Astelehenetik Udaleko webgunea 'garbiagoa eta irakurterrezagoa' da
Udala
Errolda agiriak lortu eta zergak webgune bidez ordaintzen dituen herritarren kopurua nabarmendu dute.
X. etxabe
Udaletxera hurbildu gabe, udaleko tramiteak etxetik egiteko erraztasunak jarri nahi ditu Udalak. Horretarako, www.donostia.org webgunearen itxura berritu dute.
Informazioa lortzeko webgunean murgiltzen ibili beharrean, hasiera orrian topa daiteke orain behar den informazioa.
Webgunea «garbiagoa eta irakurterrezagoa» izateaz gain bestelako berritasuna dituela azaldu du Marisol Garmendia presidentziako zinegotziak. «Webgune berrituak oharren atala du, herritarrek zergak noiz ordaindu behar dituen edota autobus geltokien aldaketa zeintzuk diren jakiteko». Oharrez gain, hiriko edozein helbide edo telefono lortzeko aukera eskuragarri dago webgunean ere.
Bestalde, ordainketak sarean egin nahi dituenak, ordainketak helbideratu edota errolda agiria lortu, begi bistan ditu tramite horiek gauzatzeko aukerak. Erraztasun horiek direla eta, sarean egiten diren eskaera hauek nabarmen egin dute gora azken urtean. Internet bidezko, errolda agiriaren eskaerak 6275 izan ziren iaz eta aurten, 3.019 iritsi dira lehen hilabete hauetan.