
IBAI IZTUETA ð- Idazlea
«Pertsona arrunt batek nola idatziko lukeen jakin nahi nuen»
Literatura
Ibai Iztuetak 'Oro bare' poesia liburua aurkeztu berri du. Zegaman 1977an jaioa, Donostian bizi da egun idazle gaztea.
nerea lizarralde
Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratu du Ibai Iztuetak Oro bare poesia liburua. Pertsona arrunt baten ikuspegitik kontatutako poesia egin du bere lehenengo liburu honetan. Lau atal nagusitan banatu ditu 38 poema: Epikaren behi begiak, Totel lirikoa, Ez da azkarra, bai saiatua eta Mistika hutsa, kaferik gabe.
Zure bakarkako lehen liburua da. Nola sortu zen 'Oro bare' idazteko ideia?
Ez da erraza hau azaltzea. Irakurzalea naizen partetik irizpide batzuk garatu ditut eta horiekin batera ideia batzuk etorri zaizkit burura. Hori gorpuztu nahi nuen eta pixkanaka liburua idazteko proiektua sortu zen. Duela hiru urte hasitako gauza dela esango nuke.
Aurretik egindako lanekin antzik ba al du?
Ez, hau berria da niretzat. Nire aitarekin batera Orixeren gutunen inguruan liburu bat argitaratu genuen, baina ez du zerikusirik; hau beste mundu bat da.
Zer kontatzen dute liburu honetako 38 poemek?
Idazteko gogoa duzu baina ideiak ere garbi izan behar dituzu. Kasu honetan ezerrez apartekorik esateko duen pertsona batek nolako poesia egingo luke jakin nahi nuen. Bat gehiago izan daitekeen pertsona edo batezbestekoa denak egiten duena. Lehenengo eta behin, pertsonaia bat sortu nuen eta ondoren, pertsonaiaren neurrira sortutako ahotsa.
Zer dela eta?
Ideia hori landu nahi nuen interesgarria iruditzen baitzait bai gaiak enfokatzeko aldetik bai poesia idazteko moduagatik. Badago idazle klase bat, idazle-pertsonaiarena, bere bizitzari buruz idazten dutenak, Bukowski esaterako. Baina nik honako gogoeta egin nahi nuen, eguneroko errutinaren inguruan ba al du idazteko ezer batezbesteko pertsona horrek? Hor badago materiala. Zeri buruz idatziko luke eta nola? Argi dago muga batzuk izango dituela estiloan. Ez du denborarik ia idazteko eta ez daki oso ondo nola egin behar duen. Baina honek bere edertasuna ere izan dezake.
Eta nolakoa da batezbesteko pertsona hori?
Arazo berezirik ez duen norbait, literaturzaletasuna duena, baina idazteko joera eta erraztasunik ez duena, egun osoan lanean ematen duena eta ia ezer egiteko astirik ez duena...
Eta nola idazten du pertsona arrunt batek?
Nik sailkapen bat argi ikusi nuen gaien aldetik. Hiru atal lantzen ditut. Lirika, epika eta mistika. Lirika maitasunarekin lotuta dagoen oro da. Epikan ohiko heroiak gure egunerokotasunera ekartzen ditut eta mistika, berriz, abstraktua dena baina gure bizimoduan eragin nabarmena duten gauzak: sinismenak, esperantza, izuak, ametsak... Ukiezina den hori guztia.
Gauzak argi esan nahirik idatzitako poemak direla esan duzula irakurri dut.
Hitzei ez diet aparteko garrantzirik eman, ez naiz hizkuntzan gehiegi oinarritu, besteak beste, ez dakidalako horretarako gai izango nintzatekeen. Egile baten esaldi bat dut gogoan: «Arrosa ez da zertan lurrindu behar». Zure ustez polita bada, horrekin nahikoa baita. Gainera nire testuak ideia baten inguruan sortu dira eta irudi horiek ederregi sortzen badituzu azkenean ideia bera ito egin dezakezu. Hizkuntza euskarri bezala erabili dut.
Nolakoa izan da azken emaitza?
Ni gustura nago lortutakoarekin. Lasai nago, konsziente naizelako poesia liburu honen bertute eta akatsekin.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
Zinema
Zine - foruma "El baņo del papa"
ERDIALDEA, Kutxa aretoan, Arrasate kalea, 12 - 2008-10-16
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.