
Uda giroak lagunduta hirira turista asko etorri izanak urte hasiera kaxkarra hobetzen lagunduko duela uste dute ostalariek.
Eguraldi onarekin, krisirik ez
maitane aldanondo
Maiatzaren Leheneko zubian egin duen eguraldi paregabeak nabarmen lagundu du turistak hirira gerturatzean. Kaleak jendez beteta egon dira egun hauetan eta hiriko txoko turistikoenetan atzerriko ahotsak asko eta maiz entzun dira. Baina ez kaleetan bakarrik. Bisitarientzako turismo gune erakargarriak diren taberna eta jatetxeetan ere lan eskerga izan dute. Eta hau beren pozerako izan ohi da.
Aurtengo Aste Santua negargarri joan zenez, egun hauetako emaitzek orduko galerak edo irabazi ezak gainditzeko balio izango zuten esperantzarekin hasi zuten zubia ostalari askok. ParteZaharreko Kale Nagusiko Alcalde tabernako Joseba Iraizozek azpimarratzan duenez, «urtea oso zaila izaten ari da, Aste Santua txarra izan zen eta orduan saldu ez genuena ez dugu errekuperatzerik izango». Zubia bukatzear dagoela egindako hausnarketa eta balorazioek jai egunak beren interesen aldekoa izan direla baieztatzen dute.
Krisiaren zantzurik ez
Egunkarietako ekonomia saileko orrietan hainbeste aipatzen den krisia ez da inondik ageri. Konstituzio plazan dagoen Txurrut tabernako Berazaiz Olazabalek aipatu duenez, «krisi handirik ez da nabaritu. Egia da eguraldiak asko lagundu duela, bereziki guri, terraza baitaukagu».
Jendeak gastua egin du, eta jan eta edateko orduan ez dio poltxikoari erreparatu.«Oso onuragarria izan da. Turista asko dabil eta gastua egiten dute», baieztatudu A fuego Negro jatetxeko Oscar Gonzalez zerbitzariak. Aste Santuarekin alderatuta, gorakada agerikoa izan da. «Aste Santuko oporraldia oso goiz izan zen eta gauza gehiegi batu ziren denbora gutxian: Eguberriak, San Sebastian eguna, inauteriak... Horrez gain, eguraldia ez zen batere ona izan. Oporraldi honetarako Visa txartelak osatzeko denbora izan du», gogoeta egiten du Gonzalezek .
Saltokia dutenak ere pozik daude ondo saltzen ari direlako eta honek urtean zehar egindako emaitza kaxkarrak nolabait hobetzeko lagundu duelako. Hala ere, turistek ez dute gehiegi gastatzen ere. Arkupe dendako Nere Arregiren hitzetan, «egunean zehar bi salmenta garrantzitsu egiten ditugu. Jendeak erosi erosten du, baina gauza txikiak agian».
Kataluniarrak eta madridarrak
Asteburuak ekarri du turisten mugimendu handiena, eta atzo goizean turisten hainbat autobus edota gidak emandako azalpenak entzuten ari ziren talde asko ikus daitezke Parte Zaharreko ohiko txokoetan.
Hirira etorri direnen artean, kataluniarrak eta madrildarrak izan dira nagusi, Estatuko beste toki batzuetatik jende dexente etorri bada ere. Gainerakoen artean, urteko beste garaietan gertatzen den moduan, frantsesak izan dira nagusi; baina bisitari alemaniar, italiar edota amerikarrik ere etorri dela diote merkatariek.
«Udako denboraldia ondo hasteko hau bultzada izatea espero dugu»
mikel ubarretxena ð - Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko presidentea
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.