Azken segundoan sartutako golari esker, Akabak aurrera
Eskubaloia
27-28 irabazi du Danimarkan; inoiz baino urrunago iritsi da Bera Bera Europako Kopan
Erredakzioa
Kirola horrela da. Asteazkenean, azken arnasean ihes egin zion puntu batek Akaba Bera Berari Cementos La Unionen kantxan Ligako partidan. Azken unean jaurtitako penalti bati esker berdindu zuen etxeko taldeak. Atzo, aldiz, azken segundoan Tervelek sartutako golari esker, Europako Errekopako finalerdietan sartu da Akaba. Inor gutxi gogoratzen zen atzo, 16:30 aldera, asteazkenean ihes egindako puntuaz. Izan ere, atzoko balentriak ez du parekorik. Final-laurdenak gainditu ezinezko horma zen Bera Berarentzat Europan. Atzo, aldiz, Tervelen jaurtiketak partida eta kanporaketa irabazteko ez ezik, horma hori apurtzeko balio izan zuen. Lehen aldiz jokatuko du Bera Berak Europako txapelketa bateko finalerdietan.
Joan den astean Kif Vejen gailendu zen Bidebietan 26-27. Zazpi goleko aldea ere izan zuten daniarrek, eta ziur atzo behin baino gehiagotan gogoratuko ziren horrekin. Atzo, aldiz, Akaba ia partida osoan aurretik joan zen. Atsedenaldian, esate baterako, gol bateko aldearekin iritsi zen.
Azken txanpan 27-27
Bigarren zatian kanporaketa ia erabakita izan zuten Bera Berakoek, ihes egin izan baitzuten markagailuan. Partidaren hondarrean baina, Kif Vejenek oso estu hartu zuen Akaba eta 27-27 emaitza ageri zen markagailuan segundo gutxi batzuk geratzen zirenean. Etxeko taldeak, gainera, baloia zuen . Baita irabazteko aukera, baina Bouveretek geldiketa egin zuen. Alboko sakea egin zuen orduan Vejenek, eta baloia galdu. Une horretan Akabako atezainak baloia aurrera bota zuten, han baitziren bakar-bakarrik bi taldekide, jakitun hori gerta zitekeela. Tervelek hartu zuen baloia eta gola sartu zuen. Hortik aurrera, poz handia. Eta etxeko zaleak, noski, gertatutakoa ezin ulertu. Kirola horrela da. Akabaren bidaia Europan barrena ez da bukatu.
«Ziur geunden gai ginela irabazteko; etxean ez genuen ondo jokatu»
VERONICA VALVERDE ð- AKABAKO JOKALARIA
raul perez
Partida bukatu eta minutu gutxira erantzun zion Veronica Valverdek IRUTXULOKO HITZAko deiari, Danimarkatik. Partida oso bizia izan zela eta Tervelek azken gola sartu zuenean ez zekiela aurrera egiteko balio zuen edo ez aitortu zuen.
Nola joan da partida?
Nahiko parekatua joan da hasieratik, baina bost minuturen faltan lau goleko aldea ere izan dugu. Epaileen erabaki batzuengatik eta urduri jarri garelako, baloi batzuk galdu eta haiek berdindu egin dute. Azkenean baina, Tervelen gola iritsi da.
Galduta ikusi al duzue neurketa segundo gutxiren faltan baloia haien esku zegoela?
Egia esan nahasita genbiltzan; ez genekien oso ondo zer emaitza behar genuen sailkatzeko. Nik adibidez, Tervelek azken gola sartu duenean ez nekien aurrera egiteko balioko zuen edo luzapena jokatu beharko genuen.
Bidebietan galdu eta gero, espero al zenuten aurrera egitea?
Ziur geuden posible zela. Haiek onena eman zuten Donostian eta guk, aldiz, ez genuen etxean ondo jokatu. Bagenekin gakoa zela haiek partidaren hasieran lauzpabost goleko errenta ez hartzea. Fisikoki oso nekatuta gaude, baina haiek gu baino okerrago zeuden.
Zuretzat hau al da lorpenik handiena?
Ez dakit, bada. Kopa irabazi genuen iaz, lau egunetan topera ibili eta gero. Errekopan,ordea, ez dugu oraindik ezer irabazi. Finalerdiak? Barruan gaude eta batek daki zer gerta daiteken.