Mugikorrean eraman daiteke euskara-gaztelera hiztegia
Euskara
Euskara- gaztelera hiztegiak 8.000 sarrera ditu eta ordenagailu bidez ere jaso daiteke.
xabier etxabe
Xentimo gutxiren truke euskara-gaztelera hiztegia poltsikoratu daiteke. Hiztegi honek paperezkoak baino pisu txikiagoa du mugikorrean baitago sartuta. Euskararen Udal Patronatuak euskararen normalizaziorako beste urrats bat eman nahi izan du eta euskara-gaztelera hiztegia mugikorrean izateko zerbitzua jarri du martxan.
Hiztegia sakelekoan izateko, sms bat besterik ez da bidali behar. Hiztegia hitza 5464 zenbakira bidalita. 15 bat xentimoren truke nahi adina kontsulta egin ahal izango ditu erabiltzaileak sakeleko hiztegitik. «Zalantzak edonon eta noiz nahi argitzeko sistema» dela azpimarratu du Ainhoa Beola Euskara zinegotziak.
Zerbitzu honen bitartez hiztegiaren erabili errazagoa izateaz gain, euskarazko produktu informatikoen eta eduki digitalen erabilera areagotzea du helburu Euskararen Udal Patronatuak.
Hiztegia hitza idatzi eta 5464 zenbakira bidali
Eleka Ingeniaritza Linguistikoa eta Bluexare enpresek garatu dute hiztegia mugikorretan integratzeko sistema. Iñaki Irazabalbeitia Elekako kideak azaldu duenez, «edozein telefonok deskarga dezake hiztegia». Hiztegia mugikorrean jaso nahi duenarentzat, mugikorrak SMS Premium sistema behar du eta «telefonoen %90ak du sistema hori».
Eskuragarria izateaz gain, euskara-gaztelera hiztegia erabilterraza eta merkea dela aipatu du Euskara zinegotziak. «Erabiltzaileak hiztegia deskargatzeko Hiztegia hitza idatzi eta 5464 zenbakira bidali beharko du; hiztegia jasotzeko 15 xentimo eta BEZa besterik ez da ordaindu beharko». Ordainketa hori eginda, nahi adina kontsulta egin daitezke doan.
Elhuyar hiztegia da erabiltzaileak mugikorrean jasoko duena. Hiztegi mugatua da, ordea, 8.000 sarrera dituelako. «Hiztegiak ez du ez adibiderik ez bestelako azpisarrerarik» dio Irazabalbeitiak.
Hiztegia Interneten ere eskuragarri
Mugikorrean ez ezik, euskara-gaztelera hiztegiari kontsultak Internet bidez egiteko aukera eskaintzen du Euskararen Udal Patronatuak, halaber.
www.euskaraz.net/wap helbidean sartuta, nahi adina kontsulta egin daitezke eta USB baten bidez mugikorrera deskarga daiteke.