Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko irailak 7, Igandea

Harpidetu zaitez!

Ametzagañan topaturiko aztarnak orain 20.000 urte ingurukoak dira. Aranzadiko Jexux Tapia arkeologoak azaldu ditu aztarnategiaren berezitasunak eta bere garrantzia.

Orain 20.000 urteko donostiarren arrastoa

igone fdez. mariezkurrena

Hainbat adituk (J. M. Merino eta Antxon Diez tartean) aspalditik esana zuten Ametzagañan historiaurreko donostiarren aztarnak ageri zirela. Aranzadiko kide den Jexux Tapia arkeologoak, ordea, 2005ean lehenengo azterketa egin, azalekoa, eta ez zuen «harri bakar bat ere» topatu. Baina Paco Barrio larratxotar eta arkeologia zalearen ekiteari esker, adituek indusketak berrartu eta orain 20.000 urte inguruko donostiarren arrastoa antzeman dute. Ametzagañako aztarnategiaren garrantziaz aritu zen astelehenean Jexux Tapia arkeologoa Koldo Mitxelenako Areto Nagusian. Urte baten buruan lurra berriz ere altxatu eta arakatuko dutela jakinarazi du gainera.

Paco Barriori esker

Larratxotarra da Paco Barrio. Eta arkeologia zalea. Ongi aski ezagutzen du berak Ametzagañako parkea txikitan, Intxaurrondon bizi zenean, bertan ibiltzen zelako lagunekin jolasean.Oraindik ere maiz inguratzen da bertara, paseoan. Halaxe, hain zuzen paseoan zebilela topau zuen orain bi urte pasatxo harri bat. Museoetan ikusten zituen horien antza zuela eta, berehala ondorioztatu zuen pieza zahar-zaharra zela, mozketa landuak zituela.

Harriak biltzen jarraitu eta pieza guztiekin Aranzadira jo zuen orduan; materiala baliotsua zela baieztatu zioten zientzilariek. Hala, Jexux Tapiarekin hitzordua adostu eta zientzia elkartekoekin batera itzuli zen Paco Ametzagañara. Orduan bai, arkeologoek, aztarnategiaren benetako potentzialaz jabetuta, indusketa-lanak abiatzea hobetsi zuten. Ingurua eraberritzeko proiektua martxan izan arren, Udaletxeak ez du inongo oztoporik jarri eta parkearen beraren diseinua aldatzeko prestutasuna agertu du zientzilarien lana errazte aldera.

Atari zabaleko kokalekua, orain 20.000 urtekoa

Hilabete luzez eginiko landa-arakaketen ondoren, bildutako materiala analizatzeko garaia izaten da; logikak aplikatzekoa, kontuak egitekoa eta ondorioak ateratzekoa.

Fase horretantxe dihardute orain Aranzadikoak.

Jexux Tapiak azaldu duenez, inguruaren izaerak zaildu du lana. Gizakiaren aldetiko «eskuhartzea eta sarraskia» nabarmena da Ametzagañan eta, gainera, haitzuloetan gertatzen ez den bezala, atari zabaleko kokalekuetan materialak errazago barreiatu eta hondatzen dira. Bestalde, halakotan zaila izaten da harrien adina zehazteko beharrezkoak diren aztarna organikoak topatzea (Karbono-14 proba egiteko).

Hala ere, bildutako 2.000 piezetan behin eta berriz errepikatzen den tipologiari erreparatuta (sukarria da nagusi eta Noailleseko Buril tankerako lanabesak) ondorioztatu dute goi paleolito garaiko gizakien arrastoa antzeman dutela. Hain zuzen orain 20.000 urte ingurukoa, gutxi gora behera.

Homo Sapiensaren garaiak ziren haiek, glaziazio gogorrekoak, hotz latzekoak.

Baina 7 kilometrora Landarbasoko kobazuloak izan arren, donostiako biztanle primitibo haiek nahiago izan zuten Ametzagañan finkatu; kanpoan, estalperik gabe. Eta, hain zuzen horixe da aztarnategi honi berezko garrantzia eransten diona. Izan ere, Irikaitzekoarekin batera, Gipuzkoako atari zabaleko kokaleku bakarra da hau.

«Gizaki azkarrak ziren eta, seguru asko, onura bereziren bat sumatuko zioten toki honi», dio Jexus Tapiak. «Itsaso-maila 120 metro beherago kokatzen zen orduan eta Urumea erreka besterik ez zen izango Ametzagaña alboan. Eremu oparoa izango zen, ziur. Pasaiako pasabide naturala hurbil zuten eta Urumearen ibarraren gaineko kontrola bermatua ».



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Musika

Raiz Dx
DONOSTIA, M.A.D. (Larramendi kalea, 4) - 2008-09-11

Musika

Zimarros
DONOSTIA, M.A.D. (Larramendi kalea, 4) - 2008-09-12

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa