Pablo Laso: «Motibazio eta presio gehiagorekin gaude»
Saskibaloia
Lauko Finala irabazteko gakoa «defentsa sendoa eta jokalari bakoitzaren abilezia» dela esan du.
naroa balsategi
Asteburu honetan jokatuko du Bruesa GBC-k LEB Ligako Lauko Finala. Gaur erabakiko da Bruesak Caceresen izango duen aurkaria. Pablo Laso entrenatzaileak taldea ondo dagoela adierazi du, «norgehiagoken ondoren izaten diren ohiko gainkargak daude, baina besterik ez. Gure helburua Lauko Finalera ahalik eta hobekien iristea da».
Aurkaria oraindik erabakita ez badago ere, entrenatzaileak gogoko aurkaririk ez duela esan du: «Gure helburua partidak irabaztea da; ez digu ezertarako balio lehenengoa irabaztea bigarrena galtzen badugu, beraz, edozein dela ere aurkaria irabazi egin behar dugu». Bestalde jokalariei motibaziorik ez zaiela falta esan du Bruesa GBCko entrenatzaileak, «Espainiako Koparekin alderatuz motibazio gehiago dute baina baita presio gehiago ere. Dena dela aste honetan ez dugu ezer berezirik egingo partida prestatzeko. Etxetik kanpo jokatuko dugun norgehiagoka bezala prestatuko dugu Lauko Finala».
Taldea konfiantzarekin
Lauko Finala denboraldi osoko lanaren ondorio dela argi utzi nahi izan du Lasok: «Taldea konfiantzarekin dago. Urte osoko lanaren ondorio da Lauko Finala, gainera egindako denboraldiaren ondoren badakigu txapelketan ondo jokatu eta irabazteko gai garela».
Hala eta guztiz ere, urtea luze egiten ari zaiela adierazi du Bruesa GBCko entrenatzaileak. «Talde guztioi urtea luze egiten ari zaigu, gainera, buruan duzun helburua urruntzen ikusten duzunean kontzentrazioa galtzen duzu. Nire jokalariak, dena dela, motibazioz ondo daude eta badakit larunbaterako ez dudala ezer berezirik egin beharko».
Defentsa, irabazteko gakoa
Lasoren arabera, Lauko Finaleko partidak irabazteko defentsa sendoa izatea behar -beharrezkoa da. «Partidak erabakitzeko, hala ere, jokalari bakoitzaren abilezia oso garrantzitsua da».
Denboraldiari dagokionez, egindako lanarekin pozik dago entrenatzailea. «Joko mota desberdina erabiltzen duten taldeei aurre egin diegu. Taldeak partidaren nondik norakoak ikusten jakin izan du; Tenerife eta Lleida bezalako talde azkarrak izan ditugu aurkari eta baita partida etengabe mozten duen Los Barrios bezalako taldeak ere». Oro har, taldeak hainbat gauzetan hobetu egin duela esan du Pablo Lasok.
Akatsak zuzenduz
Igandeko IRUTXULOKO HITZAn, Bruesak Rosaliaren kontra 77-72 galdu zuela argitaratu zen. Emaitza zuzena 73-74 izan zen.
Espainiako Saskibaloi Federazioaren webguneak zuzenean eskaini zuen birtualki partida, eta azken minutuetan akatsak izan zituzten markagailuarekin. Informazio okerrarekin sortu ahal izan diren eragozpenak barkatu.