Donostiako Piraten musika lehiaketako finalerdiak iritsi dira
Musika
Finalerdietako emanaldi bakoitzean hiru taldek joko dute. Sarrera doakoa eta irekia izango da Antiguako DOKAn.
nerea lizarralde
Donostiako Piraten 2. Musika lehiaketaren finalerdien ordua iritsi da dagoeneko. Krilin (Donostia), Malo (Hernani), Yaw (Donostia), Trigger Travis (Donostia eta Errenteria-Orereta), Mantisa (Zarautz) eta Emon (Bergara) taldeak sailkatu dira finalerdietarako.
Epaimahaiak hautatutako sei talde lehiatuko dira guztira Piraten lehiaketan. Edizio honetan bi finalerdi izango dira eta ondoren finala jokatuko dute. Irabazlearentzako saria 600 euro dira.
Bihar, Krilin, Malo eta Yaw
Orain taldeek maketan aurkeztutakoa zuzenean defendatzeko aukera izango dute eta publikoak eta epaimahaiak talde hauek zuzenean ikusi eta baloratu ahal izango dituzte Antiguako DOKAn. Bi egunetan banatuko dira taldeen kontzertuak: bihar, hilaren 15ean, eta hurrengo ostegunean, hilak 22. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doan izango da.
Rock proposamenak nagusi
Bihar Krilin, Malo eta Yaw taldeak izango dira eszenatokian. Bakoitzak 30-40 minutu izango du zuzenean jo eta beraien musika aurkezteko. Krilin laukote donostiar gaztea da eta Kaliforniako punk-rockaren eragina ere badu bere estiloak. Malo hernaniarrek rock gordin eta ilunagoa egiten dute eta Yaw donostiarrek, berriz, erraietako hard corea. Datorren asteko ostegunean bigarren finalerdia izango da eta bertan Trigger Travis, Mantisa eta Emon taldeak lehiatuko dira finalera iritsi ahal izateko.
50etik gora maketa
Donostiako Piratak oso gustura daude Donostiako Piraten 2. Musika Lehiaketak izandako harrerarekin, bai parte hartzeagatik bai jasotako musika proposamenen kalitateagatik. 50etik gora maketa jaso dituzte. Donostia eta inguruko taldeenak baino gehiago Gipuzkoakoak izan dira nagusi.
Aurkeztutako maketen artean musika estilo nagusia rocka izan da. Klasikoa, metala, hard corea, melodikoa, pop-rocka... Hainbat joeratako rock proposamenak iritsi dira lehiaketara. Donostiako Piratak pozik daude, gainera, material freskoa eta pieza originalak jaso dituztelako.
FINALERDIAK DOKAN
Maiatzaren 15ean. Krilin, Malo eta Yaw taldeen kontzertua, 20:00etan.
Maiatzaren 22an. Trigger Travis, Mantisa eta Emon taldeen kontzertua 20:00etan.