Bertsolaritzaren transmisioa eta zabalkuntza helburu
Bertsolaritza
Maiatzaren 20an eta 28an jaialdia egingo dute ikasleek Victoria Eugenia Antzokian.
xabier etxabe / nerea lizarralde
Ikasleen ahozko komunikazioa lantzea, sormena bultzatzea, jendaurrean hitz egiteko lotsa kentzea... Komunikatzaile onak sortze eta bertsozaletasuna piztea da, hain zuzen, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea eta
Ahozkotasuna eta bertsolaritza ekimenaren helburua.
10 eta 11 urteko bitarteko 3oo ikasle Donostian
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak
Ahozkotasuna eta bertsolaritza programa abian jarri zuen lehen aldiz ikasturte hasieran. Proiektua eskoletako irakasleekin elkarlanean landu dute eta 10 eta 11 urte bitarteko haurrekin egin dute lan. Donostian bost ikastetxek parte hartu dute, guztira 300 ikasle: Amara Berri, San Luis-La Salle, Santo Tomas, Intxaurrondo Hegoa eta Ikasbide. Gipuzkoan 86 ikastetxe eta 6.000 haur daude ekimen honen barruan.
Programa eskola orduetan ematen da, astean behin eta ordu betez. Hamabostean behin bertsolari bat joaten da eskola ematera eta etxekolanak uzten dizkie ikasleei. Ondoren eskolako tutorea arduratzen da ikasleek bertsolariek emandako lana egin dezaten. Aitor Mendiluze bertsolaria izan da, besteak beste, bertsolari eta irakasle lanetan: «Eskola hauek ez dira soilik bertsoak egiten ikasteko. Sormena, inprobisazioa, lotsa kentzea... Bertsoarekin kontaktuan jartzen ditugu eta ahozkotasunarekin oro har. Zein gabezia eta trebetasun dituzten jabetzeko ere balio du. Idazlan bat egiteko irudimena duten, amari bat batean aitzakia bat jartzeko gai diren...».
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak programaren kostuaren %70a hartu du bere gain eta datozen urteetan diruz laguntzen jarraitzeko asmoa azaldu du. Ekimena ikastetxe gehiagotara zabaltzea eta 9 eta 12 urte bitarteko haurrekin l an egitea izango da hurrengo pausoa.
Victoria Eugenian, erakustaldia
Maiatzaren 20an eta 28an ikasturte osoan egindako lana jendaurrean erakusteko aukera izango dute Victoria Eugenian egingo diren bi jaialdietan. Ikastetxe bakoitzeko taldeek beraien bertsoak eta ideak plazaratuko dituzte bertan.