Herri azoka, bazkari herrikoia, kalejira eta bertsoak euskararen alde
Egia
Egia Euskaraz Eguna antolatu dute auzoko hainbat taldek hilaren 24an , larunbata, Plaza Haundin.
r. perez
Egia Bizirik Auzo Elkartea, jai batzordea, Antxeta haur txokoa, Euskal Herriak Euskaraz, Aitor eta Lauaizeta ikastoletako guraso elkarteak, Arrano, Ur Zaleak eta Donosti Gain, Kriseilu... Auzoko hainbat talderen ekimenez egingo dute hilaren 24an, larunbata, Egia Euskaraz Eguna. Goiz eta arratsaldez jarduera asko egingo dituzte Plaza Haundin.
Ekimena aurkeztu zuten atzo aipatu taldeetako zenbait ordezkarik. «Euskara Egiako hizkuntza da, eta horregatik aukeratu dugu
Lingua vascorum, Lingua Egiarum leloa». Bi urtean behin antolatu nahi dute Egia Euskaraz Eguna, Korrika egiten ez den urteetan hain zuzen. «Euskararen presentzia bermatu eta erabilera sustatu nahi dugu. Finean, gure hizkuntzaren normalkuntzan urratsak eman», azaldu zuten. Eguerdian haur eta gazte tailerra izango da eta baita euskararen aldeko kalejira ere. 14:30ean herri bazkaria izango da eta jarraian herri kirolak. Eta azkenik, bertso saioa.
Auzotarrei laguntzeko deia
Eguna antolatzen diharduten taldeek azaldu dutenez, hainbat dendatan kutxak utzi dituzte, auzotarrek diruz lagundu diezaieten. Honakoak dira toki horiek: Karmeno Ama kaleko Ogi Berrin, Kata tabernan, Pitxiak, Armendariz eta Eizmendi dendetan eta Mandasko dukearen kaleko optikan.