Larunbatean bidezko merkataritzaren aldeko ekitaldia egingo da Gipuzkoa plazan.
ERREDAKZIOA
Larunbatean ospatzen den bidezko merkataritzaren nazioarteko egunaren bat eginez, Gipuzkoa plazan Setem, Emaus, Alboan, Caritas eta Bidezko Merkataritzako koordinakundeak hainbat ekitaldi aurrera eramango dira.
Egun osoan zehar, bidezko merkataritzako produktuen dastaketa eta salmenta, erakusketak, 0 pobreziari eta bidezko merkataritzari buruzko informazio puntua eta esaldi onenaren lehiaketa egongo da.
Ekimen guzti hauekin kontsumo ereduen eta klima aldaketaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi da. Justizia egiteaz gain, arazo hauei aurre egiteko tresna gisa balio izan dezakeela uste baitute antolatzaileek. Horregatik, sinadura bilketa egingo dute, Estatuko presidenteari bidezko merkataritza babestu eta ingurumena gehiago zaintzen duten politikak aurrera eraman ditzan eskatu, eta mundu mailako justizia lortzeko merkataritza arauen aldaketa bultza dezan.
Egunean zehar haurrei zuzendutako tailer eta ikuskizunak eskainiko dituzte. Goizean, 11:00etan hasita, margoketa eta birziklatutako jostailuekin egindako tailerrak eta kalejira izango dira. Ondoren, 12:00etan, Kontukantoien eskutik ipuin kontalaria izango da eta Oihulari Klownen kale antzerki ikuskizuna. Bertan hirira iritsi berri diren lau indigenen parodia egingo da.
Arratsaldean aldiz, 17:00etan Intered-kometak jolas kooperatiboen tailerra emango du, 18:00etan Marokoko perkusio emanaldia izango da, eta azkenik, 19:00etan Andeetako dantzen ikuskizuna eskainiko dute.