rafael agirre franco ð- Idazlea
«Posible ote den ukrainarrez osatutako traineru bat ikustea? Bai noski»
Literatura
Ukrainako arraunlariak fitxatuta Kontxa irabazi nahi duen enpresari donostiar baten gorabeherak kontatzen ditu Rafael Agirrek bere azken nobelan.
raul perez
Donostian girotu du Rafael Agirre Francok
Los ucranianos eleberria . Hiriko enpresari boteretsua da istorioaren protagonista. Eraikuntzan goia jo eta gero, bizitza publikoan bere burua ezagutarazi nahi du. Donostiak traineru oso indartsua izatea bururatuko zaio, eta horretarako Ukrainako arraun selekzio osoa fitxatuko du. Arrauna da nobelaren ardatza, baina hirigintza eta ustelkeria bezalako gaiei ere tokia egin die Rafael Agirrek. Kataluniako Marge books argitaletxeak kaleratu du liburua eta Agirre pozik dago, Katalunian bertan ere hainbat ale saldu dituelako.
Estropadak, Tenis elkartea, elkarte gastronomikoak... Hiriarekin lotutako hainbat gai jorratu izan dituzu. Eleberria, aldiz, gutxiago landu duzu.
Aipatutako horiek guztiak enkarguzko lanak dira. Eleberri honi dagokionez, denbora librea nuen eta horregatik heldu nion. Zeharo desberdina da eleberri bat edo enkarguzko lan bat egitea. Eleberriak idaztea atseginagoa da, sortzeko aukera handiagoa izaten delako. Enkarguzko lanak metodikoagoak dira.
Abiapuntua bitxia da. Hiriko enpresaburu boteretsu batek Ukrainako arraun selekzioa fitxatu nahi du, Donostiak oso traineru indartsua izan eta Kontxan irabaz dezan.
Eraikuntzan diharduen enpresaburu ustela da protagonista. Bere emaztearekin ez da ondo moldatzen. Emazteak arraunlari batekin maitasun istorioa badu ere, enpresagizonak ez ikusiarena egingo du, iruditzen baitzaio inportantea dela jendaurrean normaltasun itxura ematea. Nobela 2009an girotuta dago. Ukrainarrek urrezko domina irabazi dute Pekingo Olinpiar Jokoetan eta hori dela-eta, haiengana joko du. Ukrainarrak Donostiara etorri, eta enpresagizonak bere inguruko enpresatan emango die lana. Traineru indartsua osatu nahi du, publikoki ezaguna izateko. Eraikuntza, ustelkeria, beren burua ezagutzera eman nahi duten enpresagizonak... Gaurkotasuneko gaiak dira horiek guztiak. Zeinek ezagutzen zituen Iñaki Badiola, Sevillako Jose Maria del Nido edo Real Madrileko Florentino Perez futbol munduan hasi baino lehen?
Zergatik aukeratu duzu arrauna zure istorioaren ardatz gisa?
Iruditzen zitzaidalako horrelako istorio bat garatzeko arrauna testuinguru aproposa zela. Zergatik bururatu zaidan ukrainarrak protaginista bihurtzea? Bada ni Ukrainan egona naizelako eta han arrauna oso kirol garrantzitsua dela badakidalako.
Posible ikusten al duzu kontatutako gertatzea, alegia arraun talde bat ukrainarrez edo beste tokiren bateko arraunlariez osatzea ?
Bai noski. Guztiz posiblea iruditzen zait. Diru askorik irabazten ez duten arraunlariek enpresagizon boteretsu baten deia jasoz gero, nola ez diote bada men egingo! Haientzat pagotxa litzateke.
Baita Donostian ere?
Zergatik ez? Donostia bezalako hiri batean bestela zaila da traineru lehiakorra izatea. Hondarribia, Orion... Herri horietan arrauna oso sustraitua dago, eta zaila da, asko ordaindu ezean toki horietako arraunlariren bat hona ekartzea. Biztanle kopuru handia izatea ez da inongo bermea traineru indartsua izateko. Izan ere, biztanle kopuruari erreparatuta, Bilbok sekulako trainerua izango luke, baina ez da hala.