Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko urriak 14, Asteartea

Harpidetu zaitez!

Nagitasunak jota etxean geratzeko asmorik ez duten 55 urtetik gorako hainbat lagunek sortu zuten Helduen Hitza elkartea; ez dute berritzen ari den gizartearen aurrean egonean geratu nahi.

Badute zer esan

xabier etxabe

Esperientziaren Eskolaren haritik sortu zen Helduen Hitza.Ikasturte amaieran proiektua egin behar zuten zenbait ikasleri elkartea osatzea otu zitzaien 2001. urtean. Behar ziren tramiteak egin eta gero, 2003an sortu zuten elkartea. Helduen Hitza 55 urtetik gorako pertsonek osatutako elkartea da eta adin horretako gizon-emakumeen gaitasunak garatzea du helburu. Azken batean, adinekoen bazterketa saihestu eta gizartean haien partaidetza sustatu nahi dute. 12 lagun izan ziren 2003an elkartea sortzen aitzindariak eta urte hartan 38 laguneko taldea osatzea lortu zuten. Bost urte geroago 100 lagun ari dira elkartean.

Gauza berriak ikasteko gogoa

Eskarmentu handiko pertsonak diren arren, ez dute ikasteari uzteko asmorik. Urritik maiatzera bitartean ikastaro berezia dute martxan. Era guztietako adituak elkartzen dira hainbat gairen inguruko xehetasunak mahai gainean jartzeko. Urrian, esaterako, «euskal etnografiaren inguruko hainbat hitzaldi izan zituzten Fermin Leizaola Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografoak gidatuta». Maiatza bukaeran, gaian sakontzeko Baztango bailarara irteera antolatu dutela azaldu du Jose Manuel Susperregi Helduen Hitzako kideak.

Ikasturtea astean bi egunetan egiten dute, 10:00etatik 12:00etara. Pil-pilean dauden gaiak jorratzen dituzte; norberaren ezagutza aberasteko balio duten gaiak. Unibertsitate eta erakundeetako adituekin batera, elkarteko bazkideek ere badute beren jakituria jendeaurrean jartzeko aukera. «Ikasle askorentzat oso aberasgarria da jantziak diren gai horien inguruan gainontzeko ikasleei beren jakituriaren berri eman ahal izatea», dio Susperregik.

Ikastaroa Okendo eta Ernest Lluchen egiten dute eta denera, 70 bat lagunek hartzen dute parte. Hurrengo eskola maiatzaren 7an antolatuko dute. Udaltzainek iruzurrak ekiditeko trikimailuak irakatsiko dizkiete.

Ikastaroarekin nahikoa ez eta ostegunero elkarteko lagun batzuk bilera egiten dute ikastaroan azaldukoaz hausnartzeko. «Txikiteoan ibili beharrean, eguneko gaien errepasoa egiten dugu».

Adinekoen arteko harremana sendotzeko, halaber, bazkariak, bidaiak, museotara bidaiak eta bestelako ekitaldiak antolatzen dituzte. «Besteak beste, astero-astero taldetxo bat elkartzen da ingurutik txangoa egiteko, beste talde batek Done Jakue bidea egiteko erronkari ekin eta datozen egunetan, Leon eta Santiago arteko bidea egingo dute», adierazi du Susperregik.

Euskara eskolak

Hitzetik hortzera dabiltzan gaiak eztabaidatzeko ikastaroa ez ezik, urritik maiatzera bitartean euskara ikasteko eskolak hartzen dituzte hainbat bazkidek. Eskolak ematen dituzten boluntarioak Helduen Hitza Elkarteko bazkideak dira eta garai batean ikasitakoa erakusten diete ikasleei.

Amaran dute bilgune

Helduen Hitzak Amara Berrin du egoitza, Gracia Olazabal kalean, Ignacio Merkader plazaren alboan. Egoitza handia da, ordenagailu gela du eta guzti. Bilera gela handia du liburuak uzteko apalekin. Liburutegitxo bat sortzekotan direla esan du Susperregik. «Elkarteko bazkideek ekarritako liburuak artxibatuta, gainontzeko bazkideek liburuak hartu eta hiriko liburutegietan bezala mailegatzeko aukera izango dute».

Ikasteko eta gauza berriak egiteko interesa duen adineko lagunentzat dago Helduen Hitza irekita. Elkartea gertutik ezagutu nahi duenak egoitzara jo edo beren jardueren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko www.helduenhitza.com webgunean kontsulta dezake.

 


12 lagunek sortu zuten elkartean eta orain 100 bat ari dira Helduen Hitzan

Elkarteari buruzko informazioa nahi duena www.helduenhitza.com helbidean sar daiteke

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Zinema

Zine - foruma "El baņo del papa"
ERDIALDEA, Kutxa aretoan, Arrasate kalea, 12 - 2008-10-16

Jardunaldia

Kontzentrazioa pobreziaren aurka
ERDIALDEA, Bulebarreko kioskoan - 2008-10-17

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa