Egiako Parkearen babes maila ziurtatu nahi dute ekologistek
Ingurumena
Egiako Parkeak duen babes maila bere horretan uzteko udal taldeen babesa eskatu du Parkea Bizirik elkarteak.
xabier etxabe
Egiako Parkeak babes mailarik altuena du, lehen mailakoa. Honen bidez, parkearen azalera eta izaera historikoa bere horretan utzi behar da. Parke Bizirik talde ekologistak salatu duenez, Plan Orokor berriaren bidez, Udalak Egiako Parkearen babes maila txikitu nahi du, lehen mailatik hirugarrenera igaroz. Aldaketa honek aurrera egin ez dezan Parkea Bizirikek zuzenketa aurkeztu du.
Parkea Bizirik talde ekologistako kide Joseba Gurutz de Vicentek zehaztu duenez, babes maila honen atzean hainbat hirigintza proiektu omen daude. «Udalak Mundaizeko lantegien lekuan luxuzko 200 etxebizitza eraiki nahi ditu, honela, Mundaizeko bidea zabaltzeko egun Egiako Parkeak duen harresia bota nahi dute eta parkeari berea den lursaila lapurtu».
Egia eta Loiola arteko zubia
Hirigintza proiektu hau ez ezik, Egia eta Loiola artean egin nahi duten zubiak parkea eta auzoa kaltetuko dituela salatu dute Parkea Bizirik taldekoek. «Zubi berriarekin Egia kalea egungo Karlos I. hiribidean bilakatuko da», dio Joseba Gurutzek.
Hortaz, Egiako Parkea bere horretan utz dezaten eta gune honek Plan Orokorrean duen babes maila mantentzeko, Parkea Bizirik talde ekologistak aurkeztutako zuzenketarekin bat egiteko eskatu die udal talde guztiei.