Monpaseko pasabidearen argiak eta ilunak azaldu dituzte jendaurrean
Ingurumena
Herritarren alegazioak aurkezteko epea hasi denean, pasabideari buruzko eragin ekologikoa azaldu dute.
ion lopez
Monpaseko pasabidea da hirian modan dagoen gaia. Victoria Eugeniako Klub aretoa lepo bete zen atzo arratsaldean Udalak antolatutako aurkezpenean. Pasabidearen proiektua egin ondoren eta jendaurrean ikusgai jarri ondoren, herritarrek beren alegazioak egiteko epea izang o dute hemendik aurrera. Epe hori hasteko, proiektuaren aurkezpena eta Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak agindutako ikerketa aurkeztu dute jendaurrean. Pasabideak ingurumenean izango duen inpaktuari buruzkoa da ikerketa.
Denis Itxaso Udaleko Ingurumen zinegotziak gidatuta, Fernando Ruiz Lacasa, Javier Errea eta Patxi Agirregomezkorta arkitekto taldeko kideak, Ingurumen Ministerioko Fernando Perez eta inpaktuari buruzko ikerketa egin duen Ekolur enpresako Iñaki Urrizalkik eman zituzten azalpenak.
Espainiako Gobernua, ados
Fernando Perezek azaldu zuenez, proiektua egiteko hainbat elkarte eta erakunderekin harremanean jarri da Gobernua, horien artean, Aranzadi Zientzia Elkartea. «Inpaktu Anbientala izeneko azterketa pasatu behar izan du proiektuak aurera egin aurretik. Hau da guk egitea agintzen dugun azterketarik zorrotzena», azaldu zuen Perezek.
Ikerketan azalduko diren gomendio eta debeku guztiak pasabidearen proiektuan sartuko dituztela ziurtatu du Espainiako Gobernuko Ministerioaren ordezkariak.
«Ezin da horrela utzi Monpas»
Arkitekto taldearen buru Fernando Ruiz Lacasaren txanda izan zen ondoren. «Nahiz eta ez oroitu, Monpas oso gaizki tratatua izan den gunea izan da hirian. Bertatik 1946-51 urteen bitartean 100.000 tona harri atera zituzten eta guztiz aldatu zuten lurmuturraren itxura. Harri hori, Zurriolan egin nahi zuten 300 metroko espigoia egiteko erabili zuten baina 300 horietatik 40 besterik ez zituzten egin eta gainera itsasoak guztiz txikitu zuen berehala».
Monpaseko gunean izaten diren luiziak ez direla naturalak esan zuen arkitektoak: «Gizakiak egindako lanek eta txikizioak eragindakoak dira». Pasabidearen ordez, beste alternatiba batzuk aztertu dituztela azaldu zuen Ruiz Lacasak. «Magaleko bidezidorrak zabaldu ditzakegu, baina oso arriskutsua litzateke luiziak direla- eta. Luiziak saihesteko mendi-magala indartu daiteke, baina horrek oso eragin gogorra izango luke mendian eta ingurumenean».
Proiektatu duten pasabidea dela alternatiba onena eta eraginkorrena defendatu du arkitektoak: «Pasabidearekin hainbat arazo kopontzen dira. Oso eragin txikia izango du, hau eusteko erabiliko dituzten 41 euskarriek harkaitzen artean finkatuko direlako eta gainera, mendia finkatzen lagunduko dutelako».
Herritarren kezkak
Ingurumenean pasabideak izango duen inpaktua sakon azaldu ondoren iritsi zen herritarrek galderak egiteko garaia.
Iñaki Alonso egiatarrak nahiko salaketa gogorrak egin zituen erabiliko den hormigoi kopuruaren inguruan: «Uste dut inork ez duela esaten benetan pasabidea nola eutsiko den. Nire kalkuluen arabera 86 metro kubiko
hormigoi erabiliko dira 41 zutoin horiek mendi magalarekin eta harrokekin lotzeko. Pasabidea ia modu magikoan eta inolako eraginik gabe eutsiko dela sinetsiarazi nahi digutelakoan nago». Arkitektuen taldeko ingeniariak, Javier Erreak gezurtatu egin zituen Alonsok azaldutako kopuruak. «Inolaz ere, ez dira horrelako kopuruak izango hormigoiari dagokionez. Euskarriak harkaitzen artetik aterako dira eta hormigoia lurrazpian injektatuko dugu». Alonsok salatu zuenez, pasabidea hiriaren beste ikono eta argazki bat izateko sortuko dute, «beste Kontxako baranda bat izateko eta beste turista bat ekartzeko egingo dute». Zenbait ikuslek txalo zaparradak eman zizkieten proiektuaren aurkako iritziei; beste batzuk proiektuaren aldekoak txalotzen zituzten.
Beste herritar batek azaldu zuenez, «proiektua aspalditik jarraitzen dut, baina nire ustez ingurumenarekin horrenbesteko errespetua izango dela aditzera ematean, erruduntasuna ere nabarmentzen da. Eduardo Chillidak Haizearen Orrazia egin zuenean azaldu zuen bezala, lanak ingurunearekin edo ingurunearen aurka egin behar dira. Nik pasabideari berari emango nioke garrantzia eta ez ingurumenean izango lukeen eraginari».
Pasabideari jarraipena emateko eskaera
Club Vasco de Camping elkarteko presidente Jesus Mari Alquezarrek esan zuenez, «pasabidea egiten bada, erabilpena izan dezala. Sekulako bidezidor ederra dago Monpaseko lurmuturretik gora. Pasabidea bertara iristen bada, mendiarekin lotura izan dezala eskatuko nuke, eta ez dadila irteerarik gabeko gunea izan. Honela mendizaleok erabiliko genukeen tokia izango litzateke».
Ostalarien aldetik Luis Diazek hartu zuen hitza. Pasabidearen aldeko iritzi garbia azaldu zuten: «Aurretik entzun dut pasabidea beste turista bat ekartzeko eraikiko dutela. Ez dugu ahaztu behar Donostiak duen izaera turistikoa eta zerbitzuko hiri bezala duen funtzioa. Guk egin ditugun ikerketen arabera, Monpaseko pasabideak Haizearen Orraziak baino bisitari gehiago erakarditzake Donostiara». Ostalariaren hitzek txalo zaparrada handia jaso zuten, besteak beste, jendartean eserita zegoen Odon Elorza alkatearena.
Ondoren, Xabier Ezeizabarrena EAJko bozeramailearen, Felix Soto Uliako Auzo Elkarteko kidea eta beste hainbat herritarren txanda iritsi zen. Eztabaida plazaratu dute eta datorren hilabeteetan askotan hitz egingo da pasabideari buruz.
«Pasabidea hiriko beste ikur bat, beste Kontxako baranda bat izateko eraiki nahi dute»
«Ostalaritzarentzat oso garrantzitsua izango da pasabidea; Haizearen Orrazia baino gehiago»