XVII. Donostia Hiria Pop Rock lehiaketa abian da
Musika
Lehiaketako partaideek maketa bat aurkeztu beharko dute ekainaren 6a baino lehen eta hiru finalistek Aste Nagusian jotzeko aukera izango dute.
nerea lizarralde
Diskorik inoiz argitaratu ez duten Gipuzkoako musika taldeentzako lehiaketa da Donostia Hiria Pop Rock Lehiaketa. Dagoeneko abian da XVII. edizioa eta lehiaketan parte hartzeko oinarriak aurkeztu dituzte. Maketak bidaltzeko azken eguna ekainaren 6a izango da. Antolatzaileek urtero batez beste 30 maketa jasotzen dituztela esan dute. Hautatutako taldeei jarraipena egiteko konpromisoa ere azaldu dute.
Sari nagusia, diskoa grabatzea
Donostia Kultura Festakeko bulegoetan jasotzen dituzten maketa guztien artean bederatzi aukeratuko dituzte. Ondoren, uztaila eta abuztua bitartean finalerdietako saioak egingo dira Donostiako lokal batean. Horietatik 3 taldek aurtengo Aste Nagusian kontzertua eman ahal izango dute.
Irabazlearen sari nagusia diskoa grabatzea izango da, lau abestiz osatutako lana. Guztira 500 ale argitaratuko ditu. Hurrengo urtean Pop Rock Lehiaketaren bukaeran joko dute gainera eta honez gain, Fnacen 300 euro gastatzeko txartela. Bigarren postua lortzen dutenek 1.600 euroko saria eskuratuko dute, eta hirugarren postukoek 1.000 euro. Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehiago Donostia Kulturaren
www.donostiakultura.com web orrian daude.
Gazte Epaimahaiaren saria
Aurreko edizioetan Gazte Epaimahai aren sariak balio sinbolikoa zuen soilik, aurten, ordea, aldaketa nabarmena izango da. Izan ere, Gazteak hautatutako taldeari kontzertuetan parte hartzeko aukera emango zaio,
Gaztemaniak! programazio barruan, esaterako. Hori dela eta Arritxu Marañon, Gazteria saileko zinegotziak, 18 eta 25 urte bitarteko gazteak lehiaketan aktiboki parte hartzera animatu ditu: «Kontzertu guztietara joatea izango da epaimahikideen egiteko bakarra. Ekainaren 27a arte dute izena emateko epea».
Lolas Club, iazko irabazleak
Lehiaketaren aurkezpenean iazko irabazlea, Donostiako Lolas Club rock taldea izan zen. Rock klasikoa egiten dute, Rolling Stonesen eragin nabarmenekoa.
Es solo Rock & Roll diskoa aurkeztu zuten, lehiaketari esker argitaratutakoa.