1.500 lanpostu eskainiko dituzte 40 bat enpresek
Sustapena
Maiatzaren 14 eta 15ean antolatuko dute Enplegu Azoka Igarako Cemei enpresa gunean.
xabier etxabe
Lan bila ari direnentzat Sustapen Elkarteak martxan du 6. Enplegu Azoka. Igarako Cemei enpresa gunean egingo dute maiatzaren 14 eta 15ean eta 1.500 lanpostu inguru eskainiko dituzte. Lan bila ari diren herritarren eta lana eskaintzen duten enpresen arteko elkarrizketak egiten dituzteEnplegu Ferian. Hortaz, elkarrizketa hauetarako ordua eskatu nahi duenak maiatzaren 12a bitartean egin behar du eskaera, Cemei enpresa gunean, 943481764 telefonoan edo fomentoempleo@donostia.org helbidean.
Sustapen Elkarteko arduradunek diotenez, Enplegu Azokan lan eske dabiltzanen %60ak lortzen du lanpostua.
Lanpostu eskaintza zabala
Antropologo, komertzial, tabernari... Era guztietako lanpostuak betetzeko eskaintzei erantzuna emateko asmoz, bat egingo dute 40 bat enpresetako kideek eta lan bila ari diren herritarrek Cemein. Enplegu Azokak sei urte beteko ditu aurten eta hasiera batetan, «lan bila ari zirenen beharrak bideratzeko azoka bazen ere, orain enpresa askok jotzen dute guregana beren premiak asetzeko beharrezkoa duten langilea topatzeko helburuz», esan du Enrique Ramos Sustapen zinegotziak.
Aurten, beraz, 40 enpresatik gora dira azoka honen bitartez langileak kontratatu nahi dituztenak. Era honetan, era guztietakoak dira eskainiko dituzten lanpostuak, prestakuntza handikoak zein txikikoak. Azken batean, «egungo lan merkatuaren isla da Enplegu Azoka» dio Lourdes Escribano Enplegu Azokako arduradunak.
Horretaz gain, Enplegu Azokan parte hartzen duten guztiak ez daudela langabezian zehaztu du Escribanok. «Iaz lan eske azokan parte hartzen zutenen %30a lanean ari ziren».
Elkarrizketa aurreko hautaketa
Maiatzaren 14 eta 15eko Enplegu Ferian lana lortu nahi dutenek maiatzaren 12a bitartean eman behar dute izen. Honela, lan eske dabiltzanak curriculumaren hiru kopia aurkeztu beharko dituzte 9:00etatik 18:00etara, interesa duten lanpostu horien aukeraketa egiteko. Bertan, Sustapen Elkarteko langileek lan bila ari direnen beharrak bideratuko dituzte.
Sustapen Elkarteko www.fomentosansebastian.org webgunean ere eman daiteke izen. Informazio gehiago behar duenak 943481764 telefonora deitu ala fomentoempleo@donostia.org helbidera idatz dezake.