PSE-EEk alde handiarekin irabazi ditu hirian Espainiako hauteskundeak
Espainiako hauteskundeak
PSE-EEk 37.854 boto lortu ditu hirian, gainontzeko alderdi guztiak jaitsi egin dira duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta abstentzioak gora egin du.
erredakzioa
Donostian irabazle garbia izan zen igandeko hauteskunde egunean. PSE-EEk argi eta garbi irabazi ditu hauteskundeak hirian eta lehenengo indar politiko gisa nabarmendu da. Orain arte, alde handia izaten zen udal hautesekundeen eta beste hauteskundeen artean botoa emateko garaian. Hala ere, igandeko hauteskundeetan argi eta garbi ikusi da badagoela boto-emaile kopuru handia hauteskundetik hauteskundera bere botoa aldatzen duena.
Hautes kanpainan eta, batez ere, igande gaueko hauteskundeetan bipolarizazioa hitza salatu dute Espainiako bi alderdi handiak ez diren alderdi guztiek. Emaitzak ikusita, bipolarizazio hori nabarmena izan da Donostian. PSE-EEk botoen %40,33 lortu du. Sekulako emaitza lortu dute sozialistek Donostian. Duela lau urte baino 8.294 boto gehiago jaso dituzte PSE-EEkokideek.
Bigarren alderdi bozkatuena PP izan da 19.935 botoekin eta %21,24arekin. Hauteslego fidela duela nabarmendu du PPk hauteskundeetan zehar. Hala ere, aurten beherakada izan du gainontzeko alderdi gehienek bezala. duela lau urte 22.877 boto izan zituen eta aurten 19.935; hau da, ia hiru mila bozka gutxiago.
Alderdi abertzaleen emaitza txarrak
EAJ izan da hirugarren alderdia hirian 16.178 botorekin. Hala ere , jeltzaleek beherakada handia izan dute 2004ko Espainiako hauteskundeekin alderatuta. Ia bederatzi mila boto galdu ditu EAJk Donostian.
Eusko Alkartasunak 4.283 boto galdu ditu duela lau urteko zitarekin alderatuta. Hautestontzien zenbaketa ez zen batere onuragarria izan EArentzat. Madrilen zuten parlamentari bakarra galtzea izan zen ondorio txarrena, baina boto galera handia izan dute.
Aralarrek ere botoak galdu ditu igande honetako deialdian. Hala ere, hauteslego nahiko fidela lortu duela erakutsi du eta duela lau urte baino 400 boto gutxiago lortu ditu soilik.
Ezker Batua oraingo honetan ez da Aralarren eskutik aurkeztu Espainiako hauteskundeetara. Espainian sekulako jipoia jaso badute, hirian ere zituzten ia botoen erdiak galdu dituzte. 2004ean 8.082 lortu zituzten eta igandean 4.267 botoetan gelditu ziren.
Alderdi berrien botoak
Jasotako boto kopuruari begiratzen badiogu, Aralarren ondoren Fernando Savater eta Rosa Diezen Unidad Progreso y Democracia alderdia azaltzen da. Askok uste zutena baino emaitza hobeak izan dituzte Espainian, diputatu bat izango baitute. Donostian 1.474 boto jaso ditu alderdi horrek hauteskundeetara aurkeztu den lehenengo aldian.
Elorzaren erreakzioa
Pozik baina era berean zuhur azaldu zen Odon Elorza alkatea atzo, igandeko emaitzen balorazioa egiterakoan. Hausnarketarako garaia heldu dela esan zuen alkateak. Bereziki EAJrenatzat izan zituen hitzak eta jeltzaleek bereziki egin behar dutela gogoeta esan zuen: «Denek hausnartu beharko dugu haustenkundeek utzitako emaitzekin. Oso larria da lehendakariarentzat eta EAJrentzat, ez dituztelako aurreikusitako emaitzak jaso. Estrategia krisi sakon batean dago murgilduta EAJ».
Abstentzioak %10 egin du gora
Ezker abertzaleak abstentziora deitu zuen eta hirian badirudi eragina izan duela dei horrek. Beti abstentzioaren kalkulatzea zaila bada ere, duela lau urte baino %10 handiagoa izan da.
Ezker abertzaleko kideak pozik azaldu dira abstentzioaren kopuruarekin.
Bost donostiar Espainiako kongresuan eta bat senatuan
Donostiarrak diren edo hirian aspaldidanik bizi diren bost hautetsi aukeratu zituzten igandean Gipuzkoako zerrendetan. Beste donostiar bat, Ramon Jauregi, PSE-EEren Arabako zerrendetan aurkeztu zen eta lortu zuen Espainiako kongresurako hautatzea.
Gipuzkoako zerrendetan kongresurako aukeratutako lehenengo donostiarra Ernesto Gasco da. 43 urte ditu eta Udaleko Mugikortasun zinegotzia da. EAJko Jose Ramon Beloki da beteranoena. 60 urterekin, Aldundian eta EAJren barruan hainbat postu bete ditu ¬Aldundiko bozeramaile eta diputatu, besteak beste¬ eta hau bigarren legealdia izango du Madrilen. Estreinakoz Espainiako kongresura joango dena Joseba Agirretxea jeltzalea izango da. 41 urte ditu, eta Ondarroan jaioa izanagatik, Donostian bizi da duela urte asko. Batez ere komunikabide arloan ibilia da eta orain Madrilgo kongresuan izango da. Jose Eugenio Azpiroz da PPk Gipuzkoan lortu duen ordezkaria kongresuan. Esperientzia zabala du Espainiako kongresuan hiru legealditan aukeratuta izan delako Gipuzkoako zerrendetan.
Senatuan ordezkari bat izango du Donostiak. Lore Leanizbarrutia aspaldian bizi da hirian eta EAJren izenean euskararen arloan hainbat erakundetan egin duen lana senatura eraman nahiko du.
Mugikortasun zinegotzia Kongresurako diputatu
Politika
Udaleko kide guztien zoriona jaso du Ernesto Gascok; ez dio Mugikortasun zinegotzi izateari utziko.
x. etxabe
Ernesto Gasco Mugikortasun zinegotzia Espainiako Kongresuko diputatua izango da hurrengo lau urteetan. Inork gutxik espero zuen Gipuzkoan PSE-EEk hiru diputatu lortuko zuenik. Albistea, ordea, pozez hartu zuen PSE-EEren hirugarren diputatuak Gipuzkoan, Ernesto Gascok. Mugikortasun zinegotziak ez ezik, beren alderdiak jaso zuen emaitza oparoarengatik taldekideen artean ere nabaria zen poza.
Ernesto Gascok onartu duenez, zinegotzi izaten jarraituko du. «Alkatearekin hitz egingo dut hemendik aurrera zein funtzio bete ditzakedan zehazteko».
Igandeko hauteskundeen ajea PSE-EEko kideentzat gozoa izan bada ere, sentsasio gazi-gozoa du Ernesto Gascok. «Isaias Carrascoren heriotza gogoan dut oraindik.Igandean, ordea, jende asko hurbildu zen Amara Zaharreko bozkalekura boza ematera eta horrek hemen bizi eta herritarren aldarrikapenak defendatzeko eskubidea dugula erakusten du».
Hain zuzen eskubide horiek bermatzeko gogo biziz lanean jarraituko duela ziurtatu du Gascok. «Donostia da nire pasioa, ñoñostiarra naiz, Amara Zaharrekoa eta harro nago. Madrilen nahiz hirian, Donostiarengatik, Gipuzkoarengatik eta Amara Zaharreko bizilagunengatik lan egingo dut».
Homosexual, bisexual eta transexualen eskubideak defendatzea izango da, halaber, Ernesto Gascoren beste arduretako bat Madrilen, Diputatuen Kongresuan. «Homosexualen egoera ez da batere xamurra eta batzuk haien eskubideak zapaltzen saiatzen diren arren, gutxiengo eta ahulenen eskubideak defendituko ditut Kongresuan».