MARTXELO RUBIO ð- Aktorea
«'27 ordu' filma egitean erabaki nuen aktore izatea»
Antzerkia
Carlos Zabala donostiarrak tragikomedia modernoa dakar Donostiara. Protagonisten artean dago Martxelo Rubio aktorea.
nerea lizarralde
Euskal Herrian
27 horas eta Goenkale telesailan egin zen ezaguna Martxelo Rubio aktorea (Donostia, 1966). Jesus Bonilla aktore espainiar ezagunak idatzitako La familia del chivo Froilan obrako protagonista da, Maria Garralon, Janfri Topera eta Carmen Archerekin batera. Carlos Zabala zuzendariak azaldu duenez antzezlan honek hezur eta haragizko pertsonaiak azalduko ditu. Ez dira errege-erreginak, kaleko jendea da. Baztertuta daude nekazal munduan bizi direlako eta egun progresotik eta zibilizaziotik kanpo geratzen ari den mundua da. Isolamendu eta bakardade horrek protagonistei eragiten dien sufrimendua azaltzen du. Komikotasun indartsua duela esan du baina bukaera irribarrea izozteko modukoa omen da.
Nolakoa da zure pertsonaia?
Hirian bizi ez den jendea pixkanaka baztertuta sentitzen dira eta ni hain zuzen, beraien kontrapuntua naiz nolabait. Bizimodu oso erosoa dut, ondo ordaindutako lanbidea... baina ez da berak pentsatuta zeukan bizimodua. Printzipio batzuk dauzka hasieran baina ez dute bere bizimoduarekin bat egiten. Azkenean zeure bizitza bizitzen ez duzunean hori manifestatu egiten da era batean edo bestean.
Carlos Zabala zuzendariak aktoreentzako obra zaila dela dio.
Nik uste dut testu oso gordina dela. Janfri Toperak esan duen bezala, barru-barrutik egin behar duzu bestela ez da ateratzen. Zerbait gehiago jarri behar zaio ongi funtzionatzeko. Bestalde, hasierako entseguetan zaila da obraren emaitza aurreikustea. Bukaeran eman dugu salto garrantzitsuena.
Nola moldatu zara zure lankideekin?
Lehen aldiz egin dut lan beraiekin eta aberatsgarria izan da. Ibilbide luzeko aktoreak dira gainera eta asko ikasi dut. Maria Garralonek, esaterako, bizitza osoa darama lanean eta lankide bezala oso harreman ona izan dut berarekin. Carlos Zabalarekin ere, jakina. Aurretik ere lan egin dut Carlosekin eta sormen handiko pertsona dela uste dut. Oso ondo moldatu naiz beti berarekin.
Euskal Herrian Goenkalen egin zinen ezaguna, harrez gero norantz jo duzu?
Telebistak fama ematen dizu. Gainera Goenkale fenomeno soziala izan zen hasieran. Harrez gero telebista gutxiago baina antzerki gehiago egin dut. Nire ustez antzerkian aktoreak gehiago hazitzen gara. Denboraldi honetan obra gehiago egiten ari naiz, oihartzun gutxiago dauka baina aldi berean, nik nabaritzen dut aktore gehiago naizela. Gure ibilbideak gora behera handiak ditu, gu kirolariak bezala gara, batzutan sasoian gaude eta beste batzuetan ez. Baina orohar antzerkiak beste mota bateko ikaskizuna da. Aktoreek edaten dugun iturria da.
Nolako esperientzia izan zen?
Oroitzapen politak ditut bertako taldearekin. Arrakasta dagoenean dena errazagoa izan ohi da, egia da, baina gogoan dut oso giro ona zegoela. Euforia giroa zen. Aktoreok arrakasta dugunean babestuta sentitzen gara. Baina tira Goenkalen izan nintzen garaiari garrantzia eman behar zaio baina bere neurrian. Izan ere, fama besteek buruan duten zerbait da, ez da aktoreei dagokien zerbait. Goenkale aspaldiko gauza da niretzat.
Zein preoiektutan egon zara murgilduta?
Garbi Losadaren
El amigo de John Wayne, oso gustuko antzezlana eta pertsonaia izan nuen . Satisfakzio handia eman zidan. Bi urte eta erdi egon ginen bueltaka eta lanean eta obrak harrera bikaina izan zuen.
Nacidos culpables ere, motzagoa, baina oso potentea izan zen. Gogorra izan zen baina merezi zuen. Shakespearen obra bat ere egin dut eta Valle Inclanen
Cara de Plata ere interpretatu dut Centro Dramatico Nacional-ekin. Zineman ere proiektu batzuk izan ditut baina hauek dira nire ustez potenteenak.
Noiz egon zara Donostian lanean azken aldiz?
Urteak dira egia esan.
Como agua para chocolate antzezlana Donostian estreinatu zen baina ni beranduago sartu nintzen lan taldean eta beraz ez nintzen Donostian egon. Madrilen egin ditut antzezlan gehienak.
Etxean lan egiteak ilusioa egiten al dizu?
Niretzat etxean lan egitea estreinaldi bat bezalakoa da. Familia eta lagunak joango dira eta beraientzat gustukoa izateko nahi hori daukat eta horrek urduri jartzen nau. Halere, urduritasun horrek tentsio apur bat sartzen dizu eta ez da txarra izaten.
Ustekabean hasi omen zinen interpretazio munduan, Montxo Armendarizen '27 ordu' filmean.
Bai hala da. Bokazioa gero etorri zen. Javier Agirresarobe ezagutzen nuen. Montxo Armendariz film bat prestatzen ari zela eta profesionalak ez ziren aktoreen bila zebilela komentatu zidan. Eta ustekabean neure eburua film bat egiten ikusi nuen. 19 urte nituen garai hartan. Filma bukatu nuenean Madrilera joan nintzen interpretazio ikasketak egitera. Orduan erabaki nuen aktore izatea.
Aktoreak kirolariak bezalakoak gara, batzutan sasoian gaude, beste batzuetan ez
Goenkale esperientzia polita izan zen eta lantaldean zegoen euforia dut gogoan
FITXA
Izenburua. La familia del chivo Froilan.
Aktoreak. Martxelo Rubio, Janfri Topera, Maria Garralon eta Carmen Arche.
Non. Antzoki Zaharrean.
Noiz. Larunbatean 20:00etan eta 22:30ean. Igandean 20:00etan.