Teresa Iturriozek bere azken proiektua aurkeztuko du
Musika
Aventuras de Kirlian edo Le Mans taldeen sortzailea da Teresa Iturrioz; Single Ibon Errazkinekin batera sortutako proiektua da.
nerea lizarralde
Single Teresa Iturriozen proiektu pertsonala da. Aventuras de Kirlian eta Le Mans pop talde independenteetako baxujole eta kanta idazlea izan zen. Orain bakarkako ibilbideari ekin dio baina oraindik ere Ibon Errazkin, Le Manseko kide ohia du alboan, konpositore eta ekoizle gisa. «Ibonek esaten dit bera nire laguntzailea dela baina lagundu baino gehiago egiten dit, niretzat Single biok gara. Ibon hamaika proiektutan murgilduta dago eta ez du astuna izan nahi, beharbada horregatik nahiago du bigarren plano batean geratzea», esan du Iturriozek.
2006an aurkeztu zuen Singlek Pio Pio izeneko lehenengo diskoa. Le Mansen bidea berreskuratu eta popa berrasmatu zuten, reggae eta country-pop, R&B, tecno-pop eta hip hoparekin. Gaur gaueko emanaldian disko honetako eta aurretik kaleratutako lanetako abestiak joko dituzte. Gustuko dituzten taldeen kantuak ere ez dira faltako. Single-eko kide den Tito Pintadok (bere bakarkako elektro pop proiektua , Anti, aurkeztuko du kontzertuaren lehen zatian.
Iturriozek lehen aldiz joko du Gazteszena aretoan. «Ikusle moduan makina bat aldiz joan naiz eta kontzertuak egiteko oso aproposa iruditzen zait. Gainera programazio berritzailea du eta mota askotako publikoa erakartzeko gai da», dio Iturriozek.
FITXA
Kontzertua. Single eta Anti.
Noiz. Gaur, 21:00etan.
Non. Egia kultur etxea.
Sarrera. 7 euro.
Aventuras de Kirlianetik Le Mans-era
1986an sortu zuen Teresa Iturriozek Donostian Aventuras de Kirlian taldea Ibon Errazkin, Peru Izeta eta Jone Gabarainekin batera. Young Marble Giants edo hasierako Talking Heads eta 60. ko hamarkadako talde psikodelikoen eragin nabarmena izan zuen. Musika minimalista sortu zuten eta beste hainbat pop talderen erreferentzia izan ziren. Taldearen debutaren ondoren Le Mans izena jarri zioten taldeari. Klubeko musikarekiko interesa piztu zitzaien eta nahasketa elektronikoz osatutako diskoa argitaratu zuten. Japon, EAB edo Argentinan ere arrakasta handia izan zuen Le Mansek.