Herri lanak atseginez hartzeko kanpaina jarri du Udalak abian
Hirigintza
11 obretan 30 kartel jarriko dituzte lanak sortuko dituzten eragozpenen aurrean «baikor» izateko.
xabier etxabe
Lanak bukatutakoan... irrifarreak sortuko dira eslogan horrekin herritarren konplizitatea lortu nahi du Udalak. Izan ere, lan mordoxkak herritar askoren artean sor ditzakeen haserreez jabetuta, komunikazio kanpaina berezia jarri du Udalak martxan. Eslogan hori herri lan guztietan ikus dadin, egunotan 30 kartel jarriko dituzte hirian abian dauden 11 obretan.
Karteletako ezpainek irudikatzen duten umore onez hartu beharko dute, besteak beste, Buenavistan edo Herreran bizi direnak bertan gauzatzen ari diren lanen ondorioz. Burdinezko zubia kentzeko lanean ari dira eta horrek ere hainbat buruhauste eragin ditu amaratar eta Amaratik dabiltzan herritarren artean. Bertan, eraikiko dituzte, hain zuzen, bosgarren eta seigarren zubi berriak. Odon Elorza alkateak iragarri duenez, 2009ko eguberritarako bukatuko dituzte bi zubiak, Urumeako autobidearekin batera.
Kanpaina honek ere Okendoko, Kataluniako edo Cervanteseko aparkalekuen inguruan dabiltzan herritarren konplizitatea bilatu nahi du. Okendoko lanek Erdialdean sortzen dituzten buruhausteak 2009rako bukatuta egongo direla dio Elorzak. Bestetik, uda honetan, herritar eta bisitariek ez dituzte Cervantes eta Katalunia plazetako aparkalekuetan eragozpenak uda honetan jasango, hurrengoan baizik.
Lan hauek sortuko dituzten trabak bizilagunentzat izango dituen onurekin alderatuz, trabak txiki geratuko direla aipatu du Elorzak. «Lanen bidez, autoak uzteko 1.300 bat plaza berri sortuko dituzte. Cervantes eta Katalunia aparkalekuko plazen erdia bizilagunentzat izango dira, gainera».