokatu ditu, bat izan ezik ¬txartel pilaketagatik zigorra jaso zuen¬. Ezkerrean lehen, euskarrian orain, funtsezkoa ez ezik termometroa ere bada, eta tenperatura onean ikusten du taldea. «Animoz ondo gaude. Taldea behetik gora dator denboraldia hasi zenetik. Pixkanaka hobetzen joan da. Baina ezin dugu ahaztu gu bezalaxe beste batzuk igotzeko ilusioarekin daudela, eta hemendik aurrera egiten diren akatsei eta galtzen utzi diren partidei buelta emateko geroz eta denbora gutxiago egongo dela».
Zer esan dezakezu Realak Xerezen aurka lortutako garaipenaz?
Lehen zatian ez genuen merezi abantaila hori eramatea atsedenaldira, baina bi penaltiak penalti ziren eta ondo sartu genituen. Bigarren zatian, neuk galdutako baloi baten ondoren gola jaso genuen, eta handik gutxira beste bat. Binako horrekin, taldeak oso erreakzio ona izan zuen.
Kezkatzekoa da azken sailkatuaren aurka etxean hainbeste sufritzea?
Jokalariak banan-bana aztertuta eta egin zuen jokoa ikusita, Xerez ez zait iruditzen Bigarren Mailako talderik txarrena, ezta gutxiagorik ere. Garbi erakutsi zuen partidak edozeinek edozeini irabazi ahal diola. Hurrengo partidarako ere ondo etorriko zaigu jakinaren gainean egotea.
Realak jo handiagoa dauka azken boladan, etxean batez ere?
Azken partidetan hori da azpimarratzeko gauzarik onena. Aukera dezente egiten ditugu, nahiko argi eta erraz ailegatzen gara gora.
Azken bost partidatan hamaikako bera atera du Jose Ramon Eizmendik. Eskertzen da jarraikortasun hori?
Jokatzen ari denak beti eskertzen du. Horrek ez du esan nahi aldaketak eginez gero gauzak okertuko direnik, baina izan daiteke seinale bat taldea entrenatzaileak nahi bezala egiten ari dela gauzak.
Anoeta urterik onenetan bezain beteta ikusita zer sentitu duzue?
Alde batetik harritzeko kopurua da Bigarren Mailan, baina bestetik denok pentsatzen genuen urtea aurrera joan bezala eta taldea igotzeko aukerekin egonez gero posible zela halako zerbait gertatzea. Taldeak goian segitzen badu kopuru hori gaindituko dela uste dut.
Nola ikusten duzu Albaceteren aurkako partida?
Jendea asko ari da galdetzen Numantzia eta Sportingen aurkako partidei buruz. Badakigu goiko postuetan daudela eta partida garrantzitsuak izango direla, baina ez dut uste honek garrantzi gutxiago duenik. Bi horietara goian iritsi nahi badugu, hau ere irabazi beharrekoa da. Bukaeran gauzak orain dauden bezala gelditzen baldin badira, garrantzi handia izan dezakete lehia zuzenek, gol aldea eta halako kontuek, baina une honetan partida bakoitza azkena balitz bezala jokatu behar dugula.
Albaceten Barkero ari da nabarmentzen.
Urte osoan zehar asko jokatzen ari da. Sei gol sartu dituela uste dut eta badakigu arriskutsua dela.
Gorriak ikusi ondoren irabazi zion taldeak Albaceteri joanekoan.
Bai. Beste askotan bezalaxe. Ez dira partida gehiegi egon oso erraz irabazitakoak eta hemendik aurrera ere, pentsatu behar dugu taldeek jokoan asko edukiko dutela eta denetan borroka egin beharra dagoela.
Denboraldian oso une gaiztoak izan dira. Zer moduz eraman dituzue?
Bolada bat izan zen era guztietako mugimenduekin. Taldearen inguruan zalantza asko zeuden, hauteskunde batzuk erdian, aldaketak izan ziren ondotik... baina uste dut egin behar genuena egin genuela. Gure esku zegoen ahal zen neurrian partidak irabaztea eta taldea aukerekin mantentzea bukaera arte. Momentuz lortu dugu, baina oraindik bidearen bukaerara ailegatzeko azken pausoak falta zaizkigu eta horiek eman arte ez dago lo hartzerik.
Colemanekin gustura zeundeten. Eizmendiren aukera begi onez ikusi zenuten, kanpotik norbait etorri beharrean?
Eizmendi etortzearen alde on bat izan zen jokalariak ondo ezagutzen zituela. Portzentaje handi bat bere aginduetara egondakoak ziren, eta beste guztiak lehendik ere ezagunak zituen.
Etxean egutegi errazagoa duzue. Puntu horiek ziurtatu behar dira kosta ahala kosta?
Ikusita gainera aurreko partidan nolako giroa izan genuen, hori aprobetxatzen saiatu behar dugu. Kanpokoak ahazterik ez dago, baina etxeko gehientsuenak irabazteko gai baldin bagara, gertu izan dezakegu Lehen Maila.
Berriki aipatu duzu jokalari tropel handia zaudetela entrenatzen. Zenbaterainoko oztopoa da hori?
Zenbait ariketa dinamikoagoak dira jende gutxiagorekin, baina nahiko ondo ari gara eramaten dena. Orain jende pila ari da deialditik kanpo geratzen astero, eta hori eramatea ez da erraza. Alde horretatik, jendea oso ondo portatzen ari da, eta taldea bat egotearen arrazoi garrantzitsuenetako bat jokatzen ari ez direnen portaera da.
Hain inportantea da giroa?
Edozein lanetan eskertzen da hori. Urtean zehar une txar asko egoten dira eta aldamenean taldekide baten laguntza izatea, hitz bat, bizkarreko bat, edozein eratako babes hori, balio handikoa da. Denok nahi dugu Reala Lehen Mailara itzultzea, eta inportantea da taldearen mesedetan bakoitzak hartu behar duen papera hartu eta norberaren arazoak alde batera uztea. Hori izaten da zailena.
Martirekin osatzen duzun bikotea asko goraipatu dute. Zer moduz berarekin?
Emaitza bikainak lortu dituen talde batean asko jokatu du, eta horrek argi uzten du oso maila onekoa dela. Ikusten ari gara fisikoki ondo etorri dela eta lan ona egiten ari dela. Niretzat edo postu horretan jokatzen duen edonorentzat kide bikaina da.
Arlo pertsonalean, zer moduz doa denboraldia?
Jokatu ditudan minutuekin kexatzerik ez daukat. Gustura nago. Ikusita zenbat jokalari gauden entrenatzen, eta zenbat gelditzen diren kanpoan, eskertzekoa da, baina aurten, inoiz baino gehiago, norberaren egoeraren gainetik Reala Lehen Mailara itzultzea dago. Hori lortu arte, lasai, edo guztiz gustura behintzat inoiz ez gara geldituko.
Fisikoki inongo arazorik ez duzu eduki...
Lehen ere dezente edukitakoa banaiz eta espero dut aurrerantzean zorte ona izatea.
Errematera asko eta ondo heldu zara, baina zorterik gabe. Apur bat gehiagorekin, kopuru polita eramango zenuke?
Bai. Urrunago joan gabe, orain dela bi aste pare bat aukera eduki nituen oso onak, eta lehengo astean bat. Talde guztia bezala, gora iristen ari naiz, eta golen bat edo beste sartzeko moduan egon arren ez dut sartu. Beti gogoratzen zara horrelako jokaldiekin. Beste batzuk ni baino errazago ari dira sartzen, behintzat.
Zentzu horretan, espero zenuen Diaz Zeriok hainbeste sartzea?
Aspaldiko urteetan, partida dezente jokatu duen guztietan, beti sartu ditu asko. Bere ezaugarri garrantzitsuenetako bat da gola odolean daramala. Edozein entrenamendutan ikusten zaio posturarik eta egoerarik zailenetan abildade hori baduela. Ez da erraza hainbeste sartzea. Neurri batean harritu nau, baina bagenuen bere gaitasunaren berri.
Badiolak proposamena egin omen dizu kontratua berritzeko. Espero zenuen?
Egia esan, ez, aurreko urtean berritu nuelako. Orain dela hamar egun esan zidan zenbait jokalariri kontratua luzatzeko eskaintza egiteko asmoa zuela. Detaile gehiago ez zizkidan eman, baina bai harritu ninduen, beste hiru urterako kontratua daukadalako. Ikusiko dugu. Berak ere badaki aurretik beste zenbait jokalarirekin konpondu beharreko kontratuak badauzkala, eta horiek lotzen dituen neurrian gurekin eseriko dela uste dut.
Aurten inoiz baino gehiago norberaren egoeraren gainetik Reala Lehen Mailara itzultzea dago