
Supermerkatu eta betiko janari denda arteko lehiari tinko eustea egunetik egunera zailagoa den arren, badira oraindik etxe ondoko denda txikitik kalitatezko jakiak eskaintzeko prest dauden dendariak.
Ez usteltzeko borrokan
xabier etxabe
Arrain handiak txikia jan ohi du. Arrain askok, ordea, txiki izanda ere handien atzaparretatik alde egiteko abilezia dute. Trebezia bera erakusten dute janari denda txikiek beren negozioa aurrera ateratzeko egiten duten ahaleginarekin. Egunetik egunera gutxiago dira. Intxaurrondoko Luistarren auzuneko Vadillojanari denda ezagunak ateak itxi zituen eta Bidebietako Palomero eta Alfonso janari dendak ere auzotarren gogoan daude aspaldi itxi bazituzten ere. Aldiz, Jose Miguel Gorritik eta Itziar Tejeriak Loiolan, Javier Navarrok Erdialdean, Koro Mansok Parte Zaharrean eta Manu Goikoetxeak Grosen eguneroko lanarekin bereari eusten diote.
Gaztetatik hasitako lana
«Janari denda bat aurrera ateratzea jendeak uste duena baino nekezagoa da», dio Loiolan Itziar Tejeriarekin batera janari denda duen Jose Manuel Gorritik. Goizeko 06:00etan hasten da Jose Manuelen lan eguna. Ordu horretan hartzen du merkaturako bidea bere bezeroentzat preziatuenak izango diren produktuak aukeratzera. «Inork baino hobeto ezagutzen ditugu dendako salgaiak eta guk aholkatzen ditugu bezeroak etxean jango dutenarekin gustura gera daitezen». Bezeroari aholku ematea da janari denda txikiek duten abantailetako bat.
58 urte ditu Jose Manuelek eta 14 urte zituenetik darama dendari. Supermerkatuek janari dendaren egunerokoa aldapa gora jartzen badute, Loiolan auzoa eraberritzeko egin dituzten lanek haien biziraupena are estuago bilakatu duelako kexu da. «Kaleak zabalagoak direnez, ezin da autoa denda aurrean utzi, hortaz, bezeroek autoa uzteko eremu erosoagoak bilatzen dituzte erosketak egiteko».
Lanean gogor jarraitzea giltza
Autoa denda aurrean uzteko adina arazo dute Erdialdean Prim kaleko Dena janari dendako bezeroek. Hori dela eta, etxetik mugitu gabe, erosketa etxeraino eramateko aukera eskaintzen dute Javier Navarrok eta bere senitartekoek. «Bezero asko ezagunak direnez, azaldu gabe badakigu zer nolako produktuak jaso nahi dituzten etxean».
Javier Navarrok ez ezik, bezeroak ere ondo baino hobeto daki zein ona den Dena janari dendan saltzen dituzten jakiak, eztia edota fruitu lehorrak batik bat. Kalitatea da bezeroek denda hauetan bilatzen dutena eta hori zenbait produktutan «supermerkatuetan baino merkeago» haien janari dendan eros daitekeela ziurtatu du Javier Navarrok.
Zenbait produktu merkeago eskaintzen dituzten arren, bai janari denda txikietan baita supermerkatuetan ere egunotan erosketa egitea «inoiz baino garestiagoa» dela onartu du Prim kaleko dendariak. «Oinarrizko produktuek gora egin dute eta nabari da bezero askok gutizi askori agur esan diete».
Erramua eta guzti Portu kaleko Manso janari dendan
Krisiaren zantzuak Parte Zaharrean ere nabari dira. Janari dendetan, orohar, ohitura zen uneko egoera ekonomikoak larrituta dendariarekin zorretan izatea. Portu kaleko Manso janari dendako Koro Mansok erakutsitakoaren arabera, garai bateko ohiturak bere horretan jarraitzen du, zerrenda luzea baitute erosketa ordaindu gabe dutenen bezeroekin.
Inguruko adineko jendeaz gain, atzerritar eta bisitari ugari sartzen da Kororen dendan. Izan ere, eskaintza zabala du, erramu eta guzti ari ziren banatzen atzo. Asteko zazpi egunetan dute denda zabalik. «Ordu asko dira eta jendeak ez du halako lanik hartu nahi». Arrazoi horregatik edo beste batzuengatik, Parte Zaharreko janari denda ugarik itxi dituzte ateak. «Portu kalean, Konstituzio plazatik Kaia aldera bost denda zeuden eta orain bi gaude; Abuztuaren 31n lau behintzat bazeuden eta orain bat bera ere ez».
Fruitu eta barazkiak dira Manu Goikotxearen berezitasunak
Grosen ere janari denda asko beste negozio batetan bilakatu dira. Manu Goikoetxeak, ordea, bere janari dendari eutsi dio Jose Arana kalean. 29 urte ditu dendak eta kalitaterik handiena exijitzen diote bezeroek Manuri, fruitu eta barazkitan bereziki. «Saltzen ditudan produktuen %80 dira fruitu eta barazkiak». Garbiketa produktuak eta bestelakoak ere eskaintzen ditu Jose Aranako janari dendaren arduradunak, saltzen ez dituen produktuak etxera eramaten ditu.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zinema
Zine - foruma "El baņo del papa"
ERDIALDEA, Kutxa aretoan, Arrasate kalea, 12 - 2008-10-16
Jardunaldia
Kontzentrazioa pobreziaren aurka
ERDIALDEA, Bulebarreko kioskoan - 2008-10-17
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.