Euskaltel Euskadiko Lander Aperribayk lehen aldiz parte hartuko du Italiako Giroan. Talde buruei laguntzea izango da amaratarraren lana.
Aperribayk zerua du zain
raul perez
Larunbatean hasi eta ekainaren 1ean bukatuko da txirrindularitza denboraldiko lehen itzuli handia, Italiako Giroa. Euskaltel Euskadiko Lander Aperribay amaratarrak lehen aldiz parte hartuko du lasterketan. Gaur bertan abiatuko da Italiarantz maletak bete ilusio.
Iaz egin zuen debuta profesionaletan eta Giroa lehen itzuli handia izango da berarentzat. Iaz ere Corsa rosa-ra joatekotan zen, baina azken unean Euskaltelek ez eramatea erabaki zuen. Larunbatean hasiko den lasterketari begira animoso dago. «Nire lana bete dut. Asko entrenatu naiz, asko zaindu naiz janariari dagokionez... Errespetua diot probari hiru asteko lehen itzulia izango delako niretzat, baina ez dut beldurrik. Iazko denboraldiarekin alderatuta, entrenamendu luzeen ostean azkarrago ematen diot buelta gorputzari. Hori erresistentzian hobera egin dudan seinalea da». Aperribayk morrontza lanak egin beharko ditu taldeko buruarentzat Italiano errepideetan, Koldo Fernandez Larrearentzat. «Ihesaldiak bilatu beharko ditut eta lankideei lagundu, ea etaparen bat irabazten dugun».
Ohi bezala, Giroko ibilbideak zur eta lur utz dezake edonor. Oso etapa gogorrak baitaude, azken egunetan gainera. Pordoi, Gavia edo Mortirolo bezalako aldapa amaigabe eta tenteak igo beharko dituzte txirrindulariek. «Ez naiz kikilduko mendate horietan. Ez dakit oso ondo zein den nire tokia txirrindularitzan, baina ezer izatekotan igotzailea naiz».
Gianni Bugnoren galderak
Iritzia
Peio Ruiz Cabestany
Txirrindulari ohia
Behin bakarrik parte hartu nuen Giroan, 1993an. Eta gainera ezin gauza asko kontatu, mendira iritsi baino lehen erori eta erretiratu egin nintzen. Gogoan dut garai hartan Giroaren izaera guztiz aldatu zela. Aurreko urteetan oso lasterketa erosoa zen. Esprinterrek eta liderrek, Saronnik eta konpainiak kontrolatzen zuten lasterketa. Poliki-poliki zihoan tropela eta, kasualitatez, telebistak konektatzen zuenean, erritmoa bizkortzen zen.
90etik aurrera, borroka askoz handiagoa izaten ari da. Emozioa dago eta edozein unetan ustekabeak izan daitezke. Lehen, lasterketa italiarrentzat prestatzen zuten, baina orain edozeinentzat da, hau da, ahalik eta txirrindulari onenak erakartzen saiatzen dira; aurten azken unean, esate baterako, Astanari atea ireki diote.
Esan bezala, 90.eko hamarkadaren hasieran lehiatu nintzen Giroan. Gatorade Italiako taldean nengoen, eta taldeburuarentzat, Gianni Bugnorentzat, egin nuen lan. Sekulako txirrindularia zen, baina garai hartan maldan behera hasita zegoen, Induraini ezin zion aurre egin. Gogoan dut Induraini buruz galdetu egiten zidala, etengabe. Txirrindulari nafarrak konplexua sorrarazten zion. Hala ere, klase handiko ziklista zen Gianni Bugno.
Klasikoetako esperientzia
Apirila hasieran klasiko handienetako bitan aritu zen Aperribay, Flandesko Tourrean eta Paris-Roubaixen. Ez zuen ez bata ez bestea bukatu, baina esperientzia ahaztezina izan dela dio Aperribaik. «Amorratzen joan ginen, bagenekielako oso gogorrak zirela, baina bezperan hamaika zikloturista eta zale ikusi genituen eta horrek zer pentsatua eman zigun. `Hauek guztiek jai eguna eskatu dute eta ez dute inongo sosik jasoko. Nola kexatuko gara gu, bada?´». Flandesko Tourrean 210 kilometro egin zituen. Helmugatik 54 kilometrora geratu egin zen. «Poliziak geldiarazi gintuen beste txirrindulari batzuk eta ni, oso atzeratuta genbiltzalako eta kontroletik kanpora iritsiko ginelako helmugara». Une horretan Aperribay larritu egin zen. «Helmugara iristeko auto-stop egin beharko nuela pasatu zitzaidan burutik, baina halako batean autobus batean sartu gintuzten.Han zeuden aurretik erretiratutako txirrindulariak. Txalo artean eta jai giroan egin genuen hotelerainiko bidea». Paris-Roubaixen 200 kilometro egin zituen. Helmugatik 60 bat kilometrora jarri zuen oina lurrean, ahituta, besteak beste, Arenbergo basoa igaro eta gero. «Esperientzia polita, bai, baina ez nuke hurrengo urtean errepikatuko. 60 kilorekin ez dut zer eginik».
etapa garrantzitsuenak
Maiatzak 10, larunbata. Taldekako erlojupekoa (23,6 kilometro).
Maiatzak 20, asteartea. Pesaro-Urbino. Bakarkako erlojupekoa (39,4 kilometro).
Maiatzak 25, igandea. Arabba-Passo Fedaia/Marmolada (153 kilometro). Pordoi eta San Pellegrino mendateetatik igariko dira Marmoladara igo aurretik.
Maiatzak 26, astelehena. San Vigilio Di Marebbe-Plan de Corones. Kronoigoera (12,9 kilometro).
Maiatzak 30, ostirala. Legnano-Presolana/Monte Pora (228 kilometro).
Maiatzak 31, larunbata Rovetta-Tirano (224 kilometro) Gavia-mendaterik garaiena- eta Mortirolo izango dituzte bidean.
Ekainak 1, larunbata Cesano-Maderno-Milano (224 kilometro)
1
i latinoa | 2008-05-07
AperribaY?
Hurrengoa zer izango da eCHeVerria, edo CelaYeta???
ene