San Telmoko museoa hornitzeko 8 milioi jarriko ditu Udalak
Hirigintza
Donostia 2016an Europako Kulturaren Hiriburu bihurtzeko egitasmoaren bulegoa irekiko dute.
x. etxabe
Hiriko proiektuek atzerapenik izan ez dezaten Udal Gobernuak hainbat aurrenkontu aldaketa egitea adostu du. Aldaketa horien bidez, San Telmo museoko lanei indarra eman nahi diete. Museoa barrutik nola antolatuko duten zehazteko eta San Telmok beharrezkoak izango dituen materialez hornitzeko zortzi milioi euro bideratuko dituzte.
Zenbait proiektu indartzeko artengo aurrekontua handituko badute ere, Tabakalerako proiektua aurrera eramateko urte honetarako aurreikusita zuten diru kopurua txikituko dute. Odon Elorza alkateak esan duenez, «diru banaketa aldatuko dugu eta inbertsiorik handienak 2010 eta 2011n egingo ditugu».
Europako Kulturaren Hiriburuaren bulegoa
Tabakalerako proiektu handiarekin batera, Udalaren beste erronka nagusietako bat izango da Donostia 2016an Europako Kulturaren Hiriburu bilakatzea. Izendapen hori lortzeko, Udalak bulego berria osatuko du hiruzpalau langilerekin. Udalak 200.000 euro bideratuko ditu bulegoa eratzeko.
Hipodromoko zubitik Zubietara espaloia egingo dute
Aurrekontu aldaketen bidez, zubietarrek espaloiberria izatea nahi du Udalak. 1.125.000 euroko partidaren bidez, hipodromo ondoko zubitik herriraino doan espaloia egingo dute.
Batetik, hipodromo inguruko espaloia berritzeko milioi bat pasatxo euro inbertiko dituzte. Bestetik, hipodromoa txukuntzeko 1,3 milioi jarriko dituzte.
Molinaon errepidea egiteko milioi bat
Molinaotik sartu eta ateratzeko errepide berria egiteko lanak udazkenean has daitezkeela aurreratu du Odon Elorza alkateak, halaber. Egungo errepidea deserosoa dela eta traba ugari sortzen dituela esan du Elorzak.
Hirigintza arloan bakarrik ez, kirola sustatzeko ere diruz lagunduko du Udala Donosti Cup futbol txapelketa antolatzeko. Hiru urtetarako 82.000 euroko laguntza bideratuko dute.