Puio-Lanberriko eskola zertan den jakiteko bilera eskatu du Elorzak
Aiete Hezkuntza sailarekin elkartuko da ; Osakidetzarekin ere elkartu nahi du, Aieteko osasun etxeari heltzeko.
raul perez
Puio-Lanberriko eskola publikoaren poriektua zertan den jakiteko bi aste barru Hezkuntza sailarekin elkartuko dela iragarri du Odon Elorza alkateak. Elorzak esan du ez Udalak ez udalbatzak ere ez diotela Aieteko eskola publikoari «uko egingo» .
Udalbatzak 2006. urtearen bukaeran eman zion behin betiko argi berdea Puio-Lanberriko proiektuari eta toki horretan lursail bat gorde zuen Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, Lehen Hezkuntzako eskola egiteko. Urtebete luzea joan da orduz geroztik, eta Jaurlaritzak oraindik ez du Aieten eskola egiteko proiekturik egin. Iturri batzuen arabera, Jaurlaritzak ez du guztiz erabakita Puio-Lanberrin eskola egingo duen edo ez.
Hori horrela, alkateak Hezkuntza saileko ordezkariekin «elkarrizketa zuzena» izango du bi asteren buruan. Elorzak esan du «lehentasunezkoa» dela Aietek eskola publikoa izatea. «Aietek kirol gune eta kultur etxe berria izatea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta beste hainbeste esan daiteke eskolaz. Toki oso egokia da gainera; egingo den plazaren ondoan legoke».
Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak, bere aldetik, esan du ez dutela udalbatzak onartutako egitasmoa aldatzeko asmorik eta Puio-Lanberriko hirigintza lanak ¬etxebizitzak eta plaza egingo dituzte¬ hasi aurreko azken urratsa ematear direla iragarri du.
Osasun etxea
Hezkuntza sailarekin ez ezik, Osakidetzarekin ere elkartu nahi du Elorzak, Aieten osasun etxea egitea posible den jakin nahian. Auzoan osasun etxerik ez dutenez, Antigua, Amara Zaharrera, Amara Berrira eta Grosera joan behar izaten dute aietearrek. Aurrekontu Parte-hartzaileen harira, Lantxabe auzo elkarteak Pagolako hirigintza proiektuan komunitate ekipamendu gisa ageri den lursailean osasun etxea egitea proposatu izan du. Iaz udaletxean Udala eta auzo elkarteen arteko bileran ere osasun etxea behar dutela zuen aietearrek.