Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko uztailak 4, Ostirala

Harpidetu zaitez!

GORKA URBIZU ð- Berri Txarrak

«Donostian oso publiko fidela daukagu, gogotsu gatoz»

Musika

Lekunberriko Berri Txarrak hirukotea gaur izango da zuzenean Gazteszenan 20:30ean Cobra taldearekin batera.

nerea lizarralde



Gorka Urbizu, Mikel Lopez eta Aitor Goikoetxea. Euskal Herriko rock talde indartsuenetakoa da Berri Txarrak. Zertarako amestu? bira luzean murgilduta daude. Munduko hainbat herrialdetan jotzeko aukera izan dute dute eta gustura daude publikoaren harrerarekin. Gaur Donostiako jarraitzaileekin izango dute hitzordua.

Nolakoa izango da gaurko kontzertua?

Zuzenekoan bilatzen duguna energia truke bat izaten da, guk dena eman eta publikoak ere bere indarra itzul diezagun. Horretarako jarrera da garrantzitsuena, zuzenekoetan diskoek duten sentsibilitatea biderkatu egiten da, bai indarra, bai momentu intimoagoak ere. Cobrarekin ez dugu sekula jo, baina taldekideak aspaldi ezagutzen ditugu beste proiektutan ibili izan direlako: Kokein, Pi LT, Seiurte... diskoa entzun dugu eta itxura ona dauka.

Zertan zabiltzate azken boladan?

Zertarako Amestu Tour izeneko biran gaude murgilduta, abuztua arte luzatuko dena. Iazko Abenduan aurkeztu genuen dokumentalaren karietara eginiko bira da. Estatuan barrena hasi ginen, Suitzara joan eta Euskal Herrian kontzertu bakan batzuk baino ez dira izango. Jendearen harrera harrigarria izaten ari da.

Munduko hainbat herrialdetan izan zarete. Kontzerturen bat, eszenatokiren bat... ba al duzue bereziki gogoan?

Taiwan eta Nikaraguako jendea azpimarratuko genuke ororen gainetik. Eskenatoki bakar bat aipatzea zaila egiten zaigu: Dublin, Amsterdam... baina baita bertakoak ere. Gazteszena, adibidez, lehenengo diskotik bilatu dugun tokia da eta dena delakoagatik gaur arte ezin izan dugu hemen jo, gogotsu gatoz, ikusle gisa sarri etorri izan baikara hona eta gustuko dugun aretoa da.

Disko berria noiz?

Disko berria, amaituta dagoenean, orduantxe grabatuko dugu, ez dugu ezer behartu nahi. Egia da udatik aurrera burubelarri jarriko garela idazten, eta dena ondo badoa 2009ko lehen erdian prest egoteko moduan beharko genukeela, baina auskalo. Inspirazioarekin inoiz ez da jakiten...

Donostian Sagues edo Trinitate plazan jo izan duzue. Nolakoa izan da publiko donostiarraren erantzuna?

Donostian oso publiko fidela daukagu, asko eta asko dira bertatik idazten diguten zaleak. Sagueseko jendetza harrigarria izan zen, baina esango nuke Trinitate plazak baduela zerbait berezia. Gainera, Piraten jarduna eta antzekoak asko miresten ditugu, herritik ateratako ekimenak direlako, ofizialetatik kanpo. Eskerrak beraiei lerrootatik.

Banda Bassotiri lehengo astean ez zioten Madrilen kontzertua egiten utzi, zuek ere boikota sufritu behar izan duzue behin baino gehiagotan, horrek bere horretan jarraitzen al du?

Gezurra badirudi ere, hortxe dagoen kontua da. Abuztuan Burgosen kontzertu bat daukagu Banda Bassottirekin eta jadanik hasi dira Democracia Nacional eta antzeko falangezaleak bazterrak astintzen. Zoritxarrez, gure musikari egiten zaion jazarpena, beste jazarpen handiago baten atal bat baino ez da, begira bestela Gestorak, Egunkaria, 18/98... Jopuntuan gaudela argi dago, gure hitzekin ondo goazenaren seinale.

Nola ikusten dituzue euskaraz abesten duten beste taldeak? Zer irudipen daukazue?

Izugarria da dagoen talde kopurua. Oro har, nik osasuntsu ikusten dut eszena. Egia da batezbesteko maila nahiko altua dela eta hortaz, nabarmendu nahi duenak zerbait gehiago egin behar duela. Baina hori positiboa da, aurrera egiten duena benetan ona dela esan nahi duelako.

Kerobia taldea SGAEtik banandu eta abestiak doan zintzilikatu ditu sarean. Zer pentsatzen duzue gai honen inguruan?

Aurretik ere bazegoen bide hori hartzea eta badaude talde asko SGAEri muzin eginda mugitzen direnak. Bide bata zein bestea errespetagarria iruditzen zaigu, baina ez bata bestea baino hobea, edo azkenaldian zabaltzen ari den irudi lauso hori: bata guaya da, bestea ia faxista. Guri musikariak bere kantuak egitearren etekina ateratzea zilegi iruditzen zaigu, ateak, koadroak, tuberiak edo gidoiak egiten dituenak etekina aterako duen bezalaxe. Orain, horri uko egin nahi dionik bada, aurrera, bakoitzak jakingo du berea denarekin zer egiten duen. Agian egin beharko litzatekeena da behingoz musikarien elkarte bat sortu eta gai hauen inguruan zerbait bateratua prestatu, edo agian ez, nork daki.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa