37.000 kilo zabor jaso dituzte olatu kolpearen ondorengo lanetan
Ekaitza
Hiriko kaleak garbitzeaz arduratzen den FCC enpresak langileria indartu du garbiketa beharrei aurre egiteko.
x. etxabe
Garbiketa langileak jo eta ke aritu ziren astearte eta asteazkenean olatuek eragindako txikizioaren arrastorik ez uzteko. Denera, 37.000 zabor bildu dituzte, horietatik 24.000 kilo itsasoak ekarritako hondakinak, eta denda eta etxebizitzetatik ateratako zakarra dira. Beste 6.000 kilo olatuek hondatutako zakar organikoak dira, usteldutako jakiak gehienak. Gainontzeko 7.000 kiloak, berriz, olatuek zabortegira bidaltzeko moduan utzi dituzten zakarrontzi, eserleku eta bestelako altzariak dira.
Hondakin hauek guztiak biltzeko garbiketa langileak atsedenik gabe egon dira lanean. Hori gutxi balitz, aparteko egoerari erantzuteko 15 lagun gehiago hartu ditu FCC enpresak.
Kontxako eta Ondarretako aldagelak zabalik
Ehunka langile ari dira bai Pasealeku Berriko txokoak garbitzen baita hiru hondartzak txukuntzen ere. Kontxa eta Ondarretako aldagelak zabalik daude dagoeneko, eta Zurriolan itsasoak ekarritako harriak kentzen ari dira. «Kontxako hondartza garbitzeko ezin izan dugu makinarik sartu Alderdi Ederreko arrapala hondatuta dagoelako», azaldu du Alberto Rodriguez Hiri Mantenu zinegotziak. Datorren astean makinak sartzeko moduan egongo direla espero du Rodriguezek. Zurriolan, Kursaal ondoan dauden komunak irekitzeko Aste Santurarte itxaron beharko da, olatuek guztiz hondatu baitzituzten. Aldagelak ere goitik behera aldatu beharko dituztela azaldu du zinegotziak.
Parte Zaharrean ere egoera bere onera dator. Dena den, oraindik pilatuta dagoen zaborrarentzat Udalak edukiontzi bereziak jarri ditu.
Bi egunez itxita egon eta gero Bretxako postu gehienak normaltasun egoerara itzultzen ari dira, merkatuko gerentziaren eta osasun arduradunen oniritziaz.
Bretxako merkatua zabalik berriro
Mikel Goñi
Bi eguneko eten behartuaren ondoren normaltasun itxura hartzen ari zen atzo goizean Bretxako merkatua. Konponketa lan handienak eginak eta garbiketa bukatu ondoren publikoarentzat lanean hasi dira azokako postu gehienak.
Hainbat lan bukatu beharko dituzte datozen egunetan. Besteak beste, merkatura jaisteko eskailera mekanikoak eta igogailua matxuratuta zeuden atzo eguerdian eta martxan noiz jarriko ziren ezin zuten zehaztu langileek. Bertan dagoen supermerkatuko langileek arazoak izan zituzten, iragarri bezala, eguerdian irekitzeko eta honenbestez zabaltzea atzeratu zen.
Bestalde beheko sotoan egin beharreko lanek ere luze joko dutela aurrikusten dute postuetako jabeek. Baina, era berean, osasun berme guztiak dituztela eta alorreko agintaritzaren «argi berdea» gaineratu nahi izan dute.
Genero asko alperrik galdurik
Postu batzuetan makineria elektrikoa matxuratu bada ere, galera nagusia alperrik galdu den generoa izan da. Lourdes Zorrozua arrain saltzaileak hozkailuetan zeukan genero guztia galdu du «asko ere ez geneukan egunean egunekoa ibiltzen baitugu, baina den dena bota behar izan dugu». «Hala ere, asko galdu dutenak fruta saltzaileak dira» gaineratu zuen «beraiek lurrean zuzenean gordetzen baitituzte fruta kaxak».
Baina gehien galdu dutenak beheko soilaruan sotoak eta hozkailuak zituztenak dira han izan baitzuen uholdeak eraginik handiena.
Galerak ere erabilitako hozkailu motaren araberakoa izan da Ramoni Izagirreren ustetan eta adierazi zuenez «goiko aldean motorea duten hozkailuak ez dira hondatu» . Izagirreren harategian hainbat gauza bota egin behar izan zituzten, «saltxitxak eta abarrekoak, horiek itxita egon garen egunetan txartu egin direlako». Bestalde pieza haragia zatitu gabe zeukatenez, ez dute arazo handirik izan «bestela, hori haragi mordoa bota beharko genukeena!»
Bezeroen elkartasuna
Jose Angel Oses harakinak ez du gehiegi galdu uholdearen ondorioz «120 bat euro, izan ere, ni erretiroa hartzekotan nabil eta ez dut genero gehiegi hemen». Eskailerak eta igogailua lehenbailehen konpontzea espero du Osesek «adineko jende askorekin egiten dugulako lan. Ni neu lauzpabost alditan igo naiz eta leher eginda nago».
Bestalde, saltzaileen arteko elkarrizketetan jendeak «egun batzuetan bada ere» supermerkatu handietara ez joateko desioa entzun zitekeen. Zorrozuak esaten zuen moduan jendeak «interes handia erakutsi du. Niri, esterako, telefono zenbakia ezagutzen duten bezeroek deitu egin didate».