Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko irailak 7, Igandea

Harpidetu zaitez!

LUIS OROKIETA: - Suhiltzailea

«Nire lanbidearekin maitemindurik nago»

Suhiltzaileak

56 urte ditu Luisek eta 32 daramatza lanean. Donostiako parkean dabilen hirugarrena da bere familian.

Igone fdez. mariezkurrena



Donostiako parkeko beheko solairuan hartu gaitu Luisek, bere bulego-tailerrean. Ordenagailua, liburuak eta beste hamaika erreminta eta pieza nahasturik ageri baitira gela ilunean. Adinean aurrera doa, hala dio bere bizar zuriak. Ebakiz beteriko esku beztuek ere urtetako lan gogorraz hitz egin digute. Erretiratzeko gogoa eta bizitza bizitzeko ilusioa duela aitortu digu suhiltzaile donostiarrak.

Nolatan sartu zinen suhiltzaile?

1976an izan zen, 24 urte nituela. Ordura arte mekaniko lanetan ibilia nintzen, baina asegururik gabe. Garai haietan zailagoa baitzen horrelakorik lortzea. Horregatik, hemen, parkean, asegurupeko lanpostua eskaini zidatenean, ez nuen dudarik izan. Gainera, tradizio handia dugu gure familian, parkean dabilen hirugarren belaunaldia naiz.

Parkeko trebatuenetarikoa izango zara, hortaz.

Bai, baina bada nik baino eskarmentu handiagoa duenik ere; badira 60 urtetik gorakoak ere.

Nola gogoratzen dituzu gaztetako lehenengo urte haiek?

Gidari eta mekaniko modura sartu nintzen. Baina, jakina, sasoi hartan askoz ere suhiltzaile gutxiago ginen eta denoi suertatzen zitzaigun denetarik egitea. Hortaz, hasi eta berehala sartu ninduten brigadatan; hasi eta berehala egokitu zitzaidan suak itzaltzea.

Zein da Donostia inguruan gogoratzen duzun suterik larriena?

Asko dira... Ez dut data zehatza gogoratzen, baina bereziki zirraragarriak izan ziren niretzat Igeldo eta Ulia mendietan piztu ziren sute bana itzaltzeko lanak. Gau oso bat eman nuen alde batetik bestera, atsedenik hartu gabe. Gauaren iluntasunak, gainera, hunkigarriagoa egin zuen egoera. Dena dela, askotan gertatzen zaigu lana amaitu eta hurrengo egunetan jabetzen garela benetako arriskuaz.

Egunotako denboralea dela eta, lan handia izango zenuten.

Oraingo honetan ez zait egokitu kanpora ateratzea -parkean geratu da mekaniko lanetan- baina kideek lan izugarria izan dute, bai. Egun eta erdi behar izan dute Parte Zaharreko kale eta lokaletatik ur guztia ateratzeko. Ez da zauriturik izan, behintzat.

Herritarrek behar bezala ezagutu eta estimatzen al dute zuen lana?

Herri honetan nahiko fama txarra dugu. Iruditzen zait hemendik kanpo suhiltzaileek izen hobea dutela eta begirunez tratatzen dituztela. Hemen ez. Esate baterako, etxebizitzetan pizten diren suak itzaltzeko paretak eta lurrak puskatzen ditugula leporatzen digute. Kasu askotan hala izaten da, bai, baina herritarrek ulertu behar dute, egiten badugu, halabeharrezkoa delako egiten dugula.

Martxoaren 8an egoitzako ateak zabaldu zenituzten ezagutu nahi zuen ororentzat. Zein izaten da halako jardunaldien helburua?

Batez ere gure materiala eta instalazioak erakustea bilatzen dugu. Herritarrek suhiltzaileen kamioiak kalean eta ziztu bizian pasatzen ikusten dituzte soilik; ez dituzte xehetasunez ezagutzen. Uste dut denontzako onuragarriak izaten direla halako egunak.

1922ko kamioi bat ere izaten da ikusgai egun horretan.

Bai, urtero ekartzen dugu Azpeititik, hango tren museoan gordetzen baitugu orain. 1922an erosi genuen, 22 metroko eskailera du. 1962ra arte eduki genuen jardunean, harik eta 44 metroko eskailera zuen ibilgailu modernoago bat erosi genuen arte.

Eta orduan?

Orduan Bretxa azpira eraman genuen antzinako beste bi ibilgailurekin batera. Han egin zituen beste hamabost urte. Baina Bretxa ingurua eraberritzeko lanak hasi ziren eta kamioiak Easoko parkera ekarri behar izan genituen berriz ere. Tokialdaketa egiten ari ginela, garaiko alkateak (Alkain) horietako ibilgailuren bat berritzeko interesa agertu zuen. Dirua behar zela esan genion, berak diru hori gure esku jarri eta, suhiltzaile guztion artean, 1922ko kamioia berritu genuen.

Altxor txiki bat da zuentzat.

Bai, batez ere niretzat, nik bakarrik gida dezaket eta. Besteek ez dakite. Izan ere, oso ibilgailu autentikoa da, jatorrizko itxura eta motorra mantentzen dituena; manibelari eragin behar zaio abian jartzeko.

Etxekoentzat zaila al da suhiltzaile batekin bizitzea?

Emaztea askotan ernegatzen da eta laneko arazoak etxera eramaten ditudala leporatzen dit, ez dakidala deskonektatzen. Arrazoi du. Ardura handiko lana dut, ordea.

2009rako prest egongo da Garbera ondoko parke berria.

Suhiltzaileok ez dugu aldatzeko gogorik, albiste txarra da guretzat. Hemen, Easo kalean, hiriko erdigunean gaude; han, ordea, urrun egongo gara eta, seguru aski, beranduago iritsiko gara laguntza behar duten hiritarrengana. Baina lokal zabalagoa behar dugu eta ezinezkoa da hirigunean topatzea.

Zer moduzkoa da belaunaldi desberdinen arteko harremana?

Ba, geroz eta tirabiratsuagoa. Lehen, suhiltzaile sartzen zenak bokazioz egiten zuen. Orain, ordea, gazteak hamaika titulurekin eta izugarrizko prestakuntzarekin iristen dira parkera. Ongi da hori, baina iruditzen zait ahaztu egiten dutela eta ez dutela aintzat hartzen zaharron eskarmentua.

Zein da lanbidearen alde iluna?

Uste dut suhiltzaile orok erantzungo lukeela gauza bera: haurrak tartean diren egoerak izaten dira gogorrenak. Umetxo bat zauriturik edo, kasurik okerrenean, hilik ikustea latza izaten da.

Eta, aitzitik, zer botako duzu faltan erretiratzen zarenean?

Egia esan, badut erretiratzeko eta bizitza bizitzeko ilusioa. Urte luze daramat ezin deskonektatu eta badut atseden hartzeko beharra. Dena dela, mekanika gustatzen zait, akzioa gustatzen zait eta zoragarria da ongia eginez herria zerbitzatzea. Lanbidearekin maiteminduta nago.

 


«Egun eta erdi behar izan dugu Parte Zaharreko kale eta lokaletatik ur guztia ateratzeko»

«Ez dugu Garbera ondoko parke berrira aldatzeko gogorik, albiste txarra da guretzat»

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Musika

Zimarros
DONOSTIA, M.A.D. (Larramendi kalea, 4) - 2008-09-12

Jaialdia

MARRUMA EGUNA
GROS, KATALUINA ENPARANTZAN - 2008-09-13

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa