Udalak eta Illunbe kudeatzen duen enpresak hitzarmena eten dute
Hirigintza
Udalak hamabi hilabete izango ditu Illunbe kudeatuko duen enpresa aukeratzeko lehiaketa martxan jartzeko.
xabier etxabe
Udalak eta Nuevo Desarrollo de Anoetak, egun Illunbe kudeatzen duen enpresak, aisi gunea kudeatzeko zuten hitzarmena eten dute. Udalak hamabi hilabete izango ditu lehiaketa berria antolatzeko. Lehiaketa eskuratzen duenak 44 milioi euro jarri beharko ditu, 36 milioi Nuevo Desarrollo de Anoetari (NDA) kalte ordainak ordaintzeko eta beste zortzi milioi euro Illunben lanean egon diren enpresei kalte ordainak ordaintzeko. Illunberen kudeaketa hartzen duen enpresak, halaber, egungo eskaintzarekin zer ikusirik ez duen eskaintza jarri beharko du mahai gainean.
Lehiaketan parte hartzailerik ez balego, Udalak 21 milioi ordaindu beharko lizkioke NDAri.
Udala eta NDAren arteko hitzarmena
Udalak Illunbe kudeatzen duen enpresarekin zuen hitzarmena etetea «lan nekeza» izan dela aitortu du Odon Elorza alkateak. Azkenik, adostasuna lortu dute eta Udalak Illunbe kudeatuko duen enpresa hautatzeko hamabi hilabeteren buruan lehiaketa antolatuko du.
Lehiaketa antolatu bitartean NDAk Illunbe kudeatzen jarraituko du, hortaz, zezenketek, kirol ekitaldiek eta bestelako ekimenek ez dute bertan behera geratzeko arriskurik izango.
Udalaren eta NDAren arteko hitzarmena, gainera, 75 urtetakoa zen. Udalak martxan jarriko duen lehiaketarekin, berriz, hitzarmenaren luzapena 50 urtetakoa izango da.
NDAk lehiaketan parte hartzeko aukera izango du
Udalak Illunbe kudeatuko duen enpresa aukeratzeko antolatuko duen lehiaketan, Nuevo Desarrollo de Anoeta enpresak nahiz beste enpresa batzuk izango dute parte hartzeko aukera.
Illunbe kudeatuko duen enpresak 44 milioi euro jarri beharko ditu, besteak beste, NDAri eta Illunben lan egin duten enpresak saritzeko. Lehiaketa bidez hautatutako enpresaren eskaintzak, gainera, «ez du Arccok edota Bretxak eskaintzen dutenarekin inolako antzekotasunik izan behar», aipatu du Odon Elorza alkateak.
Bestalde, lehiaketa antolatu eta enpresarik ez aurkeztea gerta daiteke. Egoera hori gertatuko balitz, Udalak NDAri 21 milioi eman neharko dizkio.
Illumbe itxuraldatzeko Plan Orokorra aldatuko dute
Lehiaketa egin baino lehen Illunbeko eraikinean edozein aldaketa egiteko Plan Orokorra moldatuko dute. «Plan Orokorra aldatuta bestelako dendak jartzeko aukera zabaltzen da Illunben, oraingo eraikinak altuera handia du eta Plan Orokorra aldatuz beste solairu bat egitea baliatuko luke», azaldu du Odon Elorzak.