11 idazleren gogoeta irakurtzearen inguruan
Literatura
Egiako Meettok argitaletxeak Harkaitz Canoren, Felipe Juaristiren eta Mariasun Landaren izkribuak bildu ditu, besteak beste.
Mikel Goñi
Meettok argitaldariak idazleen eta irakurketaren arteko harremanaren inguruko hausnartzea suspertu nahi du. Hori dela eta, 11 idazleri egintza horren inguruko idazlan bana atontzeko eskatu zien
Irakurri izeneko lanean biltzeko asmoz. Harkaitz Canoren hitzetan, «kartzelako gaia izan da, eta denok bertso bera idaztearen arriskua zegoen ». Hala ere, ez da horrela izan; nahiz eta, gai errepikakor batzuk azaltzen diren liburua osatzen duten 11 ataletan.
Bada donostiarrik bildumatxo honetan: Harkaitz Cano, Felipe Juaristi eta Mariasun Landa eta Iban Zaldua. Uxue Apaolaza eta Edorta Jimenez dira argitalpenerako idazkiak prestatu zituzten beste egileetako batzuk.
Liburuaren aurkezpenean Ramon Etxebeste editoreak Harkaitz Cano eta Angel Errori eman zien hitza, «beraiek baitira lana osatu dutenak».
Gai bat, modu anitz
Irakurketari buruz jardun dute idazle guztiek. Hala ere, tonu, teknika eta estilo ezberdinak eta askotarikoak biltzen dira orri multzo horretan. Besteak beste, gidoien moduan ezarri du Uxue Apaolazak bere idazkia. Errok, berriz, hiru poema atondu ditu irakurketak iradokitako hiru irudi ezberdinekin.
Irakurtzearen ustezko prestigio az saiakera txikia egin du Mariasun Landak. Felipe Juaristi metaliteraturan are gehiago sakondu du Ray Bradburyren
Farenheith 451 bere gogoetarako hasiera puntutzat hartuta.
Canok, berriz, irakurtzearen ekintzak iradokitako glosen bilduma papereratu du. Besteak beste, filmetan agertzen diren irakurleez jarduten du horietako batean, eta batez ere aktoreek irakurtzean duten sinesgarritasun faltaz.
Donostian irakurtzea zaila da
Irakurketak ingurunea behar du., eta Donstia ona ote den ekimen horretarako galdetuta, erantzun ezberdina eman zuten Canok eta Errok.
Idazle nafarrak ez daki hiri honetan «liburu bat eskutan izanik kalera irtetea erridikulua egitea ote den». Canok, berriz, publikoan irakurtzeko gero eta toki gutxiago gelditzen dela adieraziz, Apaizen pasealekua ekarri zuen gogora.
Fitxa
Titulua. Irakurri.
Egilea. Egile asko.
Argitaletxea. Meettok.
Urtea. 2008.
Salneurria. 16,00 euro.