Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko azaroak 21, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Reyes Karrere ð- Akaba Bera Berako entrenatzailea

«Talde batek ezin du inoiz goia jo, bestela hil egiten da»

Eskubaloia

Akaba Bera Berak historiako denboraldi onena egin du Reyes Karrereren zuzendaritzapean, datorren denboraldirako taldean aldaketa gutxi egongo dela uste du.

naroa balsategi



Entrenamenduetako azken astea dute Akaba Bera Berako jokalariek. Klubeko eskubaloi atalak, dena dela, lanean jarraituko du datorren denboraldiari begira. Reyes Karrere entrenatzaileak egindako denboraldiaren inguruan hitz egin du IRUTXULOKO HITZArekin. Gustura dago lortutakoarekin, izan ere, Akaba Bera Berako historiaren denboraldi onenaren arduradunetako bat izan da, baina argi eta garbi dio «gehiago» nahi duela.

Eusko Jaurlaritzan harrera egin dizuete, baita Udalean, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere. Zer geratzen zaizue?

Gutxi ¬barrez¬. Ia-ia leku guztietan egon gara eta toki hauetan ondo hartu gaituzte eta alde horretatik, pozik gaude. Horrelako harrerak zerbait lortzen denean egiten dira. Aurten lortu dugu eta iaz ere Akabak Espainiako Kopa irabazi eta harreraren bat edo beste egin zioten.

Liga hasi aurretik iazkoa errepikatu edo gainditu nahi zenuela esan zenuen. ABF Ligan laugarren postua lortu nahi zenuen aurten... Liga bukatuta zein da egiten duzun gogoeta?

Ona, oso ona. Jarri ditugun helburu guztiak, ia-ia bete egin ditugu. Batez ere Europan, gure helburu nagusia final-laurdenetara iristea zen eta finalerdian kanporatu gaituzte. Alde horretatik ondo. Espainiako Kopa nahiz eta ez irabazi, hirugarren aldiz jarraian egon gara finalean; eta Superkopa irabazi dugu. Ligan, bestalde, hasieran ihes egindako puntuen falta sumatu egin dugu. Garaiz ziurtatu genuen bosgarren postua, baina psikologikoki laugarren postua gorago egotea litzateke.

Denboraldi hasieran Ligaren erritmoa hartzea kostatu zitzaizuen.

Nik uste azken sei-zazpi urteetan gauza bera gertatu zaigula. Hasieran kaxkar ibili ginen eta okerrena ez da hori izan, baizik eta puntu garrantzitsuak galdu egin ditugula Marina Park edota Alicanteren kontrako partidetan bezala. Liga bukaeran pixka bat gorago egoteko puntu baliagarriak izan dira hasieran galdu egin ditugunak. Horixe izango da datorren denboraldirako izango dugun lana; guk daukagun estiloarekin kostatzen zaigu sasoi puntu egokia hartzea. Gure lana liga hasieran, sasoi betean ez egon arren, partidak ez galtzea izango da. Aurten ere faltan bota ditugu hasierako puntu horiek.

Beste txapelketetan jokatu dituzuen norgehiagoka guztiak ABF Ligarako oztopo izan al dira?

Ez dut uste, gure taldea den taldea delako. Niretzat ez da oztopo; bi edo hiru txapelketa jokatzea ez da inoiz oztopo izango, are gehiago motibazioa da hor egon behar dugulako. Leku horietan guztietan ondo egoteko, agian Ligan hobeto ibili behar gara. Alegia, beheko taldeen kontra lasaiago egon behar dugu, azkenean beheko, erdiko zein goiko taldeen kontra jokatzen dugunean sufritzen dugulako. Arazoa gurea da, ez txapelketa kopuruarena.

Horrelako denboraldia espero al zenuen?

Helburuak jartzen direnean gora begiratzen da, laugarren postua ez zen erraza, baina gora begiratu nahi genuen. Batez ere Europan kanporatu ditugun taldeak oso garrantzitsuak zirela uste dut. Guk ere hor jarri dugu maila altua, gure aurrekontuaren bikoitza zuten taldeak kanporatu ditugulako. Superkopa ere etxean irabaztea garrantzitsua izan da; ez dut esango espero nuela baina helburuak jartzen ditugunean pixka bat gorago begiratzen dugu. Hain biribila, agian ez nuen espero. Baina nik hala ere, ligako laugarren postu horretara ez iritsi izanaren pena badut ¬bosgarren geratu dira¬.

Akabak goia jo al du?

Kirol talde batek ezin du inoiz bere sabaia ikusi, bestela hil egiten da. Datorren urterako ondo aztertu behar dugu zein talde geratuko zaigun. Ez dut esango Europako final batera iritsi behar dugunik, baina hor ibiltzen saiatuko gara. Gutxienez lehian aurten bezain gustura ibili nahi dugu.

Zale edota hedabideekin, esaterako, aldaketarik nabaritu al duzu?

Bai, nabaritzen da. Aurten hedabideetan askoz ere gehiago atera gara eta ez dut inoiz horrelakorik sentitu eta ezta ikusi ere. Argi dago medioetan azalduta zale gehiagorengara iristen garela. Brasov-en kontra jokatu genuenean, esaterako, pertsona asko kiroldegira sartu ezinik geratu ziren. Horrelakorik ez dugu inoiz ikusi, eta modu honetan ere taldeak izkutuko lan bat egin duela ikusi da. Eta nola ez, medioak ere hor izan dira. Hor ikusi da komunikabideetan ateratzeko emakumezkoen eskubaloi talde batek egin behar dituen gauza guztiak. Ikuskizuna aurreko urteetakoaren parekoa izan da, baina tratamendua, aldiz, diferentea.

Kaletik gelditu al zaituzte?

Bai. Eta ez pare bat pertsonek bakarrik. Guk uste genuena baino gehiago. Akaba Bera Bera zer den jendeak badaki, pertsona askok ezagutzen dute... Kanpotik barrurako harreman hori ikusi da eta alde horretatik oso pozik gaude.

Bost fitxaketa egin zenituzten udaran. Puchek, fitxaketetako batek ez du espero bezain beste jokatu.

Gure taldean jokatzea oso zaila da. Erritmo aldetik zaila da, talde honek bloke gisa lan egiten denbora asko daramalako. Fitxaketek ohitura eta erritmo horietara egokitu behar dute eta ez da batere erraza izan.

Taldea azkenekoz utzi zenuenetik, aldaketa asko ikusi al duzu?

Alde egin nuenean, urtebeteko hutsune horretan, taldeak aurrera egin zuen. Ekonomikoki egonkorra da, pauso txikiak baina sendoak ematen ditugu orain. Gu bezalako talde batentzat oso garantzitsua da. Gainera, hemendik lauzpabost urtera izan nahi ditugun harrobiko jokalariak izateko proiektu iraunkor bat izan nahi dugu.

Datorren denboraldian harrobiko jokalaririk ikusiko al da?

Espero dugu baietz. Gure harrobia bereziki Gipuzkoa da, baina Euskal Herri osora zabaltzen dugu. Hartuko ditugun jokalari gazte horiek oso argi izan behar dute proiektua lauzpabost urterako dela. Seguru asko gutxi jokatuko dute, baina trebatzen joango dira eta horixe izan da talde honetan Tati Garmendiatik hasita Libe Altunaraino jokalari guztiek jarraitu duten bidea. Pazientzia izan behar da eta gainera, harrobiko lana egiteko goi mailan dagoen taldeak ere ondo egon behar du. Bestela ez da harrobirik izango.

Aldaketa asko egongo al da?

Bizpahiru fitxaketa egingo ditugu. Ana Petrinjak eta Montse Puchek taldea utziko dute ziur. Gainontzean ez dakit, badakit jokalari batzuk pentsatzen ari direla eta orain negoziaketetan daudela, baina uste dut gehienez bik edo utziko dutela. Aldaketa nabarmenik ez da izango.



 


Jokalariak, hitz bakarrean



Zulai Agirre. Gogoa.

Patri Pinedo. Indarra.

Monche Puche. Esperientzia.

Yolanda San Roman. Bizitasuna.

Tati Garmendia. Inspirazioa.

Libe Altuna. Planifikazioa.

Veronica Valverde. Sendotasuna.

Ana Petrinja. Indarra.

Natasa Krnic. Gogoa.

Eider Rubio. Lana.

Esme Lopez. Kalitatea.

Patricia Aisa. Etorkizuna.

Johana Bouveret. Etorkizuna.

Raphaelle Tervel. Grina.

Matxalen Ziarsolo. Bizkorra.

Reyes Karrere. Langilea, esango nuke...







 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Erakusketa

Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
EGIA, Tabakaleran - 2008-10-24

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa