Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko maiatzak 12, Astelehena

Harpidetu zaitez!

niko etxart ð- Musikaria

«Iparraldean erdaldunek ere euskal kantua gozatzen dute»

Musika

Niko Etxart, bere aita, Dominika, eta bere koinatuarekin, Robert Larrandaburu, izango da Lagunekin kantari ekimenean bihar Larrotxene kultur etxean.

nerea lizarralde



Zuberoako kanta-modu bereziaren erakusle nabarmenak dira Etxart-Larrandaburutarrak.

Zer iruditzen zaizu Lagunekin Kantari ekimena?

Pentsatzen dut gero eta haboro holako ekimenak egin behar direla, telebistari bai eta gizarte estresante honi ihes egiteko. Ene ustez helburua ez da iraganeko giro idiliko baten artifizialki arrasortzea, bena bai modu aktibo batean bakotxak bere ahalekin gure kanta xaramela ederra sinpleki kantatzea.

Nolakoa izango da emanaldia?

Lehen partean hiruak elkarrekin, biazka eta nola ez bakarka ere ariko gara. Bigarren partean gure entzuleen artean egonen gira leheneko ostatu giro batean bezalaxe aritzeko denek, prefosta hautatu dutugun kantore parrastot bat nahi duanarekin kantatzeko!

Eta errepertorioa?

Gure Eperra izenburua duan azken CDko kantore zonbait, Xiberoko kantore zahar elibat, guhaurk eginiko kantore eta Ligetxe, Attuli edo bi Etxahunen kobla zonbait ere eskainiko dutugu.

'Eperra' bezalako abestiek kantuan jartzen al ditu oraindik Euskal Herriko plazak?

1974etik aitzina Eperra kantatzen dut plazaz plaza, ene rock kontzertuetan edo aita eta Robertekin leheneko artzainen maneran betiko arrakasta lortzez. Musikaturik grabatu nuan lehen aldikoz 1979an eta duela 4 urte, 2004ean, aita Dominika eta Robertekin a capella. Jadanik bide luzea egin du kantu honek eta ez da dudarik jendea jartzen diala kantan!

Intxaurrondon egongo zarete bihar. Antiguako jaietan izan zineten urte hasieran. Korrikaren harira berriz, Antzoki Zaharrean, iaz. Nolako esperientziak izan dira?

Ja, hiru urte segidan Antiguan kantatzen dugula eta gustora jiten gira, jakitez giro bero eta kartsu bat bertan izanen dela. Publikoak gurekin bat egiten du eta ez da otoiztu behar gurekin ari ditean kantan. Lehen aldean bereziki hunkigarria izan zen eta uduri zuan Larrañen ginela kantan. Bestaldi batez ere nolako ezustekoa ene aita eta donostiar gazte batek algarrekin kantan entzutea. Gainera nik eta Robertek sekula ikasi ez dutugun kantoreak ene aitarekin ederki kantatzen hitzez hitz. Antzoki Zaharrekoa osoki bestelakoa izan zen, hor Anje Duhaldekin partekatzen nialako taulada.

Sasoitsu al daude euskal kantu ekitaldiak? Zer xarma dute?

Euskal Herria zabala da eta guneka edo zonaka orokorki jendeen erantzuna guziz diferente izaten da; Iparraldean erdaldun publikoak euskal kantua gozatzen du ere, aldiz hegoaldean ez da batere berdin. Euskal kulturaren Ghetto fenomenoa nabariago da dudarik gabe Hegoaldean. Gure kasuan uste dut modan girela kantuzaleentako eta exotiko samar besteentako.

Mixel Etxekopar-ek honakoa dio: «Ipar Euskal Herrian txinparta txiki bat aski da kantuaren sua pizteko».

Guziz ados naiz Mixel adiskidearekin, hala da oraino ere Baxenabarren eta Xiberoan, baina aldi honetan, Intxaurrondon, izan gaitezen gu kantua piztuko duen txinparta hori!



 


Intxaurrondon, kantuak elkarturik



Musika

Bidaia musika taldea, Itziar Zamora eta Jexuxmai Lopetegi ere Intxaurrondon izango dira.

erredakzioa



Zuberoako Niko Etxart musikariak emango du aurtengo Lagunekin Kantari musika emanaldi sortaren lehen kontzertua, bihar 20:00etan Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxean. Bere aita, Dominika, eta bere koinatua, Robert Landaburu izango ditu lagun, azken hamarkada honetan bezala. Niko Etxart 19 urterekin Euskal Herriratu eta euskal rockaren aitzindari izan zen. Euskal kanta tradizionalak ere berarekin daramatza.

Maiatzaren 12an izango da hurrengo hitzordua. Mixel Ducau Errobi eta Zaldibobo taldeen sortzaileetakoa da. Orain emaztearekin, Caroline Phillipsekin dabil Bidaia taldean, musika bikote bezala. Parisen ezagutu zuten elkar.

Itziar Zamorak eta Jexuxmai Lopetegik Etxekoekin Kantari izeneko emanaldia eskainiko dute hilaren 19an. Azkeneko urteetan Intxaurrondo kantuz ekimena egin da auzoan eta Itziar Zamora kantu taldeetako gidatzailea izan da. Hiru kontzertuak doakoak dira eta 20:00etan hasiko dira. Hilaren 23ko kantu afarirako txartelak, bestalde, 15 eurotan eros daitezke kultur etxean bertan.

Zazpigarren aldiz antolatu dute Lagunekin Kantari ekimena. Larrotxenera joaten direnak entzule eta kantari ariko dira. Izan ere, kantariek jendearentzat abesten dute aurrena eta ondoren kantariak eta ikusleak, denak bat, jarduten dira. Kantarien eta ikusleen arteko harremana, beraz, gertu-gertukoa izaten da. Amaia Zubiria, Erramun Martikorena, Aire Ahizpak, Anje Duhalde, Mikel Etxekopar... Kantari asko pasatu da Lagunekin Kantari ekimenaren hasieratik Larrotxene kultur etxetik.





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Entzungor'
DONOSTIA, Egia parkeko Ingurumen Baliabideen Etxea - 2008-04-14

Ipuin Kontalaria

'Jokin eta Argi'
DONOSTIA, Egia kultur etxea - 2008-05-15

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa