Udako 60 kirol ekintza eta 40.012 toki eskainiko ditu Donostia Kirolak
Kirola
Ekainaren 2an zabalduko dute izena emateko epea, kirol elkarteetara hurbilduz edo internet bidez egin daiteke.
xabier etxabe
Surfa, water-poloa, hondartzako errugbia, arrauna, mahai tenisa... Herritarrek gustuko duten kirol hori ezagutu eta praktikatu nahi dutenentzat udako kirol ekintza sorta jarriko du abian Donostia Kirolak. 60 kirol biltzen ditu udako kirol kanpaina honek eta 40.012 lagunentzako tokia dago herritarren kirolzaletasuna asetzeko. Kirol eskaintzaren berri izateko, astelehenetik aurrera Donostia Kirolak eskuorriak banatuko ditu hiriko kiroldegietan. Informazio guztia, www.donostiakirola.org webgunean jaso daiteke, halaber.
Kirol ekintzetan izen emateko lehen eguna ekainaren 2a izango da. Azken bi urteetan bezala izen ematea kirol elkarteetara hurbilduz ala Donostia Kirolaren webgunetik egin daiteke. 29 kirol elkartek eta federazio bat parte hartuko dute udako kirol ekintza kanpaina honetan.
Hamar kirol elkarteetako eskaintza zabala denez, ekainaren 2an eta 3an, kirolzaleek ilaran zain egon ez daitezen, izen emateko hitzordua eskatu beharko dute. Maiatzaren 26tik 31ra eskatu beharko da hitzordua 943 000853 telefonoan. Dei bakoitzeko lau hitzordu eskatu daitezke.
40.012 kirol eskaintza
60 kiroletan banatuta 40.012 lagunentzako tokia dago udako kirol ekintzetan. Astebete edota bi asteko jarduerak dira eta adin guztiko kirolzaleentzat daude kirol ekintzak irekita.
Honela, 16 urte arteko gazteentzat, 28.636 lagunentzako tokia dago udako kirol ekintzetan izen emateko. 16-29 urte bitarteko plazak, 6.353 dira eta 30 urtetik gorakoentzat eskaintza 5.023koa da.
Jon Lasa Kirol zinegotziak adierazi duenez, «igeriketak, tenisak edota piraguismoak dute kirolzaleen artean arrakasta gehien». Urtetik urtera, gainera, udako kirol ekintzek geroz eta interes handiagoa pizten dute herritarren artean. Iaz, 13.307 lagunek parte hartu zuten udako kirol ekintzetan, 11.109 lagun 16 urte bitarteko gazteak ziren; 918, 30 urte arteko gazteak ziren eta 1.280 lagun, 30 urte baino helduagoak.