
80. hamarkada erdialdean izan zen lehenengo boom-a eta, orain, hogei urte geroago, berpiztu da skateboardingerako grina. Monopatinez josi da Donostia; kontrakulturak hartu ditu hiriko kaleak.
Filosofia irristakorra
Igone fdez. mariezkurrena
Orain 50 bat urte, Ameriketako Estatu Batuetako surflari eroren bati otu zitzaion ohola itsasotik atera eta lau gurpil gehitzea; hala jaio zen skateboardinga. Epe motzera, munduko hainbat herrialdek inportatu zuten modalitate berria eta gurera ere iritsi zen, orain hogei urte inguru. Lehenengo eztanda haren ondoren, beheraldi txikia eta orain, berriz ere, bigarrena boom-a heldu omen da.
Hala, oharkabean, Artzai Onaren ingurunea edota Miramongo parkea monopatinez bete dira, skatezale amorratuenen paradisu bihurtu dira. Edozein eskailera, baranda edo zintarrik balio dezake; labaintzea eta akrobazia ikusgarrienekin ausartzea baita helburua. Estiloa, erabat librea. Anoeta eta Intxaurrondo ere dira kirol irristakor hau maite dutenen gotorleku, bertako skateparkek eskaintzen dituzten aukerek erakarrita koadrila handiak biltzen baitira porlanezko U-en inguruan.
Dena dela, mundu hau barren-barrenetik bizi dutenek skateboardinga ohola, gurpilak eta porlana baino gehiago dela sinesten dute: nork bere burua erretratatzeko modu bat, adierazpide bat.
Kontrakultura
Hippy eta punkyena bezalaxe, skaterrena ere kultura gainartzailearen aurka, haizearen kontra, doan mugimendu alternatiboa da. Halakotzat dute haiek bere burua. Kalean ernaltzen da, batez ere eremu urbanoetan eta, gaztea den heinean, izugarrizko energia igortzen du.
Gertatu ohi denez, berehala heldu dira estereotipoak eta segidan skateboarda hiri-tribu jakin batzuekin lotzeko joera. Hip-hopa, graffityak, galtza zabal eroriak eta bisera zeharka daraman mutikoa datorkigu bat-batean gogora, baina gurpil gainekoa uste baino unibertso anitzagoa da. Hiriko edozein txoko maldatsutan begira jartzea besterik ez da behar horretaz jabetzeko. Ustez gizonezkoena da kirola, baina usteak erdiak ustel, eta oso pixkanaka bada ere, honetan ere hasi dira neskak muturra sartzen. Baldintza, denentzako berbera: malgutasuna, psikomotrizitatea eta potentzia; nolanahiko gorpuzkerak ez baitu balio arrapaletan gora eta behera, saltoka, aritzeko.
Autodidaktak
Honetan imitazioa eta burugogorkeria dira giltzarri, kalea baita ikastegia. Eskarmentudunek egiten dutena ikusiz ikasten dute berriek eta behin eta berriz, setatsu, mugimendu berberak errepikatuz lortzen dute hobetzea. Horren lekuko isilak dira Donostiako kaleak. Baina, geroz eta gehiago, ia jaioberria den zinemagintza urbanoa ere bihurtzen ari da patinatzaileen inspirazio iturri. Filmetatik edota dokumentaletatik hartzen dituzte trikimailu ereduak eta izar handiak buruan egiten dute aurrera.
Badirudi, hortaz, urteekin skateak salto kualitatiboa eman duela eta ari dela, apurka, kirol eta baita ere kultur arloan merezi duen tokia hartzen. Horren adierazgarri da aurten bost urte beteko dituen Street Zinema Ikus-entzunezko jaialdia; gazte eta artisten hiri kontrakulturen topagunea. Badirudi, hortaz, errotzen ari dela geurean monopatinaren kultura eta, surfarekin gertatu bezala, bere egin duela Donostiak.
Hiriko skaterrak
«Ongi pasatzen dudalako patinatzen dut»
Oscar Rodriguez
Asturias, 24 urte
«Gutxi gara, baina neskok ere badugu maila ona»
Izadi Edo
Egia, 23 urte
«Urtebete darmat honetan baina hobetzen ari naiz»
Martin Moreno
Igeldo, 11 urte
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.