San Luis plaza jaietarako bukatu nahi du Udalak
Herrera
Aurreko proiektuarekin alderatuta, behin betikoan jai jarduerak egiteko gunea zabalagoa da.
r. perez
Aste honetan bertan ekin diote Herrerako San Luis plazan orain arte egindakoa kentzeari. Udalak «auzotarren kexak entzun eta gero» hasierako proiektua aldatu egin du. Auzoko jaietarako, San Luis jaietarako, plazako lanak bukatu nahi dituztela iragarri dute Elorza alkateak eta Letamendia Hirigintza zinegotziak.
Plazaren jatorrizko proiektuan hainbat aldaketa egin dituzte. Hala, porlanezko hormarik ez du izango eta zoruan galtzada-harria eta hiriko baldosa arrunta jarriko dute ¬hormak eta zorua jarrita zeuden eta aste honetan bertan kentzen ari dira¬. Alkateak azaldu duenez, jai jarduerentzako toki zabalagoa izango dute plazan. «Jatorrizko proiektua baino garestiagoa da, baina egia da era berean auzotarrak hainbat eragozpen jasaten ari direla azken urteotan berritze lanengatik», esan du Elorzak. Lehen proiektuan ageri ziren farolak eta aterpea ez dituzte jarriko erdigunearen mesedetan eta bi tokitan zuhaitzak ipiniko dituzte.
Letamendiak gaineratu duenez, San Luisek plaza eta lorategi itxura izango du. Herrerako plazako behin betiko diseinua zehazteko orduan auzotarrek ekarpenak egin ahal izan dituztela nabarmendu du zinegotziak.