Euskal Editoreek Manterola liburudenda saritu dute
Literatura
Euskal gaietan eta antzinako liburuetan espezializatua, Erdialdeko Manterola liburudendak 53 urte beteko ditu abuztuan.
nerea lizarralde
Antzinako liburuak, bigarren eskukoak, grabatuak, eskuizkribuak, eta batez ere euskal liburuak dira Manterola liburudendaren espezialitatea. Mariloli, Maria Luisa eta Juanjo Arbelaiz anaia-arrebak dira egun arduradunak. Gaur Bilbora joango dira, Euskadiko Editoreen Elkarteak eman dien Argital saria jasotzera. Manterola liburudendaren ibilbidea eta Unai Elorriaga eta Eduardo Mendoza idazleak sarituko dituzte editoreek.
Antzinako liburuak, altxorra
Enkanteak, liburutegi pribatuak edo azokak dira Manterolaren iturriak. Euskal Herritik kanpora irten behar dute sarri. Mariloli pozik dago, Argital saria liburudendaren lanaren errekonozimendua dela dio eta aurrera jarraitzeko indarrak hartzeko balio diela. Berarentzat, garrantzitsuena irakurleak sentsibilizatzea da: «Asko ez dira antzinako liburuen garrantziaz jabetzen, ez dira konturatzen altxorra direla».
Argital ez da Manterolak jaso duen sari bakarra. 2005ean, liburudendaren 50, urtemugan, Marilolik Hiritar Merezimenduaren domina lortu zuen eta.
Abuztuan 53 urte
1973an, Juan Arbelaiz sortzailea, aita, hil zenean hartu zuen ardura Marilolik, nerabea baino ez zela. Nostalgiaz oroitzen du Marilolik Manterolaren urrezko garaia: «Argitaratzen ziren euskal liburu guztiak biltzen genituen. Pixkanaka-pixkanaka, euskal liburuen banatzaile ere izatera iritsi ginen eta leku guztietara bidaltzen genituen. Ondo saltzen ziren euskal liburuak eta horretan bereizitu ginen. Frankismoan ezkutuan ibiltzen ginen liburuak saltzeko orduan». Garai gordinak ziren arren, euskal liburua asko saltzen omen zen. Donostian ez ezik, kanpoan ere. 70eko. eta 80.ko hamarkadetan euskaraz argitaratzen ziren liburu guztiak bidaltzen zituzten Ameriketako unibertsitateetara. Egun, Londresko British Library liburutegia bezero ona izaten jarraitzen du.
Sortzailea, Juan Arbelaiz
Juan Arbelaiz Iñarrak zabaldu zuen Manterola liburudenda. Libreria Internacionalen egiten zuen lan eta liburuak izugarri maite zituen. Zenbait urte lehenago hasi zen liburu zaharren salerosketan baina inolako saltokirik gabe. Euskal Herriko gaiei buruzko liburu guztiak biltzen zituen. Arrakasta handia lortu zuen berehala. Pio Baroja edo Jose Migel Barandiaran maiz joaten ziren altxor bitxien bila.